Emakumeak eta pilotariak

Emakume master cup

Emakumeak eta pilotariak

Martxoaren 27an Irungo Uranzu frontoian jokatuko dira Binakako Emakume Master Cup txapelketako finalak

Amaia Núñez Yarza
Azken urteetan emakumeen pilota partidak ikustea gero eta ohikoagoa da. Urtarriletik Binakako Master Laboral Kutxa txapelketa jokatzen ari da. Emakumeen pilota txapelketa aitzindaria da hau, aurten seigarren edizioa duena. «Lehenago ez zen txapelketarik. Hau da txapelketarik garrantzitsuena, aitzindaria eta pilotari guztiek parte har-tzen dute», azaltzen du Iker Amarika antolatzaileak. Izan ere, Emakumea Master Cup-en jokatzeko ez da federatua egon behar, «edozein emakumek parte hartu dezake, lizentzia federatua izan edo ez. Zuk aisialdi moduan pilotan jokatzen baduzu, pilotan jokatzea gustatzen bazaizu, izena eman dezakezu txapelketan eta parte hartu».



Pilotariak bi maila nagusitan jokatzen dute, pilota goxua eta mistoa. Horietako bakoitzean gazteen eta senior kategoria, goxuaren kasuan; eta, mistoan, gazteak eta elite kategoria daude, azken hau «pilotari onenak jokatzen duten maila»; guztira lau mailatako txapelketa antolatuz. Pilotariak klubak ordezkatzen dituzte, baina pilota goxua binaka edota bakarka inskribatu badaitezke ere, mistoaren kasuan bakarka izena ematen dute eta antolakuntzak osatzen ditu bikoteak «ahalik eta lehiaketarik orekatuenak lortzeko».

Parte hartze handia

Jokoan dagoen Binakako Emakumea Master Cup seigarren edizio honetan azken urteetako parte hartzea mantendu ahal izan dute eta 84 pilotari ari dira lehian, 42 bikotetan. «Orain dela bost urte hasi ginenean izena emate txikiagoa eduki genuen, baino gaur egun gora doa. Gainera ikusten ari gara emakume edo neskatila gazte asko pilotan ari direla, eskola ezberdinetan neskatila asko sartu direlako joka-tzera eta neskatila horiek orain, txapelketa honi esker, aukera dute esku pilotan jokatzen jarraitzeko».

Emakume pilotariak adin maila zabala hartzen dute. «Nagusien mailan 16 urtetik 48 urtera» daude eta duela urte batzuk Reyes Azkoitia pilotari bergararrak ere parte hartu zuen, 68 urterekin. Jatorria ere anitza da eta ez daude Gipuzkoarrak eta Bizkaitarrak soilik: errioxarrak, nafarrak, aragoikoak, kataluniakoak eta iparraldekoak ere jokatzen dute. «Hor lortzen duguna da emakume pilotariak batzea txapelketan».

Jardunaldiak irekiak dira eta Bizkaia zein Gipuzkoako frontoietan jokatzen ari dira. Maila bakoitzeko bikoteak hirunakako taldetan banatu dira, asteburu bakoitzean hiruen arteko ligaxka jokatuz. Hauetan irabazle suertatzen dena sailkatzen da finalerdietara. «Hor jokatu diren bikoteetako bat baliteke finalera sailkatzea. Asteburu batean irabazten baduzu, gero beste jardunaldi bat edukiko duzu eta irabazten baduzu, finalerako sailkatu ahal zara», argitzen du. Partiduak 18ra jokatzen dira, pilota mistoko elite mailan ezik, 22ra direnak.



Finalak zuzenean

Txapelketa urtarrilean hasi zen eta datorren martxoaren 27an jokatuko dira finalak Irunen, Uranzu pilotakeluan. Finalerdiak martxoaren 13an jokatuko dira Lezon. Gainera, azken urteen antzera, finalerdiak eta finalak ETBn ikusi ahal izango dira zuzenean. Frontoira joatea nahiago dutenentzako, berriz, sarrera doakoa izango da. «Helburua emakumeen esku pilota sustatzea delako. Asmoa ez da sarrera kobratzea», argitzen du Iker Amarikak.

Binakako txapelketaren ondoren, dena den, ez dira emakumeentzako lehiaketak amaitzen, urte guztiko egitaraua antolatzen baitute Emakume Master Cup zirkuituaren baitan. Apirilean eta maiatzean Nafarroako Txapelketa antolatuko da, izena emateak irekiak dituena; ekainan eta uztailan San Fermin Torneoa, uztailan eta abuztuan Plazandreak saioa, irailean Logroñoko San Mateo Torneoa, eta urritik abendura Banakako Emakumea Master Cup Txapelketa. Azken bi urteetan egutegi hori gorabeheratsua izan bada ere, aurrerantzean, murrizketen amaierarekin espero dute «normaltasun batean sartzea eta ea hemendik aurrera parte hartze handiagoa daukagun».



Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta