Jokin Altuna: «Ikasi dut partidu bat galdu eta hondoratzen bazara hurrengo partidurako okerragoa dela»

Jokin Altuna entrenamendu batean

Jokin Altuna: «Ikasi dut partidu bat galdu eta hondoratzen bazara hurrengo partidurako okerragoa dela»

Jokin Altuna > Pelotaria

Amaia Núñez Yarza

Oso gazte, lau urterekin, hasi zen pilotan Jokin Altuna. Hori gutxi balitz, ia egunero zegoen frontoian gainerako pilotarien entrenamenduak ikusten, «ama piano irakaslea da eta Amezketako frontoian ematen ditu klaseak. Xalton Zabala entrenatzaileak ni han ikusita esan zidan ea hasi nahi nuen. Arratsaldero meriendatzera igotzen nintzen eta gero zaharragoen entrenamenduak ikusten egoten nintzen», gogoratzen du orain.

-Betidanik izan zara aurrelari?

-Hamabi urtera arte edo atzean jokatzen nuen. Ordura arte ez da jokatzen bat aurrean eta beste atzean, baizik bat ezker paretan eta bestea eskuinekoan. Niri ezker pareta defendatzea tokatzen zitzaidan. Beti lagunekin jokatzen nuen, David, Julen, Ander, Eric… Kuadrillakoak gara eta beti doaz partiduetara. Orduan orain profesionalak diren batzuei irabazi genien eta beraiek beti esaten dute horiei irabazi zietela.

-Pilotak ere aldatzen doaz adinarekin.

-Bai, goxuarekin hasten zara eta gero takoak, zailagoa da. Lan gehiago da. Bederatzi edo hamabi urterekin jende askok jokatzen du pilotan, baina gero DBHn hasten zarenean futbolean jokatzen ere hasten zara. Niretzat ere errazagoa da taldean futbolean jokatzea frontoira joatea baino, edo partiduak galtzen dituzunean bakarrik itzuli behar duzu etxera. Bakoitzak bere alde onak eta txarrak ditu, baina niretzat pilota adin horretan futbola baina gogorragoa da. Lagun askok utzi zuten, helduagoekin entrenatu behar nuen. Ikasteko balio dizu, eta nik argi neukan inoiz ez nuela utziko.

-Piloten pisuak zerikusirik badu?

-Ez, piloten diferentzia duen botean dago, duen grazian. Pilota batek besteak baina bi gramo gehiago pisatu dezake, baina lurrean ez ibili hainbeste, ez du graziarik eta igual errazago jartzen dut. Beste pilota batzuk gutxiago pisatzen dutenak, baina asko ibiltzen direnak, igual pilota horretara jartzea kosta egiten zaizu eta azkar ibili behar zara. Gaur egun garrantzia handia ematen zaio eta jendea ikusten egoten da pilota aukeraketa dagoenean, zer pisu duten komentatzen dute, honi hau gustatzen zaio, honi bestea… Ez da hainbesterako.

-Zuri zein datorkizu hobeto?

-Ez dut gustuko pilotarik. Ez zaizkit baxuegiak ezta biziegiak gustatzen. Segun zein pelotariren aurka jokatzen duzun, badakizu berak beste pilota batekin jokatzea nahiago duela, ba orduan bakoitzera moldatu behar zara. Beti esaten dut, biziagoa edo motelagoa, araudiaren barruan sartzen bada, hau da, jokatzeko ona bada, ezin da aitzakiarik jarri.

Lau t’erdiko txapela

-Finaleko momentu batean aldagelara sartu zinen.

-Derrigorrezko bi atsedenalditan, hamabian eta hemezortzian, bi tantoz atzetik nindoan eta tanto horiek nahiko gaizki jokatu nituen. Bera baino hobea izaten ari nintzela ikusten nuen, baina tanto horietan ez nuen ondo egin. Berotuta nengoen, lasaitzera joan nintzen, nire burua animatzera, entrenatzaileekin eta botileroarekin egotera. Hainbeste jenderekin, soinutik aldendu nahi nuen pixka bat, atera eta berriro kontzentratzeko.



-Abesten zeudenak eragina al dute?

-Ohitu egiten zara. Egia da lehenengo aldiz tokatzen zaizunean dena berria egiten zaizula. Niretzat esperientzia hori edukitzea 20-21 urterekin, etorkizunera begira ona izango da, interesgarria. Pilotari handia izan nahi baduzu, egun horietan jokatu behar duzu eta jendearen iskanbila guzti horretara ohitu behar zara.

-Nolako pilotari ikusten duzu zure burua?

-Askotan neure buruari galdetzen diot. Momentuan lore asko entzuten dituzu eta aurretik oraintxe nagoen lekuan esango balirateke egongo nintekeela, ez nuen imajinatu ere egingo. Beti esaten dut, neure ametsa da urte pilo bat, ahal dudan urte gehiena segitzea hor goran pilotan. Uste dut momentu honetan pilotari ona naizela, baina neure buruari ikusten dizkiot hobetzeko gauzak eta horretarako entrenatzen dut.

-Hain gaztea izanik, esperientzia hartzen zoaz.

-Dudarik gabe. Urte gehiago dauzkan jendeak, lagundu eta aholkatu nahi zaituenak beti esaten dizu, eta nik beti esaten dut, gaur egun pilotaririk hoberenak gehiago eman dutela 28-30 urterekin 21ekin baino. Hogeita batekin asko jokatzen duzu, baina gero fisikoki osatuta zaude, mentalki ikusten duzu gogorragoa zarela. Horregatik esaten dut esperientziak ere laguntzen zaituela.

-Zu hemezortzirekin pasa zinen profesional izatera.

-Gauza asko datozkizu burura. Gero ohitu egiten zara gauzetara, txikia zinenean imajinatu ere ez zenituenak egiten. Hamasei urterekin edo hasi nintzen Asperekin entrenatzen eta itxaropena daukazu. Ni baino jende gogorragoa ikusten nuen, errespetua diezuna, zaila ikusten da baina pausoz-pauso. Beldurra banuen, hemezortzirekin dena berria zen eta, horretaz gain, pilotan 30-35 urteko jendea dago. Gogorra da eta ez da erraza. Ezta mentalki ere. Ikasi dut partidu bat galtzen baduzu eta hondoratzen bazara hurrengo partidurako okerragoa dela, eta gehiago kostatzen zaizula buelta ematea. Garrantzitsuena hurrengo egunean entrenatzera joatea da, berriro sentsazio onak hartzeko.

-Zer esango zenieke hasten dauden haur horiei?

-Esan orain ondo jokatzen ikusten nautela baina gaizki pasa ditudan momentuak ere izan ditudala. Orain ere ez naiz oso mutil handia, baina hamalau urterekin gainontzekoak asko luzatu ziren eta txikiagoa nintzen. Beraien aurka jokatzen nuenean beti galtzen nuen eta triste itzultzen nintzen etxera. Aitak beti esaten zidan ‘jokatzen segi behar duzu, azkenean iristen da, igual beranduago haziko zara…’. Beti animatu didate. Garrantzitsuena da, kirol bat gustuko baduzu, disfrutatzea eta ez obsesionatzea profesionaletara iristearekin. Hori iristen bada, iristen da eta garrantzitsuena disfrutatzea da. Egun aita asko ikusten dira irabaztearekin obsesionatuta.

 


Idatzi zure iritzia

Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta