Adunatik barrena

Adunako plaza, ibilbidearen hasiera. Núñez

Adunatik barrena

Adunako lurrak zeharkatzen dituen ibilbide erraza osatuko dugu baserrien artetik

Adunako bi auzoak lotzen dituen ibilbidea izango da oraingoan. Herriko plazatik aterako gara eta eliza inguratuz, Villabonatik igotzen den herriko sarrerara jaitsiko gara. Bertatik, beherantz jarraituko dugu metro batzuk aurrera eginez, eta ezkerretara dagoen bidetik joango gara.

Errepideak maldan behera egiten du zertxobait. Hasieran espaloitik joango gara eta ondoren, errepide ertzetik jarraitu beharko dugu. Beti bide nagusitik joango gara, baserrietarako bideak jarraitu gabe, eta oinez ordu laurden inguru daramagunean, Apakintza baserrira iritsiko gara. Bertatik, segituan Zubitxiki industriagunera aterako gara.

Eskuinerantz jarraituko dugu ibilbidea, Andoainera doan errepidetik. Biribilgunean errepidea gurutzatuko dugu, eta Ageramundu baserriaren aurretik igaroz, aurrerantz egingo dugu. Hamar minutu oinez egin ondoren, espaloiaren amaierara iritsiko gara, eta errepidearen beste aldean, mendian gora igotzen den zementuzko bidea ikusiko dugu. Bertatik igoko gara, denbora gutxian desnibel nahikoa gaindituz Lardi auzora iritsi arte.

Frontoiaren atzeko aldetik sartuko gara Lardira, ondotik pasa eta ezkerrerantz jarraituko dugu bideak. Garbileku baten ondotik pasa eta segituan auzoaren sarrerara iritsiko gara. Eskuinerantz jaisten den errepidetik jaitsiko gara.

Minutu gutxian berriro ere Zubitxiki industriagunera azalduko gara. Oraingoan, errepide nagusia eskuinerantz jarraituko dugu, herri-guneraino igotzen den espaloitik. Hamar minutu inguruko bidea osatuko dugu aldapan gora eta biribilgunetik zuzen jarraituz, metro batzuk aurrera eginez Adunako plazan bukatuko dugu ibilbidea.

 

  • Iraupena: 45 m.
  • Zailtasuna: ertaina
  • Desnibela: 74 m.
  • Distantzia: 2,8 km.
  • Irteera: Adunako plaza

Inguruan

Adunako eliza

Jasokundeko Andre Mariaren eliza 1599. urtean eraiki zen, eta hurrengo mendean egindako erretaula nagusia dauka, Pedro Latijerak egindakoa. Nabe bakarreko eraikina da, baina alde banatan kapera bana dauzka, ziurrenik ondorengo mendeetan eraikitakoak. Ezkerrean Jesusen Bihotzari eskainia eta eskuinean Errosarioko Andre Mariari eskainia daude. Antzina eliza gehienetan familia bakoitzak bere tokia zuen, baita eliza barruan hilobi propioa ere, eta Adunan ere bai. Bataiarriaren ondoan dago banaketaren oroigarria. Kanpandorrearen silueta bereizgarria da, Gipuzkoan eliza gutxitan ikus baitaiteke horrelakorik. 1903an eraiki zen egungo dorrea XVII. mendetik zegoena ordezkatuz.

Lardi auzoa

Herri gunetik kanpo, Lardi auzoan dago etxe eta baserri gehien elkartuta. Zubitxiki industriagunean dago Lardira igotzeko bihurgunea, Aduna bezala mendi-kaskoan kokatzen baita. Etxeen erdian, frontoi txiki bat dago, plaza antzeko bat osatuz. Inguruan, garbileku bat dago, zorrozteko harri bat ondoan duela.

 




Torrea baserria

Adunako plazan, udaletxearen ondoan, dago kokatuta Torrea baserria. Izenak agerian uzten duen moduan, Erdi Aroan du jatorria etxe honek, XIV. mendean hain zuzen. San Millan leinu zizurkildarrari lotutako dorretxe bat zen, eta beraz, eliza baino lehenago izan zen eraikia lehenengoz. Horren erakusle da ate nagusiko klabean dagoen ezkutua. Hala ere, egungo eraikina XVI. mendean eraikitakoa da, ondorengo mendeetan aldaketak jasan baditu ere. 1615 urtean Martinez de Isasik egindako zerrendan Adunako hamasei dorretxeen artean izendatzen du.

San Jose lorak

Udaberria iristen ari denaren seinale dira San Jose lorak. Normalean martxoaren erdialderako atera ohi dira eta hortik datorkie ere izena, hilaren 19an ospatzen den santuari eskainitakoa. Lore hauek normalean kolore hori argia izan ohi dute eta sortatan ateratzen dira, mendi magal eta hezeetan batez ere. Primulen familiakoak dira eta Europa hegomendebaldean zein Afrikako iparrekialdean edota Asiako hegoekialdean ere aurkitu daiteke.

 



Inguruan ibilbide gehiago ezagutu nahi badituzu, hemen dituzu batzuk:

Vistas de Andoain desde Sorabila. Núñez

Andoain eta Sorabila artean ibilbidea

Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta