Ixkier ur-jauzia ezagutzen
Basoetan hainbat altxor ezkutu daude gordeta, askotan herrietatik gertu; horietako bat ezagutzeko ibilaldia egingo dugu gaurkoan
Nafarroak herri xarmangarri ugari ditu, baina, gainera, bertako basoek altxorrak ezkutatzen dituzte, hala nola Ixkier ur-jauzia. Ibilbide laburra da, baina nahiko malda du Mugiroko basoetan barrena eta Larraun ibaiaren ertzetik.
Ibilbidea Mugiroko aparkalekuan hasiko dugu, ostatuaren ondoan, eta errepide nagusitik ezkerrera joko dugu. Berehala, eskuinetara irteten den landa-bidea ikusiko dugu, eta handik jarraituko dugu.
Minutu gutxi barru, lehenengo bidegurutzera iritsiko gara, eta, han, eskuineko bideari jarraituko diogu, eta ibairantz jaisten hasiko gara. Berehala, aldapa handi samarra hartzen du bideak, eta, behera iritsi arte, aldapan behera jarraituko dugu, kontu handiz.
Azken zatian, Plazaolako trenaren antzinako tunel baten gainetik igaroko gara, eta berehala bidegurutze batera iritsiko gara. Bi aldeetako edozeinetatik jaitsi gaitezke, bide berera irteten baitira. Behean, eskuinerantz jarraituko dugu, Plazaolako Bide Berdetik.
Bideak laua izaten jarraitzen du minutu batzuetan, eta gero metro gutxiko aldapa bat igoko dugu. Gora iritsitakoan, bost bat minutuz ibiliko gara, eta errota-parkera iri-tsiko gara. Ezkerretara, Ixkier ur-jauzira jaisten den bidea ikusiko dugu.
Itzulera bide beretik egin dezakegu. Ibilbide zirkularra egin nahi badugu, aurrera jarrai dezakegu basoko bidetik. Bost bat minuturen buruan, beste tunel batera iritsiko gara, hura gurutzatuko eta bideari jarraituko diogu bidegurutze batera iritsi arte. Kasu honetan, eskuineko bidetik igotzen hasiko gara Mugirora itzultzeko. Jaitsieran bezala, aldapa bat igo beharko dugu, nahiko malda duena, herrira iritsi eta zeharkatu egingo dugu, irteera-puntura iristeko.
- Iraupena: 30 min.
- Zailtasuna: ertaina
- Distantzia: 2,4 km.
- Desnibela: 69 m.
- Irteera: Mugiro
Inguruan
Errotarriak
Eskaileretatik ur-jauzira jaisten hasi aurretik, errotarri multzo bat dago bidearen goiko lursailean, Ondare Kultur Taldeak berreskuratutakoak. Larraun ibaitik aterata daude. Era berean, ibaian berreskuratutako harriekin egina dago Mugiroko frontoiaren ondoan dagoen iturria, Ixkier Iturri izenekoa. Kixmi Kultur Taldeak eraiki zuen 1989an, Mugiroko Kontzejuaren babesarekin.
Ixkier ur-jauzia
Larraun ibaiak mendez mende eratu du harana bere indarrarekin. XX. mendearen erdialdera arte errotek harriak mugitzeko eta artoa edo garia ehotzeko erabili zuten berbera. Mugiron hiru irin-errota egon ziren: Goiko Errota, Ixkier eta Arotza. Bakoitzak bi harri pare zituen. Hirurek kalte handiak jasan zituzten 1953ko uholdeetan, eta abandonatu egin zituzten. Ixkier ur-jauziaren ondoan errotaren aztarnak ikus daitezke oraindik.
Plazaolako trenbidea
Plazaola trena Larraun ibaiaren ondotik igarotzen zen Donostiatik Iruñerako bidaian. Guztira 94,6 kilometroko bidea egiten zuen. Gaur egun, ibilbidearen zati 75 kilometro inguru Bide Berde gisa berreskuratu da, nahiz eta tunel batzuk beren egoera txarragatik itxita dauden. Mugiroko zatian ibaiaren ertzetik doan ibilbidearen zatia bizikletaz edo oinez ibiltzeko egokitutako Bide Berdearen zati da.
Intsusa
Intsusa bederatzi metroko altuerara irits daitekeen zuhaixka bat da. Bere generoaren barruan, intsusa beltza da espezierik ohikoena, osasunerako onuragarriak diren bere ezaugarriengatik ere erabiltzen dena. Loreak korinbo lauetan biltzen dira eta baia beltz bat ematen dute. Loreak zein baiak jangarriak dira helduak daudenean, bestela toxikoak dira eta beraiekin infusioak edota marmeladak prestatu ohi dira. Gainera, zati batzuekin erredurentzako eta zaurientzako ukenduak prestatzen dira.
Harpidetu zaitez Txantxangorriko papereko alera, edizio digitaleko errepotaje guztiekin gehi errezetak, eskulanak, gure colaboratzaileen artikuluak eta gehiago! Egin klik hemen.
|
Jarrai gaitzazu sare sozialetan: (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu. |








