Santa Agedatik Santa Marinara
Gipuzkoa barnealdeko paisaia ikusgarriez gozatzeko aukera paregabea emango digu, Urola bailaratik Goierrialdera igaroz
Mendi beraren bi ikuspegi ezagutuko ditugu ibilbide honetan, Santiago Bideko bide gipuzkoarraren zati bat eginez. Beizamako Santa Ageda gainetik abiatuko gara, iritsi bezain pronto ezkerratara dagoen bidea hartuz, Pagorriaga alderantz. Aldapa behera hasiko dugu bidea eta minutu gutxian Arreta baserrira iritsiko gara.
Bide nagusia jarraituko dugu, bihurgune antzeko bat eginez, eta aldapa behera leunarekin jarraituko dugu. Segituan, basoan sartuko gara, eta ia hogei minutuz zuhaitzen artean ibiliko gara, ibilbide ia lauarekin.
Basotik ateratzean, ia ordu erdiko ibilbidea eginda, begiraleku antzeko batera iritsiko gara, ezkerretara bide bat duena, hurrengo basora sartu baino lehen. Bide horretan behera joango gara, eta bertatik jada ikusiko dugu gure helmuga den Santa Marina auzoa.
Hasierako zatia nahiko aldapatsua da, baina segituan leunduko da eta minutu gutxian basotxo batera iritsiko gara. Aurrera jarraituz, harrizko bidea Txapartegi baserrian bukatzen da, eta hortik aurrera, belarrezko mendi bidetik jarraituko dugu. Pixka bat aldapa gora egingo dugu hasierako metroetan, eta ondoren berriro ia laua izango da.
Mendi bidea bidezidor bilakatu eta segituan bidegurutze batera iritsiko gara. Eskuinetik jaitsiko gara, kontuz ibili beharreko harrizko bidetik. Minutu gutxi beharko ditugu Larrañaga baserrietara iristeko.
Baserriaren atarira iritsi eta aurrera jarraituko dugu bertaraino iristen den errepide nagusitik. Bideak ez du galerarik hemendik aurrera, zementuzko bidean gora egingo dugu Santa Marina auzoko lehenengo baserrietara iritsi arte. Bertan, eskubitara baserrien artetik jaisten den bidetik joan gaitezke, Ospital etxeak eta elizak osatzen dute plazatxora zritsiz, edo ezkerretatik jarraitu dezakegu, errepide nagusira atera arte. Elizara eskubitara joz iritsiko gara. Itzulera bide beretik egin dezakegu, edo zirkularra egin nahi izanez gero, errepidetik joan gaitezke.
- Iraupena: 1 O. 10 m.
- Distantzia: 4,9 km.
- Zailtasuna: erraza
- Desnivela: 180 m.
- Irteera: Santa Ageda (Beizama)
Inguruan
Basagain trikuharria
Santa Marinara iristeko bidegurutzea baino ehun bat metro aurrerago, Basagain tumulua dago, neolito garaikoa, Brontze Arokoa. 1927an aurkitu zuten Telesforo Aranzadik, Joxe Migel Barandiaranek eta E. Egigurenek. Urte horretan bertan induskatu zuten, eta lignitozko disko-kontuaren zati bat baino ez zuten aurkitu. Tumuluak 14 metroko diametroa eta metro bateko altuera izan behar zuen, inguruko hareharriz egina. Lekua seinaleztatuta badago ere, gaur egun suntsituta dago. Basagain tumulua Murumendiko estazio megalitikoaren barruan dago, lau tumuluz eta bost trikuharriz osatua.
Txapartegi baserria
Gipuzkoar baserri tradizionala da Txapartegi, XV-XVI. mendeko eraikuntzen zurezko fatxada mantentzen duena. Beizaman dago kokatua, Albizturrekiko mugatik 500 metro ingurura, eta baserri tradizionala da. Bi isurkiko teilatua du, eta egitura lurraren maldari egokitzen zaio, Txapartegigañako hegalean. 665 metroko tontorra da, eta oharkabean pasatzen da bidetik igarotzean. Gaur egun inguruko zuhaitz gehienak pinuak edo pagoak badira ere, Txapartegi toponimoak ‘haritz txikien lekua’ esan nahi du.
Done Jakue bidea
Barnealdeko Bidearen etapetako bat ibilbidearen zati batetik igarotzen da. Hernani eta Zegama lotzen dituen ibilbidea Tolosatik egin daiteke, edo Lasartetik Zizurkilera iritsi eta Bidanian amaitu. Hirugarren etapan, Argisaingo Santa Marinatik Beizamara igaro eta, Murumendi ondotik pasa ondoren, Goierrirako bidea hartzen da. Bidean erromesentzako hainbat argibide aurkitzen dira. Larrañaga Goikoa baserritik Txapartegi aldera doan galtzada monumentu-multzo izendatuta dago.
Txilarra
Daboezia kantauriarra txilar arruntenetako bat da, eta San Daboeceko txilarra edo txilar bizkaitarra ere esaten zaio. 50 cm inguruko altuera duen zuhaixka da, eta hosto txikiak ditu, txandaka, adar tente eta iletsuekin. Loreak zintzilikariak dira, purpura edo more kolorekoak, eta 6-15 loreko mahats-sortetan egoten dira. Tutu-formakoak dira, 1,5 cm ingurukoak.
Harpidetu zaitez Txantxangorriko papereko alera, edizio digitaleko errepotaje guztiekin gehi errezetak, eskulanak, gure colaboratzaileen artikuluak eta gehiago! Egin klik hemen.
|
Jarrai gaitzazu sare sozialetan: (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu. |











