Tomas Ibarra: «Hango esperientzia ez dut ezerengatik aldatzen»

Tomas Ibarra artzain lanetan

Tomas Ibarra: «Hango esperientzia ez dut ezerengatik aldatzen»

Bi saiakeren ondoren, hirugarrenean lortu zuen Tomas Ibarrak Estatu Batuetara artzain joatea, «oso harro» sentiarazten duena: «egin nuen zerbait nik nahi nuena»

Agurtzane Núñez Yarza

XIX. mende erdialdetik milaka euskal gazte joan ziren Ameriketako Estatu Batuetara, lan hobe baten bila. Artzantza izan zen ogibide nagusia eta migrazioa XX. mendera arte luzatu zen. Bereziki indartsua izan zen 1950-60ko hamarkadatan. Kontratuak hiru urte ingurukoak ziren eta asko itzuli egin ziren; beste asko han geratu ziren bere familia osatuz. Haurtzaro guztia Zubietan egin ondoren, hamaika urte betetzeko hilabete falta zuela aita hil eta Tomas Ibarrak ordura arte ezagutzen zuen mundua hankaz gora jarri zitzaion. «Lezon lan egiten zuen. Hiletara joan ginen eta ez ginen Zubietara bueltatu, jaietan bakarrik», gogoratzen du.

Urteetan, herrira bueltatzen zenean betiko bizilagunek egiten zutena egin nahi zuen, nolabait bera ere zubietarra izaten jarraitzeko, eta horien artean zegoen artzain joatea: «Orduan gazteak basomutil joaten ziren Suitzara edo artzain Ameriketara, eta nik Zubietakoek egiten zituzten gauzak egin nahi nituen». Izan ere, kalean bizi baziren ere, aurrena Lezora eta urte batzuk beranduago Errenteriara joatean, inguru guztiz erdaldunarekin topo egin zuen, eta ez zuen bere burua eroso aurkitzen. «Lagunak banituen, kuadrila egin nuen, baina…», azaltzen du.

Gaztaro guztia artzain joatearekin amestu ondoren, bizitzak ez zion erraztu Ameriketarako bidea: «Hirugarrenean joan nintzen. Lehenengoan hamasei urterekin, Kontsulatura joan nintzen lagun batekin, azterketa antzeko bat egiten zuten ardiei buruz eta biok pasa genuen, baina niri ez zidaten baimena eman nortasun agirian ‘pastor’ jarri behar zuelako eta nerean ‘aprendiz’ jartzen zuelako, fabrikan egiten nuelako lan».

Hogei urterekin berriro saiatu zen, «baina ingurukoen presioak gainditu zidan. Mundu guztiari esan nion eta ‘ez zaitez joan’ esaten hasi zitzaizkidan, eta azkenean geratu egin nintzen, maleta prest nuela». Ameriketara joateko arrazoietako bat soldaduskatik libratzea zen. «Horretarako 29 urtera arte egon behar zenuen kanpoan, etxera bakarrik hiru hilabetez etorrita». Baina bera, etxetik urrun bizitzen ikasteko soldadutzara joan zen, Melillara. «Lankide batek lortu zuen helbidea», gogoratzen du.

Azkenean, 27 urterekin joan zen artzai. «Inori ez nion esan, etxean bakarrik. Gainera, lantegian ere arazoak nituen, ni mundu oso euskaldunetik nentorrelako, eta inguru guztiz erdaldunean nengoen, ez nengoen gustora».

Hiru urte eta erdi eman zituen Ameriketan, «oso harro nago egin nuenaz, ze azkenean egin nuen nahi nuen zerbait», azpimarratzen du. Hala ere, hango artzantza ez da hemengoaren parekoa. «Han artaldeak igual 2.000 ardikoak dira, eta mendian libre egoten dira. Ni hasieran Coloradora joan nintzen, Mendi Harritsuen bihotzera. Martxo hasieran iritsi nintzen, parizio betean. Bi hilabetez arkumeak jaiotzen, lehenengoan artegian baina bigarrenean mendian, eta egunean igual ehundik gora jaiotzen ziren», azaltzen du.

Mendian urrira arte egoten ziren, gizendu eta saltzen zituzten arte. «Gu geunden tokira ez zen ibilgailurik iristen eta errefuxiatuen kanpamendu horien antzeko bat genuen, etxe bateko oinarrizko gauzekin. Astean behin etortzen zen gizon bat gutunekin eta aurreko astean eskatzen genizkion erosketekin, eta hurrengo asteko eskaerak jasotzen zituen, bestela janaririk gabe geratzen zinen», azaltzen du. Hala ere, inguruan animaliak baziren eta eskopeta zuten behar izanez gero, bai defentsarako zein ehizatzeko. «Harrapakariekin ez nuen arazorik eduki. Hori bai, koioteak toki guztietan zeuden, mendian 4.000 metrotara eta 400 metrotara»

Lau artzain eko taldetan zeuden banatuta. «Bat sukaldaria zen. Beste bat ardiak zaintzen egoten zen eta beste biak, bidean uzten genituen artaldeak begiratzen joaten ziren». Izan ere, arkumea zuten ardiak eta umatu ez zutenak bananduta eduki behar zituzten arkumeak pixka bat koxkortu arte, «bestela ardiak artaldearekin joaten direlako umea utzita». Horregatik, ardi eta arkume batzuk elkarrekin jartzen zituzten, besteengandik aldenduta, elkar ikusten ez zuten lekuan.




Artzain gehienak euskaldunak ziren, baina hala ere, ingelesa ikasten saiatu zen. «Hiztegi nahiko ikasi nuen, baina belarri oso txarra daukat eta ez nuen hitz egiten ikasi. Irratiko iragarkiak entzutearen poderioz banekien zertan ari ziren, baina Californian egon nintzenean, ez nuen ulertzen zergatik dena ‘el ei’ bukatzen zen, LA, Los Angeles zela konturatu nintzen arte».

Izan ere, herriko lagun batek Californian artaldea zuen, eta urritik martxora berarekin lan egitera joan zen, martxoan Coloradora bueltatzeko baldintzarekin. «Han urrian ziren parizioak eta martxora arte egoten ziren mendian. Ni basamortuan egon nintzen, baina 1.500 metroko altueran. Bardenak bezalakoa zen. Hasieran pentsatzen nuen ‘eta hemen, zer jango dute ardiek?’ baina urarekin han dena ateratzen da. Belar mototsak zeuden han hemenka, eta tokiz mugitzen joan behar zenuen, hurrengorako hazteko denbora emateko», dio.

Duela urte batzuk Euskal Artzainak Ameriketan Museoa sortu zuten Elgorriagan, bera bezala herritik joan ziren gazteen bizipenak hurrengo belaunaldiei ezagutzera emateko. «Malerrekatik 200 bat joan ginen eta artzain bakoitzaren argazki bat dago jarrita». Urtero egiten dute ere bazkari bat. Bera izan zen Amerikerata joan zen azken belaunaldikoa eta museora joaten diren bisitetan parte hartzen du ahal duenean.

Harpidetu zaitez Txantxangorriko papereko alera, edizio digitaleko errepotaje guztiekin gehi errezetak, eskulanak, gure colaboratzaileen artikuluak eta gehiago! Egin klik hemen.


Jarrai gaitzazu sare sozialetan: (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu.




Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia