Orexatik Gaztelura ibilbidea

Orexatik Gaztelura ibilbidea

Orexatik Gaztelura ibilbidea

Orexatik Gaztelura ibilbidea Orexako Errebote plazatik abiatuko dugu eta etorri garen errepidetik beherantz jaitsiko gara. Lehenengo bihurgunera iristerakoan, bihurgunean bertan, eskuinera pasabide bat ikusiko dugu, bertatik pasa eta bidean aurrerantz egingo dugu.

Hasieran bidea ia laua da, baina segituan aldapa behera egingo du pixka bat, jarraian aldapan gora hasteko. Pinudi baten artetik igoko gara eta minutu gutxian bidegurutze batera iritsiko gara.
Ezkerrean, beherantz, doan bidetik jarraituko dugu. Jaisten jarraituko dugu eta, bidean, menditik jaisten diren hainbat erreka ikusiko ditugu.

Laster bidea ia laua bihurtuko da, eta aurrera eginez, beste mendiko bide batekin topo egingo dugu eskuinetara. Ondotik igaroko gara, baina aurrera jarraituko dugu bide nagusitik.

Minutu batzuk ibili ondoren, zuhaitzez inguratutako borda batera iri-tsiko gara. Ondotik pasa eta bidean aurrera egingo dugu. Laster, Tolosaldeko bailara ikusten hasiko gara, Leaburu, Hernialde eta atzean Hernio mendia.




Bidegurutze batera heltzen garenean, aurrerantz eta aldapan gora doan eskuineko bidetik jarraituko dugu. Bideak gora egingo du hurrengo metroetan, pinudi baten artetik.

Gora iristen garenean lehenengo baserriak ikusten hasiko gara eta segituan, aldapan behera hasiko gara. Laster, mendi bidea zementuzkoa bihurtuko da, eta Gazteluko herrigunera sartuko gara. Borda eta baserri batzuen artetik jaitsiko gara, bidegurutzean eskuinera joanez, eta minutu gutxian errepide nagusira iritsiko gara. Eskuinerantz joango gara plazara iristeko.

  • Iraupena: 1 o.
  • Zailtasuna: erraza
  • Desnibela: 119 m.
  • Distantzia: 4,6 km.
  • Irteera: Orexa

Inguruan

Orexako errebote plaza

Herriguneko baserri eta etxeek osatzen duten plazaren izena Errebote plaza da. Nahiz eta gaur egun bertan jokatzen ez den, agerian daude pilotan jokatzeko erabiltzen zeneko zantzuak. Udaletxe zaharraren eraikinaren azpian dago botarria, balkoiaren azpian. Egoera txarrean badago ere, oraindik irakurri daiteke bertan zizelkatutakoa, hau da, plaza 1847 eta 48. urteetan egin zela. Gaur egun aparkalekua dena, berriz, jokalekua zen eta beste aldean dago erreboteko pareta. Atzean eraikitako pilotalekuak, hain zuzen, Errebote-Atze izena darama.

Santa Kruz eliza

Orexako herrigunean dago Santa Kruz eliza. XVI. mende inguruan eraiki zen, nahiz eta ondorengo mendeetan ere hainbat lan erantsi zitzaizkion. Hori dela eta, gaur egun bi arkupe ditu. Erretaula nagusia XVII. mendekoa da, Juan de Basayaz maisuak egindakoa. Kanpandorrea ere eraikineko zati esanguratsua da. Bertan dauden erlojuak herriko Jaundabarren baserrian jaiotako Jose Ignacio Zubillaga Zubeldiak eraiki zituen. Zubillagak Bonifacio Yeregui erlojugilearekin ikasi zuen, eta guztira 42 erloju eraiki zituen, gehienak Gipuzkoan.

 




Gaztelu

Bailaren arteko lautada batean kokatzen da Gaztelu. Plazaren ondoan dauka frontoia eta atzean Jasokundeko Andre Mariaren eliza. Leaburuko errepidearen ondoan dago kokatuta, berriz, udaletxea, eta gertu dago antzinako garbilekua. Eliza XVI. mendean eraikia izan zen. Sarrerako arkupeak, ondoan zimiterioa duela, itxura berezia ematen dio eraikinari. Antzinako baserri eta etxe ugari geratzen dira oraindik ere herrigune inguruan. Horien artean nabarmentzen dira udaletxea bera, hiru arkudun arkupearekin, Seroretxe, 1871 urteko eguzki-erlojua duena, Erretore etxea, baita Zapatari, Aginaga Bekoa, Iriarte, Erreginenea edota Enreki baserriak.

Juan Inazio Goikoetxea ‘Gaztelu’ren eskultura

Gazteluko plazan, Seroretxe eta elizaren arteko eskilaren ondoan, Juan Inazio Goikoetxea ‘Gaztelu’ idazlearen omenezko eskultura dago. Gaztelu Bordatxuri baserrian jaio zen 1908ko maiatzaren 5ean, eta 1983ko urtarrilaren 6an zendu zen. ‘Yakintza’ aldizkarian hasi zuen ibilbidea, eta Auñamendi argitaletxean eta itzulpengiltzan aritu zen, eta hainbat aldizkarietan argitaratu zituen lanak. Frai Luis de Leongoaren eta San Joan Gurutzekoaren olerkiak ‘Musika ixilla’ liburuan argitaratuz. Gainera, olerkari gisa hainbat sari jaso zituen, tartean Irun Hiria bi aldiz.

 



Inguruan ibilbide gehiago ezagutu nahi badituzu, hemen dituzu batzuk:

Axurdario-Urkita mendilerroa. Núñez

Lizartza eta Orexa arteko Axurdario-Urkita mendilerroa

Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta