Gailurrerantz mendi kluba: «Auzolanik gabe mendi kluba ez zen existituko»

Gailurrerantz mendi kluba.

Gailurrerantz mendi kluba: «Auzolanik gabe mendi kluba ez zen existituko»

Aurten 50 urte bete ditu Zaldibiako Gailurrerantz mendi klubak

Amaia Núñez Yarza

Elkarte batean bazkideek egiten duten lana baloratzea ia ezinezkoa bada ere, balioan jartzea merezi duen zerbait da. Mende erdira iristea ez da erraza eta Zaldibiako Gailurrerantz mendi elkarteko zuzendaritzak urte guzti hauetan elkarteko kide izan diren guztiak eduki nahi izan ditu kontuan, «auzolanezko giro gabe ez zen elkarterik izango».

Mendi elkartea herriko gazte talde batek sortu zuen 1960ko hamarkadaren erdialdera. «Garaiko egoera zela-eta, legezko elkarte bat sortzeko aukera bakarretakoa mendi elkartea sortzea zen», azaltzen du zuzendaritzak. Horrela, elkarteak 50 urtetan garapena izan badu ere, mendizaletasunarekin lotutako elkartea izan da. Muinean, bi alor bateratzen ditu: batetik irteerak antolatzen ditu mendi ezberdinetara, bai probintzian zein kanpoan, Errioxa, Pirinioak, Picos de Europa… eraman dituzte bazkideak; eta bestetik, Aralarko txabola baten arduradun dira.

Izan ere, Gailurrerantz mendi elkartearen berezitasuna Aralarren txabola bat kudeatzea da. Oiduiko saroian artzai-txabola baten eskubidea du 1971. urtetik. «Garai hartan txabola hori erabiltzen zuen artzainak utzi egin zuen eta gazteek Enirio Aralarko Mankomunitateari eskatu zioten. Ikusi zuten leku polit bat zela elkartzeko ingurune horretan. Ordutik, zuzendaritza ezberdinak igaro dira eta txabolaren kudeaketarekin jarraitu da; herriko 180 bazkideren artean gestionatzen dugu», zehazten dute. Eraikinak mankomunitateko txabolen egitura tradizionala jarraitzen du eta zati pribatuaz gain, eguraldi txarra edo larrialdiren bati aurre egiteko mendizaleentzako sarrera ere badu, bere mahai eta su-bajuarekin.

Txabolaren erabilera mendi elkarteko bazkideei zuzenduta dago, baina inguruan lan egitera joan izan diren ikertzaileak ere bertan egin izan dute egonaldia, baita eskualdeko eskola batzuetako ikasleek ere. «Txabola ezagutzen duten eta harreman zuzen xamarra duguna», argitzen dute. «Batez ere bazkide garen herritarrok, gero han daude lan batzuk egitekoak, egurra egin behar da, mantenimendu lanak daude…» eta ingurunea ezagutzea beharrezkoa da arazorik ez egoteko.

Aurten, berrogeita hamargarren urteurrena zela eta, mendi elkartearen historian eta bilakaeran zentratutako ekitaldiak antolatu zituzten. «Mendi elkarte hau auzolanean martxan daukagun gauza bat da eta 50 urte osatu ditugun honetan joan gara hori azpimarratzera, bestela mendi elkarterik ez litzatekeelako izango», azpimarratzen dute.

Hori dela eta, lehenengo ekitaldia elkarteko sortzaileek eskainitako hitzaldia izan zen, garai hartan Gailur Arunts bezala errejistratu zen mendi elkartearen lehenengo urratsak azaldu zitzaten. Gainera, gaur egunera bitartean elkarteko kide izan diren hainbat pertsona elkarrizketatu zituzten eta guztiekin ordubeteko bideoa osatu zuten. Herri Antzokian egin zen emanaldiak aretoa goraino bete zuen, elkarteak herrian duen harrera islatuz.



Ospakizun ekitaldiak amaitzeko, adin ezberdinetara egokitutako mendi irteerak antolatu ziren eta, amaieran, elkarrekin bazkaldu zuten guztiek Zaldibiako plazan. «Jendearen erantzuna oso ona izan da, bai sortzaileen hitzaldia, bai bideo emanaldian Antzokia betetzea, bai irteeratako parte hartzea, bazkaria… Zuzendaritza oso gustura dago», aitortzen dute.

Izan ere, azken urteetan antolatzen ziren ekitaldiak parte hartzaile kopuruaren jaitsieraz arduratuta daude, beste hainbat mendi elkarteetan ere gertatu dena. «Ez dago orain dela urte batzuk zegoen ohitura taldean ibiltzekoa» eta, horregatik, haurrentzako ekintzetan zentratu dira, «garai batean guraso elkarteak antolatzen zituenen antzera, transmisio hori galdu ez dadin», helduenak alde batera utzi gabe.



Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta