Aritz Iturrioz: «Herri txikietan haurrei sekulako ilusioa egiten zien gu iristean»

Aritz Iturrioz, Oscar Tolosa eta Koldo Otaegi Marokon. Argazkia Aritz Iturrioz

Aritz Iturrioz: «Herri txikietan haurrei sekulako ilusioa egiten zien gu iristean»

Joan zen maiatzean hamabi eguneko bidaia osatu zuten Marokon barrena Aritz Iturriozek, Oskar Tolosak eta Koldo Otaegik

Agurtzane Núñez Yarza

Bizitzan askok amesten dute beste herrialdeetara bidaiatzea eta abenturak bizitzea, baina gutxi dira egi bihurtzen dutenak. Joan zen maiatzean hiru lagunek, Aritz Iturriozek, Oskar Tolosak eta Koldo Otaegik, bidaia horietako bat egin zuten, hamar egunez Maroko zeharkatuz 

Maiatzaren erdialdeko arratsalde batean, lanetik atera, motoa hartu eta penintsulako hegoalderantz abiatu ziren, Tarifara ahalik eta lasterren iristeko. Hamar egunez Maroko iparraldetik hegoaldera igaro ziren, basamortuak zeharkatuz, berriro etxera itzuli aurretik. Beraien lehenengo bidaia luzea izan da,  aurretik asteburuko bidaiak egiten zituzten arren. «Duela lau urte edo lagun batek motoa ekarri zuen eta asteburu pasa joan behar genuela-eta hasi ginen, eta urtean parte bat aldiz egiten dugu, Piniriotara, bardeetara, Europako Mendietara… joan izan gara, baina gehienez bi egun izaten dira. Aurten bazkari batean bi animatu ziren Marokora joateko, eta azkenean lagun-kuadrilako hiru joan ginen», gogoratzen du Iturriozek.

Bera aurretik egona zen bertan, duela ia hogei urte, eta lagunek ere ezagutzen zuten herrialdea, Oskar bizpahiru aldiz eta Koldok are gehiagotan. Hala ere, motorrarekin inoiz haraino bidaiatu gabeak ziren, furgonetan joan baitziren. «Motorrak bere alde onak eta txarrak dauzka. Ezin duzu nahi duzun guztia eraman, nahiko kargatuta joaten zara zakua dela, kanpin-dendak direla, kazuelak direla… Baina bestaldetik, edozein lekutan geratzeko edo mendi-bidetan sartzeko askoz gaitasun gehiago daukazu», adierazten du.

Bidaia ez zuten gehiegi planifikatu, «dena irekita gindoazen. Argi geneukan Tarifara ahalik eta azkarren iritsi nahi genuela eta bost egunetan Maroko zeharkatu behar genuela, basamorturaino iristeko. Hori eginda, aurrera egin ahala erabakitzen genuen», dio. Bidea gehienbat bigarren mailako errepideetatik eta mendi-bideetatik barrena egin zuten, autobideak alde batera utziz, paisaiaz gozatzeko aukera izateko. «Traileko motoak dira, karreteran ondo ibiltzen dira, baina pistatan ere bai. Ez dira komodoenak eta azkarrenak, baina ondo moldatzen dira», azaltzen du Iturriozek. 

Aurretik herrialdea ezagutzen bazuten ere, deigarria egin zitzaion iparraldearen eta hegoaldearen arteko ezberdintasunak. «Iparraldeko hirietan auto modernoak ikusten ziren, baina herri batzuetan gurdiarekin zebiltzan. Deigarria zen mendian zeuden herrietan haurrak ze ilusioa zeukaten ikusten gintuztenean, ze festa». 

Bidaia gutxi-gorabehera bakarrik planifikatu zuten, «oso irekiak joan ginen, hiruok antzekoak gara eta ez geneukan helburu berezirik», dio. Merzougako eta Zagorako basamortuak ere bisitatu nahi zituzten, eta hori izan zen bidaiako zatirik gogorrena, gainera harea-ekaitz batek harrapatu zituelako. «Egun horretan kilometro gutxi egin genituen, 250 bat, eta 12 ordu edo pasa genituen, bazkaltzera ere geratu egin gabe», gogoratzen du. 

«Joan aurretik janaria, ura edo gasolina aurkitzeko nola egin pentsatzen nuen, baina han ia herri guztietan denda txikiak aurkitu ditzazkezu. Ura botilakoa izatea garrantzitsua da, gu ez gaudelako ohituta eta iturrikoa edanda sekulako beherakoa izan dezakezu. Baina ez genuen arazorik izan». Gosaria izaten zuten eguneko otordurik garrantzitsuena bertako tabernaren batean, eta ondoren bazkaria kontserba-latak eta bertako ogiarekin konpontzen zuten eta afarirako sobreko pasta prestatzen zuten. Erregaiarekin ere ez zuten arazorik izan. «Egunero irteterakoan betetzen genuen depositua, badaezpada. Behin bakarrik geratu zen motoetako bat kanpinetik kilometro batera edo. Baina hiru gindoanez, eta batek depositua 5 litro handiagoa zuenez, bagenekien bat behintzat beti aurreratu ahal izango zela gasolina bila». 

Hiruren artean ezin hobeto moldatu zirela azpimarratzen du, baita egun zailenetan ere. «Hiruok irekita joan ginen abenturara eta elkarri laguntzeko prest. Basamortuan bidea aurkitu ezinik geratu ginen egun batean ere, batera joan ginen, lasai, eta ondotik pasa ziren pertsona batzuek lagundu gintuzten hurrengo herrira iristen». 




Bertako biztanleek abegikor izatearen ospea dute, eta bidaian ere, hala izan direla azpimarratzen du Iturriozek. «Behin basamortuan dromedarioak zaintzen ari zen artzai batekin topo egin genuen. Ez zekien ez gazteleraz ez ingelesez, baina berarekin joateko eta berarekin joateko errepikatzen zigun. Hala nola ulertu ginen, bazkaria elkarrekin egin genuen, berak zeukana atera zuen eta guk ere bai. Agurtzerakoan, ze besarkadak ematen zizkigun», gogoratzen du. «Askotan gu presaka bizi gara eta ez ditugu horrelako momentuak baloratzen».

Basamortuan ere, hurrengo herrira iristen laguntzen ari zitzaizkiela, «lurrez eta hondarrez mugatutako eremu batera iritsi ginen. Eta barruan zer egongo zen eta sandia lursail oso bat, basamortuaren erdian, ur-ponpa batekin lanean». Itzulerako bidaia joanekoa baino gogorragoa izan zela oroitzen du, hamaika egunen ondoren, nekea ere gainean zeramatelako. «Azkenean 4.600 kilometro egin genituen, milatik gora Tarifaraino iristeko», dio.

Harpidetu zaitez Txantxangorriko papereko alera, edizio digitaleko errepotaje guztiekin gehi errezetak, eskulanak, gure colaboratzaileen artikuluak eta gehiago! Egin klik hemen.


Jarrai gaitzazu sare sozialetan: (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu.




Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia