Ogia, sukaldeko osagai bat gehiago

Ogia

Ogia, sukaldeko osagai bat gehiago

Egunero soberan geratzen den ogiarekin hainbat errezeta egin daitezke

Amaia Núñez Yarza

Itxialdiko hilabeteetan etxeetan ogia egitearen gorakada nabarmena eman da, dendetako irina erreserbak agortzerainokoa. Hala ere, ogia zakarrontzira gehien botatzen den jakia da. Baina, zer egin daiteke soberan edo gogorra geratzen den ogiarekin? Soberako zati hauen aprobetxamendurako aukera eta errezeta ugari daude.
Ohikoena gosaritarako erabiltzea da, tostada bezala marmeladarekin, edo, besterik gabe, esnearekin berotuta garai batean hainbeste jaten ziren zopak eginez. Tostadak nahiago baditugu, pixka bat txigortu ditzakegu bai txigorgailuan edota zartaginean berotuta. Baina erabilera honetaz gain, ogia sukaldeko beste osagai bat bihurtu daiteke.
Sukaldean ogi birrindua erabiltzeko ohitura badugu, ogi gogorra txikitzea oso erabilgarria izango zaigu. Horretarako, birrindu aurretik labean ondo lehortuko dugu lizunik ez ateratzeko. Gainera, belar usaintsuak, lehorrak edo espeziak gehitu ditzakegu, adibidez, baratxuria, perrexila edo currya, ogi birrinduari zapore berezia emango diona.



Ogia osagai gisa

Ogi zatiekin zuzenean sukaldatutako errezeta ugari ere aurkitzen ditugu, batzuk garai zehatzetan bakarrik dastatzen zirenak. Honen adibide dira ogi-torradak, azken fi nean esne berotan bigundutako eta arrautzetan bustita frijitutako ogi zatiak, Aste Santuko postrerik ohikoena zen etxe askotan. Antzeko errezeta da budinean erabiltzen dena, ogi zatiak esnean bigunduz eta arrautza irabiatuarekin eta azukrearekin nahastuz. Kasu honetan, dena den, aldaera ugari onartzen ditu fruitu lehorrekin edo limoi birrinduarekin. Asturiasen ‘borrachino’ izeneko aldaera dute: ogi gogorraren barrualdea arrautzaren gorringoarekin nahastuz eta ondoren elur-maluta puntuko zuringoarekin. Lortzen diren bolatxoak frijitu egiten dira eta nahi den osagaiekin egindako almibar batean sartzen dira zerbitzatu aurretik.
Gipuzkoan ohikoa da saldari ogi zatitxoak botatzea. Ohiko ogia beharrean baserrikoa badugu, zopa edo baratxuri-zopa egiteko erabili dezakegu. Bereziki horretarako saltzen den ogia ere bada, zopakoa, hortik bere izena. Azal lodia eta oso txigortua duen ogi mehea da, eta horrek zapore berezia ematen dio saldari.




Ogia zoparako

Zopen artean beste bi aukera ere badaude, osagai ezberdinen aldaerak dituztenak sukaldarien gustuen arabera. Batetik tipula-zopa: tipula melatua salda eta gazta birrinduarekin batera egostean, ahal izanez gero buztinezko ontzian. Eta bestetik, nahiz eta zoparekin ia zerikusirik ez duen, gazpatxoa eta salmorejoa: ogia, tomate, olio, ozpina, gatza eta piperbeltzarekin. Gero bestelako barazkiak ere gehitu daitezke, baratxuria edota piper berdea esaterako. Momentu batean prestatu daitekeen errezeta horietakoak dira.
Aurreko eguneko ogia oinarri duen beste errezeta tradizionala dira ogimamiak, tradizioz Gaztela-Manchan artzainek egiten zituztenak. Izenak dioen bezala, ogiaren mamia erabiltzen da horretarako, hirugiharra, txorizoa eta piper-txorizeroa frijitu ondorengo olioan eginez, pixkanaka, birrinduz eta lehortuz joan dadin; eta ondoren lehen frijitutako zatiak gehituz. Eta haragia bezalako osagaiekin nahasketak ere onartzen ditu. Honela, albondigak edo haragi-bolak egiterakoan, haragiarekin eta bestelako osagaiekin nahasten dira esnetan bigundutako ogi zatiak masari xamurtasuna emateko.
Azkenik, etxean ezin egin badaiteke ere, ogiaren xahutzea ekiditeko, duela urte batzuk garagardoa egiteko modua asmatu zuten Ingalaterran. Edaria egiteko hasierako pausuan erabiltzen diren zerealak laurden batean ogi txigortuaz ordezkatzen dira. Gainontzeko prozesua ohikoa da. Botila bakoitzean ogi-xerra bana omen darama.

Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta