Gordailua, ondarearen etxea

Donostiako Alde Zaharreko etxe batean agertutako tinak Gordailuan.

Gordailua, ondarearen etxea

Gordailuan Gipuzkoako historiako bizitzaren isla diren milaka objetu gordetzen dira

Agurtzane Núñez Yarza

Denok gordetzen ditugu etxean maite ditugun gauzak, nahiz eta urteak pasa erabili gabe. Arropatik hasi eta dekorazioraino, guretzat balioa duten gauzak dira. Badira ere zerbait kolek-zionatzen dutenak, eta bilduma ederrak osatzen dituztenak. Duela bederatzi urtetik Gipuzkoako historian zehar erabilitako zein sortutako produktuak Gordailuan daude gordeta, etorkizunean gaur eguneraino iritsi den ondarea kontserbatzeko eta ikertzeko.

Mota guztietako objek-tuek dute lekua Irungo Gordailuko eraikinean: probintzian egiten diren indusketa arkeologikoetan ateratzen diren harriak, zeramikak eta objektuetatik hasi eta egungo fabriketako produktu, makina edo artelanetara. Helburua, «bertako historia edo etnografia izan denaren lekukoak, Gipuzkoako aurreko mendeetako bizitza jasotzea da, baita egungoa ere, etorkizunera begira», dio Xabier Kerexeta Gordailuko etnografia teknikariak.

Noski, jasotzen diren elementu guztiak ahalik eta modu onenean gordetzen dira, beraien iraunkortasuna ziurtatzeko. Hori dela eta, sartzen direnetik almazenera iristeraino prozesu luzea igarotzen dute objektuek, egoera onenean mantendu daitezen. Esaterako, materia organikoa dutenek, egurrezko altzariek edota ehuna dutenek «anoxia prozesu bat igarotzen dute, oxigenorik gabeko gela batean eduki-tzen dira hiru astez, eduki ditzaketen zomorroak edota esporak desagerrarazteko», azaltzen du.

Historiako zatiak gorde

Pentsa daitekeen ia guztiak du lekua 9.000 metro karratuko eraikinean. «65.000 objektutik gora dauzkagu. Orokorrean, objektu handienak sotoan daude, lehenengoan ertainak eta txikienak bigarrenean», dio. Bertan gordetzen dira esaterako Gipuzkoan izan ziren lehenengo traktoreak, gari-jotzeko makinak, tornuak, baita Kontxako badiako buietako bat ere, edota indusketatan ur azpian agertzen diren itsasontzien zatiak, kanoiak, edota aingurak.

Gordailua Gipuzkoako Foru Aldundiak jasotako ondarearen biltegia da, baina San Telmo Museoko objektuak ere bertan gordetzen dira museoa berritu zenetik, baita Euskal Itsas Museokoak edota Goruzaleak taldekoak ere. Izan ere, Gipuzkoako adierazgarri izan daitekeen edozer gauzak du lekua bertan. «Gauzaren bat baldin badaukagu, ez errepikatzen saiatzen gara», azpimarratzen du Xabier Kerexetak. «Objektu bakoitzaren jatorria, Foru Aldundiarena edo San Telmorena den, mantentzen dugu, baina egun eskuratzen duguna bi erakundeon artean adostuta dago», dio. Gordetzeaz gain, piezek behar badute, zaharberritu egiten dituzte, espezialisten laguntzarekin.

Gordailuan dauden objektuak jatorri guztiz ezberdinak dituzte. «Adibidez, indusketa arkeologikoetan atera-tzen den guztia ondarea da, gorde egin behar da. Izatez Eusko Jaurlaritzarenak dira, baina Gordai-luan ditugu Gipuzkoan ez dugulako arkeologia museorik Bizkaian eta Araban bezala». Arkeologia sailean 11.000 kaxa daude, aztarnategietan ateratzen diren elementuak ez baitira banan-banan kontatzen, kaxaka baizik. Bertakoak dira ere Donostiako Alde Zaharrean agertu ziren tinak. «Duela bi urte Donostiako Alde Zaharreko eraikin baten lurpean agertu ziren eta bi osorik atera ziren igogailua jarri behar zuten tokian. Gutxienez beste lau geratu ziren», gogoratzen du. Duela hogei urte, Bretxako aparkalekua egiterakoan ere hamar tina inguru jaso zituzten. «Osoena San Telmo museoan dago, eta hemen berrosatutako bat eta zatika lortu genituenak gordetzen ditugu».

Indusketez gain, jatorri oso ezberdinak dituzte objektuek. «Batzuk erosi egiten ditugu, eta beste batzuk jendeak abisatzen digu etxean dituela. Badaukagu mekaniko batek urte askotan gorde zuen tornua; gizon batek bere aitaren mikelete trajea eman zigun, eta emakume batek bere aitaren mikelete-kapa; edo Seguí familiaren etxea saltzerakoan, bilobek beirateak eman zizkiguten, aitonaren fabrikan egindakoak eta kalitate oso onekoak», zerrendatzen ditu.

Altxorraren bila balira bezala, «nonbaitera goazenean beti ez gara ikustera goazenarekin itzultzen», azaltzen du. «Behin, kutxa bat ikustera joan ginen, baina asko dauzkagu eta ez zegoen oso egoera onean. Baina horren ordez kuela, antzinako sagar-neurri bat ekarri genuen. Duela gutxi ere, beste etxe batera joan ginenean Bilore detergente-kaxa bat aurkitu genuen eta eman egin ziguten. Orain arte ez genuen Biloreko ezer, eta oso enpresa garrantzitsua izatez gain, jada desagertua dago», dio Kerexetak.

Baina, leku berezia duen enpresa bat badago Gordailuan, Porcelanas Bidasoa, atal oso bat duena. «Hemendik gertu zegoen eraikina eta itxi zenean dena galdu baino lehen hainbat gauza hartzea lortu genuen», dio Kerexetak. Deigarriena fatxadan zegoen Junkaleko Ama Birjinaren estatua izan daiteke, baina eguneroko lanaren erakusle diren objektuak ere badituzte: «figura asko ditugu produkzioko fase ezberdinak erakusten dituztenak, baita prototipoak, moldeak eta lanerako mahaia ere, behar zituzten neurriekin».

Idatzi zure iritzia

Zurriola correduria de seguros
CDI Informatika
Tolosa motor
Dentieder hortz klinika
Gruas y Transportes Urbieta