Esaera zaharrak eguraldiaren iragarle

'Arrats gorri, egunsenti sargori' dio esaera zaharrak.

Esaera zaharrak eguraldiaren iragarle

Atsotitzen eguraldiaren inguruko iragarpenak ez dira beti fidagarriak

Amaia Núñez Yarza

Urriko elurra, zortzi hilabeteko elurra’ dio esaerak, baina, nola jakin zenbateraino den asmatzen duena? Urria tenperaturen beherakadarekin hasiko dugu aurten, egia izango al da esaerak dioena?

Atsotitz edo esaera zahar ugarik hitz egiten dute eguraldiaz, datozen egunetan zein hilabeteetan egingo duena aurreratzeko asmotan. Kontuan izan behar da sortu ziren garaian ez zela aurreikuspen meteorologikorik existitzen eta, egunez egun ikusitakoarekin, esaeratan jaso zuten eguraldiaren eredu ohikoena iruditzen zitzaiena. «Esaerak ikusmira meteorologikoan emandako denboraren ondorioz sortutakoak dira», dio Luisa Hurtado, Aemet-eko meteorologoak eta ‘Metereologia esaera zaharretan’ liburuaren egileak. Ondorioz, bere esanetan «ez da egokia ‘asmatze’az hitzegitea, ez delako asmakizuna; ezta ere kasualitateaz».



Beharra nagusi

Garai bateko baserritarrek eta itsasgizonek eguraldiak zer joera izango zuen jakin nahi zuten, horretan oinarritzen baitzen beraien eguneroko zeregina: belarra mozteko egun eguzkitsua behar zuten hainbat egunetan, gero belarra ondo lehortu eta ganbaran gordetzerakoan ez usteltzeko. Itsasgizonek, aldiz, beren bizia zuten jokoan eguraldi aldaketa bortitzak itsasoan harrapatzen bazien. «Nire ustez, atsotitz meteorologikoetatik nabarmenduko nukeena zera da, gizon haiek, tresnarik gabe, egutegirik gabe eta erlojurik gabe ere, egungo meteorologia-zerbitzuen helburu berberak bilatzen zituztela: bihar zer eguraldi egingo duen jakitea, negua nolakoa izango den edo uzta egiteko unerik onena nolakoa izango den aurreikustea».

Honela, ondorio logikoa da egunez-egun ikusitakoarekin eredu ohikoenak ondorengo belaunaldiei transmititu nahi izatea. «Meteorologian oso garrantzitsua da atmosfera neurtu eta behatzea beti instrumentu berdinekin eta modu berean; eta informazio eta datu guzti horiek leku konkretu batera erlazionatzea», azaltzen du Hurtadok egungo meteorologoen lanaz, eta aldi berean balioan jartzen du garai hartako gizonen zeregina: «Zentzu honetan, meteorologia-esaera hauek sortu zituzten gizonek lehen kondizio hori ordezkatu zuten (ez zuten beste modurik) fenomeno meteorologikoen inguruko interesaren eta ikasitakoa bizilagunei eta ondorengo belaunaldiei uzteko nahiarekin».

Esaeren kokapen geografikoa

Hala ere, kasu gehienetan oso baliagarria den datu bat aipatzea ahaztu zitzaien: lekua. Izan ere, datu hau jakin gabe esaerek bere balioa galtzen dute askotan. «Garai hartan apenas bidaiatzen zuten, jaiotzen ziren lekuan bizitzen ziren, ez zuten erloju edo egutegirik, eta gutxiago munduko zein tokitan zeuden jakiteko maparik». Baina gaur eguneko globalizazio eta mugitzeko erraztasunak esaera asko bere lekutik kanpo esatea ahalbidetu du, «horrek, ezinbestean, ikuspuntu meteorologikotik izango lukeen balioaren zati bat galtzea eragiten du».

Horrela, kokapen geografiko zehatza duten esaerak dira baliagarrienak, eta hauen ondoren, epe laburrera begira egindakoak. «Zeruaren egoera, lainoak, meteoroak kontuan hartzen dituztenak eta epe laburrean izango duten bilakaeraren informazioa dutenak».

Zehaztasun bila, kasu batzuetan animalien eta landareen jarrera hartzen zuten eredu. Hauek dira, askotan, aurreikuspen zehatzenak. «Esaera fenologikoek gauza zehatzagoez hitz egiten dute: oiloak noiz jartzen duen, almendrondoa noiz loratzen den… Horregatik dute anbiguetate gutxiago eta zentzuzkoagoak dira denborak eta klimak izaki bizidunengan eragiten dituzten aldaketak erregistratzen dituzten esaera zaharrak, baita izaki horiek aldaketa horiei nola erantzuten dieten ere».

Idatzi zure iritzia

Zurriola correduria de seguros
CDI Informatika
Tolosa motor
Dentieder hortz klinika
Gruas y Transportes Urbieta