32. Arkeologia Jardunaldiak ospatuko dira Aranzadiren eskutik

32º Jornadas de Arqueologia, Arkeologia Jardunaldiak.

32. Arkeologia Jardunaldiak ospatuko dira Aranzadiren eskutik

Jardunaldiek eguneroko hitzaldiak eta familientzako tailerrak uztartuko dituzte otsailaren 13tik 16ra

Akitania inguruko txanponei buruzko hitzaldiarekin hasiko da asteartean, otsailaren 13an, 32. Arkeologia Jardunaldiak, Aranzadi Zientzia Elkarteak antolatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailarekin eta San Telmo Museoarekin elkarlanean. Azken urteetan aurrera eraman diren ikerketa arkeologikoak aurkeztuko dira ziklo honetan egunero eskainiko diren hitzaldietan.

Horrela, aurtengo hitzaldi sortaren helburua gure lurraldean egiten ari diren ikerketak eta bertatik aurrehistoriari buruz lortutako informazioa gizarteari ezagutaraztea da. Hitzaldi guztiak Donostiako San Telmo museoan izango dira, 19:00etan, eta streaming bidez zuzenean ere ikusi ahal izango dira museo bereko youtube kanalean (otsailaren 16koa izan ezik).

Aurten, Eneko Hiriart ikertzaileak Akitanian aurkitutako txanponei buruz emango duen inaugurazio hitzaldiaz gain, Euskal Herrian aurkitu diren leizeetako lehoien aztarnak eta antzinako gizarteetako familien bizitza ezagutaraziko dira emakume eta neskatoen ikuspuntutik, eta amaitzeko, azken egunean ‘Neandertales’ dokumentala proiektatuko da.

Gainera, otsailaren 17an eta 24an, larunbatetan, familientzako tailer bat emango da, 17:00etan, gizakiaren bizimoduak eta Paleolito garaiko paisaia ezagutzeko.

 




Hau da 32. Arkeologia Jardunaldien egitaraua:

Otsailaren 13an, asteartea: Akitania aldeko eta inguruko txanponak. Pirinioez gaindiko berezitasunak eta kontaktuak Burdin Aroan.

Hitzaldi honetan, Eneko Hiriart CNRS ikertzaileak (Bordeaux Montaigne Unibertsitateko ArcheoSciences Bordeaux Laborategia) azalduko du nola agertu ziren lehen txanponak gure lurraldeetan K.a. azken bost mendeetan. Txanponen dinamikak aztertuz, Pirinioen bi aldeetako populazioak, berezitasun kulturalak eta harremanak zehaztuko ditugu mendeetan zehar. Hitzaldi hau euskaraz emango da.

Otsailak 14, asteazkena: Iragan arriskutsu baten oihartzunak. Lehoiak Euskal Herrian.

Gaur egun, lehoiak batez ere sabana afrikarrarekin lotzen ditugu. Historiaurrean, ordea, hiru lehoi leinu egon ziren. Eurasian eta Alaskan haitzuloetako lehoia bizi izan zen, eta Euskal Herrian erregistro fosil garrantzitsua aurkitu da, besteak beste, Oñatiko Arrikrutz haitzuloan hezurdura osoa. Asier Gómez Olivencia EHUko ikertzaile eta Giza Eboluzioan adituak animalia hauen bizitzara hurbilduko gaitu.

 




Otsailak 15, osteguna: Emakumeak eta haurtzaroa arkeologian. Hezurrek hitz egiten dute.

Patxuka de Miguel osteoarkeologoak iraganeko gizarteez hitz egingo du emakumeak eta haurtzaroa ardatz hartuta. Arkeologia-ikerketek garrantzi handiko tresnak ematen dizkigute iraganeko gizarteak ezagutzeko. Emakumeak eta haurrak ezagutzeari esker, hainbat bizitza-historiatara hurbil gaitezke (osteobiografiak), eta horien bidez amatasunarekin, hazkuntzarekin, haurtzaroarekin eta gaixotasunarekin lotutako gorabeherak ezagutzen ditugu. Informazio horrek guztiak aukera ematen digu populazioen jarraipenerako funtsezkoa dena ezagutzeko, hau da, zaintzak.

Otsailak 16, ostirala: Neanderthalen aztarnaren ondoren + Neanderthal filmaren proiekzioa.

Neanderthal espeziea enigma bat da paleo antropologoentzat. Bere gaitasunei, kulturari, garapen teknologikoari, gizarte-antolamenduari, gaitasun sinbolikoari eta iraungitzeari buruzko galderak gaurkotasun betean daude. ‘Neandertales’ dokumentala galdera horietako askori erantzuten saiatzen da, Rozelgo aztarnategian (Normandia, Frantzia) egindako aurkikuntzetatik abiatuta. Bertan, duela 80 mila urte inguruko kostaldeko habitat honetan utzitako milaka giza aztarna aurkitu dira. Dokumental honen proiekzioaren aurretik, Joseba Rios, Bilboko Arkeologia Museoko arkeologo teknikoak, gai honi buruzko aurkezpen labur bat egingo du.

 




Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta