Paul Urkijok jasoko du 2024ko Ahoz Aho Jaialdiaren Urrezko Kalabaza

Paul Urkijo ahoz aho jaialdia

Paul Urkijok jasoko du 2024ko Ahoz Aho Jaialdiaren Urrezko Kalabaza

Ahozko Narrazioaren Nazioarteko Jaialdiak bere sari nagusia eskainiko dio Paul Urkijo zinemagileari

Paul Urkijo zinemagileak Ahoz Aho Nazioarteko Ahozko Narrazio Jaialdiaren Urrezko Kalabaza jasoko du. Jaialdia otsailaren 15etik martxoaren 31ra bitartean ospatuko da, hainbat herrietan. Intujai Teatroa, jaialdiaren talde antolatzailearen iritziz, zuzendari arabarrak bere filmetan euskal iruditeria modu «bikain eta arrakastatsuan» islatzen jakin izan du, euskal ipuin tradizionalen mundu magikoa publiko zabalari ezagutaraziz, bai Euskal Herrian zein nazioartean; «eta hori guztia euskaraz egin du». Antolatzaileen eskutik sobera arrazoi da Urrezko Kalabaza jasotzeko.

Ahoz Aho jaialdian Urrezko Kalabaza eskaini ohi zaio bere sormen edo kultur jardunean ahozkotasunak hartzen duen garrantzia eta hedapenagatik, banakako pertsona edo elkarteei. Horrela, orain arte saria jaso dutenen artean daude, esaterako, Juan Kruz Igerabide (2019), Ahotsak.eus egitasmoa (2020), Itziar Zubizarreta (2021), Ataungo Jentilbaratza elkartea (2022) edota Anjel Lertxundi (2023).




XVII. Ahoz Aho jaialdia

Saria Ahoz Aho Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdiaren programazioaren azken egunean eskainiko da, Euskal Kontalarien Topaketaren baitan. Jaialdiak aurten XVII. Edizioa beteko du, inoiz baino programazio zabal eta anitzarekin. Otsailaren 15ean hasi eta martxoaren 27 arte, Tolosa eta Ordizia herri gipuzkoarrak gune nagusienaz gain, 20 herritik gora zabaldu da eskaintza, 25 artista baino gehiago izango dira euren ikuskizuna eskaintzen, guztira 50 inguru programatu direlarik.

Nazioarteko izaerari atxikiz, artista gehienak Euskal Herrikoak badira ere, hainbat herrialdeetatik heldutakoak ere badira, hala nola, Kolonbia, Kuba, Letonia, Quebec, Frantzia edo Espainia. Jaialdiak ahozko narrazioa ardatz badu ere, bestelako ahoko ikuskariak eskaintzen ditu; horrela, bertsolariak, kantariak edo magoak izango dira otsaila eta martxoan zehar. Ipuinak eta ahozkotasunaren bestelako adierazpen artistikoak maite dituenak, aukera paregabea dauka istorioek eskaintzen dizkiguten mundu majikoetan barneratzeko.




Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta