Arrikrutzeko lehoiarekin hizketan
Iñaki Zubeldiak Arrikrutzko lehoiaren hezurdura nola aurkitu zuten kontatzen duen eleberria argitaratu berri du
Amaia Núñez
Idazle bezala, benetako gertaera eta pertsonak bere liburuetan tartekatzea ohituta dago Iñaki Zubeldia. Bere azken liburuan, pauso bat aurrera eman eta gaztetan Arrikrutz koban bizitakoa kontatu du. Eta ez nolanahiko istorioa: kobazuloetako lehoiaren hezurdura ia osoa aurkitu zuten berak eta Jesus Manuel Maroto ikaskideak 1966ko udazkenean.
Bere lehenagoko liburuetan ere Arantzazun izandako bizipenak argitaratu izan ditu Zubeldiak, besteak beste, ‘Josu Azalaren abenturak’ liburuan, beraien ‘salbatzaile’ izendatu zutena protagonista izanik. Oraingoa, ordea, eskoletan hainbat aldiz kontatu duen gertaeran guztiz oinarritutako eleberria da.
«Zergatik hainbeste urte? Uste dut adorea falta zitzaidala», dio. Garai hartan bai bera eta Maroto, baita Nazabal ere, Aran-tzazuko fraide ikasleak ziren. «Fraile eta ikasle egondakoen konplejoak izan nituen hasieran, orain ia pasa zaizkit. Hasieran ez nuen ezer en-tzun nahi Arantzazu eta fraileei buruz. Ez rekuerdo txarrak. Konplejoa, jendeak zer pentsatuko izaten dira», aitortzen du.
Horrela, urte luzez eleberria lozorroan eduki du, lehoia Arrikrutzen topatu zuten antzera. Izan ere, aitortzen du «beldurra» ematen ziola bere esperientzia honetaz idaztea. «Beldurra nion ez asmatzeari, beldurra nion baita ere agertzen den kutsu erlijiosoari. Garaikoa da eta idazle bezala errealista izan nahi nuen, errealitatean oinarrituta gertatu zena, horko sentimenduak, sentsazioak, otoitzak onartuz; eta kosta egin zitzaidan horrela idatzi behar nuela onartzea. Faktore asko dira egin zutenak uste baino luzeago egotea idatzi gabe».
‘Lehoiaren atzaparretan galduta’ eleberrian abentura haren xehetasunak kontatzen ditu: kobako Aranzadi gela lehen aldiz bisitatzeko irteera izan behar zena, nola bihurtu zen beraien bizitzako momenturik okerrena galdu egin zirenean, eta lagunek hamabi ordu eta gero, erreskatatu zituzteneko pozaren ondoren, nola jaso zuten ezustekorik handiena Arrikrutzen ikusitako hezurdura Iberiar penintsulan aurkitutako lehenengo ‘panthera spelaea’ zela jakitean, kobazuloetako lehoiaren hezurdura.
Izan ere, leizetako har-tzaren aztarna ugari ezagutzen ziren ordurako Euskal Herrian. «Bergarako Seminarioko aita dominiko bat etorri ohi zen, karretilarekin, eta leizetako hartzaren hezurrak eramatzen zituen», dio Zubeldiak. Baina beraiek ikusitakoa beste animalia guztiz ezberdina zela konturatu zen liburutegian kontsulta egin zuenean.
Pasadizo hark bere bizitza Arrikrutzera eta, bereziki, lehoiari lotuta utzi baitzuen, eta horregatik azken kapitulua dedikatu dio, ‘Lehoari gutuna’, koban erori eta irten ezinik milaka urtez Arrikru-tzen egon zen lehoi hari. «Askotan pentsatu izan dut lehoiaren bengantza izan zela galdu izana», komentatzen du.
Munduan hiru ezurdura
Duela lau urtera arte, Iberiar penintsulan topatu den hezurdura osoena eta bakarra zen Arrikrutzkoa. 2017an Kantabriako La Garma koban beste hezurdura bat topatu zen nahiko osoa. Hauetaz gain, Siberian topatu diren bi lehoi-kume izozturen gorpuak deskubritu dira soilik osorik.
Kuriositateak eraman ziren kobazulora, eta jankiminak eraman zuen Zubeldia jaiki bezain laster liburutegira joan eta aurrehistoriako animalien hezurduren inguruko liburu bat kontsultatzera. Orduan konturatu zen ez zela berak uste zuen leizetako har-tza, eta hurrengo espedizioetako batean burezurrean zintzilik zegoen letagina hartu zuten. Honetan ere zortea izan zuten, Arantzazun zegoen aita Alejandro Ezkurdiak fraideak, Aranzadi Zientzia elkarteko kide zenak, lagunduta Jesus Altuna arkeologoarekin harremanetan jarri zen eta hark eman zion erantzuna, baita deskubrimendu hark zuen garrantzi handia ere. Liburuaren epilogoa Jesus Altuna berak idatzi du, Koro Mariezkurrenarekin batera. Argitalpena Oñatiko Udalak egin du. 500 ale inprimatu dituzte eta 12 eurotan jarriko da salgai.
Arrikrutzen gidari
Ordutik, garai hartako espeleologian eta arkeologian aditu nagusiak ezagutzeko aukera izan zuen Zubeldiak. Aldizkarien bidez beraien lana mirestetik, Arrikrutzen beren gida izatera igaro zen. Guztien artean, aipamen berezia du Felix Ruiz de Arcautek. Berak topografiatu zuen Arrikrutz gazteetan eta «inoiz ez dut ahaztuko nola esan zidan ‘gehien izorratzen nauena da gu hemen hainbeste ibili, gehiena topografiatu, planoak atera eta bi fraidekume ‘nobato’ izatea lehoia aurkitu zutenak’. Ez modu txarrean, humiltasun eta graziaz beterik baizik», dio. Ruiz de Arkaute urte gutxi beranduago hil zen, 1971an Larrako sisteman dagoen Pierre Saint Martin leizean, ur jauzi bat gurutzatzean seguru automatikoa blokeatu eta izoztuta.
Izan ere, Iñaki Zubeldia izan zen guztien gida kobazuloan barrena lehoia atera bitartean, baita ondorengo urteetan ere. «Askotan joan izan naiz Arrikrutzera bisita gidatuekin. Idiazabalgoekin urtero joaten ginen, Ikaztegietatik ere bai, Oñatiko Aloña Mendi elkartekoekin…», oroitzen du. Jesus Manuel Maroto aldiz, ez zen berriro sartu kobazulora.
Hala ere, liburuaren berri eman dio, baita Jesus Nazabali ere. «Nazabali bidali nion eta asko gustatu zaio. Eskerrak ematen dizkit. Oso gustora dago. Maroto ere bai. Bere andreak esaten zidan ‘Ez zenuen zertan sartu, oso noblea izan zara’. Han zegoen, nola ez nion sartuko! Oso eskertuta daude».
Lehoiaren hezurduraren aurkikuntzak Oñati eta Arantzazu arkeologiaren nazioarteko mapan jarri zituen. Ikerlari asko joan dira ordutik bai Arrikrutzera, baita lehoiaren hezurdura iker-tzera. «Duela 35.000 edo 40.000 urtekoa dela adierazi zuen Jesus Altunak. Upsalako Uniber-tsitatera ere eraman ziren lagin batzuk ADN probak egiteko, baina oso kalitate txarra omen dute eta ezinezkoa izan zuten. Europako beste herrialdeetan topatutako beste hezurdurekin alderatu eta erlazioak zeuden ikertu nahi zuten», azaltzen du Zubeldiak.