Berrobi garaile 2024ko Gipuzkoako herri txikien arteko Areto Futbol Txapelketan
Gaztetxoen mailan Beteluk lortu zuen garaipena Gipuzkoako herri txikien arteko Areto Futbol Txapelketan
Txantxangorri aldizkaria
Gipuzkoako herri txikien arteko areto futbol txapelketak ikusle ugari elkartu zituen Berrobiko Urreburu pilotalekuan jokatu ziren finalak ikusteko. Berrobiko eta Itziarko taldeak iritsi ziren finalera Kutturru ikaztegietarrari eta Aizarnazabali finalerdietan gailendu ondoren. Giro paregabea izan zuten bai finalak baita jardunaldian jokatu ziren beste partidak ere, markagailuek islatu ez zuten joko-berdintasunarekin.
Helduen mailako finalean Berrobik irabazi zuen Gipuzkoako Herri Txikietako Txapelketa, eta etxekoak, gainera, oso azkar hasi ziren finala bideratzen, 3. minuturako 2-0 jarri baitziren. Bost minutu geroago Itziarrek markagailua murriztu eta finalean sartu zen berriro, baina atseden hartzera joaterako Berrobik beste bi gol egin zituen, lehen zatia 4-1 amaitzeko.
Bigarren zatian Itziar ahalegindu zen, baina etxekoek zuten abantailari eutsi hasieran eta amaieran handitu egin zuten, bukaeran garaipena erdietsiz.
Kutturruren eta Aizarnazabalen arteko partida, hirugarren eta laugarren postuak erabakitzekoa, guztietan berdinduena izan zen. hirugarren posturako lehiak ematen duen lasaitasunak bi taldeei zuten onena ematen utzi baitzien. Ikaztegietakoak oso azkar aurreratu ziren 3-0, baina atseden hartzera joaterako Aizarnazabalek bi gol sartu eta 3-2 joan ziren atseden hartzera.
Bigarren zatian Aizarnazabalek partida berdindu egin zuen, eta penaltien itzala agertzen hasi zenean Jurgi Leunda kapitainak lortu zuen Kutturruren laugarrena eta azken unean Aimar Muruak handitu zuen aldea, neurketa erabakiz.
Gaztetxoen finala Betelurentzat
Beteluk irabazi du Gipuzkoako Herri Txikietako gaztetxoen topaketa, finalean Aizarnazabali 7-4 irabazita. Neurketa oso polita izan zen. Aizarnazabal jarri zen aurretik, baina Beteluk buelta eman zion. Horrela aritu ziren ia amaierara arte, estu, joko ederra eskainiz, bien arteko oreka handia izan baitzen, baina azken txanpan Beteluk apurtu zuen finala, garaipena eskuratuz. Dena dela, neurketa oso polita jokatu zuten.
Hirugarren posturako lehian, berriz, Ikaztegietak 7-0 irabazi zion Errezili. Azkeneko emaitzak ematen duena baino estuagoa izan zen partida, eta hauek ere partida ikusgarria eskaini zuten.
Herri txikietako areto futbol txapelketako azken jardunaldian, gainera, Beteluko beteranoen taldeari omenaldia eskaini zitzaion, bete duen denboraldi onagatik.
Berrobiko udal ordezkariekin batera Real Sociedad futbol taldeko Tomas Orbegozo eta Mikel Loinaz beteranoak eta nesken taldeko Ainara Ugartemendia eta Aiara Agirrezabala egon ziren sari-banaketan.