Ioseba Mateos: «Hasiera oso gogorra izan zen, lehenengo bizpahiru urteak kirola ezagutzeko izan ziren»

Ioseba Mateos proba batean.

Ioseba Mateos: «Hasiera oso gogorra izan zen, lehenengo bizpahiru urteak kirola ezagutzeko izan ziren»

Ekainaren 15ean Galizian ospatzen den Batalla de Rande ur irekietako lasterketan parte hartuko du Ioseba Mateosek

Agurtzane Núñez Yarza

Txikitatik egin izan du igeriketa Ioseba Mateosek. Hala ere, hamar urtez kiroletik aldenduta egon ondoren, 28 urterekin bigarren aro bat hasi zuen. Baina igerilekuan aritu ordez, ur irekietara bideratu zuen kirola. «Bulego batean lan egiten dut eta helburua kirola egitea zen. Baina taldeko kiroletan ona ez naizenez, igeriketara itzuli nahi izan nuen, utzi izan ez banuen zer gertatu izango zen pentsatuz. Bueltatu nintzenean igeri egiteko ‘zaharra’ nintzen. Horregatik, modalitate berri hau probatu nuen eta gustatu egin zitzaidan», azaltzen du Mateosek.

Ur irekietako probak itsasoan, urtegietan, lakuetan zein ibaietan egiten dira. Gipuzkoan ezagunenetakoa Getaria eta Zarautz arteko lasterketa bada ere, beste hainbat ere antolatzen dira denboraldian zehar. «Euskadin hogei bat antolatzen dira, eta Espainiako proba batzuetara ere joaten naiz», dio. Proba horietan parte hartzeko nahitaezkoa da federatuta egotea. Bera azken urteotan Ordiziako taldean egon da, eta denboraldi honetan Toledoko Club Master Torrijosen hasi da, txapelketetara joateko ematen dioten laguntzengatik.

Igerilekura ohituta egotean, ur irekietara ohitzea erronka berri bat izan zen. «Hasiera oso gogorra izan zen, alde batetik hainbeste urtez kirola egin gabe egon ondoren forma galduta neukalako, eta lehenengo bizpahiru urteak kirola ezagutzeko izan ziren», aitortzen du. Emaitzak lortu arte urteak igaro ziren arren kirolaz gozatzen ikasi zuen. «Hasieratik disfrutatu nuen, gora iritsi nahi nuen eta pixkanaka hobetzen joan nintzen. Urteen ondoren podiora igotzen hasi nintzen».

Lehenengo podioa 2017an lortu zuen, eta gaurdaino «denboraldiak gero eta hobeak izan dira». Joan zen urtean, besteak beste, Calella de Palafrugelen hirugarren izan zen kategoria absolutuan bi kilometroko zeharkaldian, eta hirugarren M30 kategorian 7 kilometrokoan. Aurten Cap de Javeako 10 kilometroko proban bigarren izan zen. Eta duela bi urte Batalla de Rande ultra zeharkaldian bigarren postua lortu zuen.

Bizpahiru kilometrotik

Edozein lasterketan gertatzen den bezala, ur irekietan ere hainbat distantziatako probak antolatzen dira. Ioseba Mateos motzenak osatuz hasi zen txapelketatan, baina laster distantziak handituz joan zen. «Hiruzpalau kilometroko zeharkaldiekin hasi nintzen, lehenengo urtean lau lasterketatan bakarrik parte hartu nuen. Nire parte hartzea ikusita entrenatzaileak Bilboko Itsas museotik Santurtzira egiten den zeharkaldian parte har-tzera animatu ninduen, hamaika kilometrokoa. Bigarren urtean, hobeto nengoen eta hamabost zeharkaldi egin nituen».

Kirolak segituan harrapatu zuen eta gero eta distantzia luzeagoak prestatzen joan zen. «Hamar kilometrokoak, hamabostekoak, hogeikoak… egiten hasi nintzen. Eta azkenean, zu bezalako eroak diren igerilariak aurkitzen dituzu, Galizian egiten den 27 kilometroko zeharkaldiaz hitz egiten dizutenak edo Ebroko deltan egiten den ia 31 kilometrokoaz». Euskadin zein Espainian zehar mugitzean gain, Iparraldeko lasterketatan ere parte hartu izan du, eta joan zen urtean Portugalgo Cascaisen egon zen.




Guztietan parte har-tzea ezinezkoa bada ere, distantzia ezberdinetako zeharkaldietara egokitu du bere burua Mateosek, eta gaur egun motzetan zein luzeenetan aritzen da. «Berdin zait asteburu batean bi kilometrokoa egin eta hurrengoan hamabostekoa. Bietarako prestatuta nago. Luzeena 31 kilometrokoa egin dut», aitortzen du. «Denboraldia hasi aurretik ez dut helburu zehatzik jartzen. Joan zen urtean 25 zeharkaldi egin nituen, eta aurrekoan 34. Badaude finko batzuk urtero parte hartzen dudana, baina gero, denboraldia aurrera doan heinean berriren bat ikusten badut ez dut parte hartzea baztertzen», zehazten du.

Oraingoz bi zeharkaldi luze ditu aurreikusita: ekainaren 15ean egingo den Batalla de Rande, 27 kilometrokoa, eta irailean beste bat. Ekainaren 9an, gainera, Donibane Lohizuneko 3,3 kilometroko Artha Katxi Tourren parte hartuko du. «Juxtu iritsiko naiz Batalla de Randera, baina konfidantza daukat nire buruan. Azken hilabeteetan lanagatik atzerrian egon naiz eta entrenamendu asko eta errutinak galdu ditut. Itsasoan disfrutatzea izango da helburua hasieran, eta uztailerako aurreko urteetako maila lortzea».

Urari beldurrik ez

Igerilekutik itsasora igeri egitera pasatzea aldaketa handia izan zen hasieran, «beste faktore batzuk sartzen direlako jokoan, nahiz eta txikitatik joan izan naizen hondartzara eta itsasoan igeri egitera ohituta nengoen». Izan ere, ur irekietan korronteak, haizea edota inguruan egon daitezkeen arrokak edota ontziak ere kontutan izan behar dira igeri egiterakoan.

«Ni ohituta nengoen arren, beldur batzuk ere kendu behar izan ditut, itsasoan zaudelako eta beti dagoelako zerbait», aitortzen du. Urte hauetan guztietan ez du arazo berezirik izan, nahiz eta ea beldurrik ez duen galdera ohikoa den ingurukoen artean. «Behin bakarrik gurutzatu nahiz marrazo batekin, 2020an, pandemian, beste behin Donostiako irlan olagarro bat hankara itsatsi zi-tzaidan, eta uda honetan izurde batekin topatu ginen Zarautzen eta nirekin zihoan neskari muturrarekin jo zion nahigabe. Baina azkenean gu gara itsasoan kanpotarrak».


Erreportajea gustatu bazaizu, jarrai gaitzazu sarean (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu.

 




Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta