Gastronomia, jasangarria?

Gastronomia jasangarria.

Gastronomia, jasangarria?

Elikaduraz haratago, tokiko kulturaren eredu ere bada gastronomia

Amaia Núñez Yarza

Egunero gosaldu, bazkaldu eta afaltzen dugu. Batzuetan ‘betiko’ errezetak sukaldatzea gustuko dugu, besteetan plater berriak probatzea. Gastronomia leku bakoitzak duen ondare kulturalaren parte da eta jasangarria ere izan daiteke, hitz honek duen moda kontuetatik haratago. Ekainaren 18an Gastronomia Jasangarriaren Munduko Eguna ospatuko da, herrialdeek duten natura- eta kultura-aniztasuna ezagutzera emateko.

Gastronomia jasangarriaren oinarria elikagai osasungarri eta iraunkorrak dira, ingurumena zaintzea errespetatzen dutenak. Tokian tokiko elikagai eta produktuak bultzatzen ditu eredu honek, baliabide naturalak alferrik ez galtzeko.

Horrela, gastronomia jasangarria aurrera eramateko, sukaldatzeko erabiltzen ditugun osagaien jatorria kontuan izan behar da, baita nola ekoizten diren edota nola iristen diren merkatu eta etxeetara. Besteak beste, garaiko eta tokiko produktuak erostea, ontzirik gabekoak, eta barazkiak lehenestea dira jasangarritasunaren bidean aurrera egiteko luzatzen dituzten gomendioak.

Modako izena badirudi ere, naturak eskaintzen dituen baliabideak babestea eta zaintzea bultzatzen du jasangarritasunak. Horrela, tokiko ekoizleen garrantzia azpimarratzen du mugimendu honek. Izan ere, ondo elikatzeak eta osasun ona edukitzeak lotura zuzena dutela erakutsi dute azterketek. Produktu kimiko eta prozesatu gehiegi jateak luzarora gaixotasunak eragiten dituela egiaztatu da.

Era berean, gastronomia jasangarria herrialde behartsunetan elikatzeko arazoak konpontzeko bide bezala nagusitu da: tokian tokiko elikagaiak ekoiztu, baliabideak hobeto kudeatu eta ingurugiroa zaintzen lagun-tzen du, baita bertan bizi diren pertsonen osasuna ere. Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak nekazaritzaren, baso-jardueren eta arrantzaren iraunkortasuna bermatzeko ikuspegi integratua garatu du. Hau aurrera eramateko, ikerketa zientifikoek eskaintzen duten ezagu-tzan oinarritzen ditu bere neurriak eta, era berean, erkidego eta estatu mailara egokitzen da, bere garrantzia eta aplikagarriatuta bermatzeko.


Erreportajea gustatu bazaizu, jarrai gaitzazu sarean (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu.

 




Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta