Artoa: milaka kolore, elikagai bat

Artoa taloak egiteko prest. Núñez

Artoa: milaka kolore, elikagai bat

Munduan gehien ekoizten den zereala da artoa gaur egun, propietate ugari dituena elikaduran

Amaia Núñez Yarza

Jatorria Ertamerikan badu ere, artoa mundu guztira zabalduta dago gaur egun. Landare honek dituen propietateak oinarrizko elikagai bihurtu zuten mendeetan zehar hainbat herrialdetan eta, egun, mundu mailan gehien ekoizten den zereala da, garia eta arrozaren aurretik. Taloetatik hasi eta arto-krispetetara, elikagai ugari egiten dira ‘Zea Mays’ landarearen barietateekin.

Jakina da landare honen etxekotzea edo landaketa Mexikon hasi zela duela 12.000 urte inguru. Europara XVII. mendean iritsi zen, eta erraz zabaldu zen klima ezberdinetan hazteko duen erraztasunagatik. Gaur egun mundu osoan ereiten den landarea da.

Artoaren milaka barietate daude, kolore ezberdinetakoak, nahiz eta hemen horiak eta laranjak diren ezagunenak. Baina badaude moreak, urdinak, berdeak… Arto horia, Hegoamerikan diotenez, animalien kontsumorako da eta koloretakoak, berriz, pertsonentzako. Dena den, oinarrian azukre gehien duten barietateak erabiltzen dira giza-kontsumorako. Europara barietate gutxi batzuk bakarrik iritsi ziren, giza-kontsumorako egokienak ez zirenak eta horrek, beste arrazoi batzuekin batera, elikagai bezala hainbesteko zabalpen ez izatea eragin zuen. Horrela, taloak eta ogia egiteko erabili izan dira. Ertamerikan, berriz, jaki mota ugariren prestaketan erabiltzen dute.

Artoak, dena den, propietate ugari ditu, batez ere berez dituen karbohidrato eta proteina kopuruari dagokionean, besteak beste, A, B1, B3 eta C bitaminak eta azido folikoa.

Taloak ogi bezala jaten baziren ere, gure inguruan ez dago egunero edo nahiko maiz jateko ohiturarik, jatorrizko herrialdeetan gertatzen denaren alderantziz. Artoa modu ugaritan sukaldatuta kontsumitu daiteke: osorik egosita, txikituta irina bezala, frijituta, olio bezala, eta abar. Barietate bakoitzaren arabera, modu batera edo bestera prestatzen dituzte.

Dena den, liseriketa egiteko astuna izan daitekeenaren fama du eta hori artoak berak dituen enzima batzuek eragiten dute. Hau ekiditeko, Ertamerikan nixtamalizazioa izeneko prozesua egiten dute, oinarrian arto-aleak egostean datza. Duela milaka urte sortu zuten artoa ‘jangarriagoa’ egiteko modu hau, baina ez zen landarearekin batera zabaldu beste herrialdetara. Hori egin gabe jaten bada, B3 bitamina ondo ez xurgatzea dakar, pelagra izeneko gaixotasuna dakarrena, adibidez.

Giza-kontsumorako hain egokiak ez diren barietateekin, animalien bazkaz gain, artotik eratorritako olioa edota arto-hartzitua egiten da, baita whisky antzeko edaria haziak destilatu ondoren. Arto-krispetak egiteko adibidez, barietate zehatz batekin egiten da ‘Zea Mays everta’ izenekoa, tenperatura altuekin lehertu egiten dena. Amerikar indigenen elikagai tipikoa zen eta esploratzaileentzako berrikuntza izugarria izan ziren.




Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta