Denetatik eta ondo jan

Jan, denetik eta ondo. Cattalin

Denetatik eta ondo jan

Jatea ia erlijioa den tokian, zenbat jan behar den jakitea zaila izaten da eta, aldi berean, guztiz beharrezkoa

Amaia Núñez Yarza

Platera goraino beteta, eta ahal bada, eltzea ondoan dugula. Nork ez du pentsatu horrela eginda hobeto elikatuta zegoela? Bada, ondo elikatuta egoteko, platerean jarritako jakien kantitatea baino zerbait gehiago begiratu behar da: zer jartzen dugun.

Ezaguna da piramide nutrizional ospetsua, zeinak dioen elikaduraren oinarrian fruituak eta barazkiak egon behar dutela. Baina horrek ez du argi uzten noraino bete behar dugun platera. Hala ere, badaude bakoitzak zenbat jan beharko lukeenaren kalkulua egiteko beste modu batzuk.

Horietako bat da, eskuaren metodoa. Izenak dioen bezala, razio bakoitzaren tamaina eskuarekin neurtzean datza. Horren arabera, eskukada batek taza baten antzera okupatzen du eta kantitate hau erabili beharko litzateke, adituen arabera, arroza, pasta, zerealak, barazkiak eta fruta jaterakoan. Haragi eta arrainetan, berriz, esku-ahurraren bezainbestekoa izatea tamainan nahikoa litzateke eta, osagarri koipetsuen kasuan, hau da, gurina, mahonesa edota antzeko gatzozpintzeak, behatz potoloaren hatz-mamiaren tamainakoa gehienez.

Kalkulu hau adinaren araberako kalkulua egiteko egokia delako defendatzen dute adituek. Haurren kasuan txikiagoa eta hazten goazen heinean handiagoa. Hala ere, helduei buruz aritzean, beti komeni da kontuan izatea pertsona bakoitzak behar ezberdinak dituela, egunerokoan gastatzen duen energiaren arabera, eta norbera dela nork bere gorputza ezagutuz, zenbat jan behar duen hoberen jakin dezakeena.

Eskuen metodoa nahiko fidagarria suertatu daitekeen arren, elikagai bakoitzaren razio gomendagarria zein den jakitea ere komeni da. Gaur egun, asko dira kaxan bertan azaltzen dituzten produktuak, bereziki zereal eta lekaleen kasuan. Baina soltean eskuratzen direnetarako, adibidez, arroza eta pasta, 70 gramokoa da razio bakoitza. Baina pixatzen aritu gabe, ukabil itxi baten pareko edo esku-ahurran sartzen dena beharko duke. Patatak, esaterako, 150-200 gramo dira, gosarirako ogia 50 gramo edo eskuaren tamainako ogi-xerra eta zerealak, 30 gr. Esnearen kasuan, egunean bi edo hiru esne baso gomendatzen dira, baina adinaren arabera beharrezko kantitatea aldatu daiteke. Olioa, berriz, olibako koipea bada, hiru eta sei razio artean behar dira egunero (bakoitza goilarakada handi bat).

Pertsona bakoitzak jan beharko lukeen kantitateaz gain, elikagai ezberdinen proportzioak kalkulatzeko beste modu bat platerari begiratzea da. Honen arabera, plateraren erdia fruta eta barazkiz bete behar da, bitamina eta mineral ugari eskaintzen dituztelako. Laurden batean zerealak eta, beste laurdenean, proteinak egon beharko dira.



Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta