Joxe Martin Otaegi: «Animalia bati argazkia ateratzen diozunean, berriro ikusi dezakezu; hor daukazu trofeoa»
Joxe Martin Otaegik argazki-ehiza du afizio, Espainiako zein Europako txokoetan zehar bidaiatzera eraman diona
Agurtzane Núñez Yarza
Gaztetatik ehiztaria zen Joxe Martin Otaegi. Baina egun batean, eskopetarekin apuntatu eta ez zuela gehiago tirorik botako erabaki zuen. Gaur egun, argazki-ehiza egiten du, hau da, mota guztietako hegaztiak argazki-kamerarekin ehizatzea da bere afizioa.
-Nolatan hasi ziren argazki-ehizan?
-Ni ehiztaria nintzen, baina animaliak hiltzeaz nekatu nintzen. Gogoratzen naiz lagun-kuadrilarekin Urbasara joan ginela ehizatzera, orduan oraindik bertan ehizatu zitekeenean. Ni nintzen eskopeta neukan bakarra dozena inguru lagunetatik. Goizean ehizera joan eta bi zozo genituen. Apuntatu nien baina ez nien tiroa bota, eskopeta hartu eta bizkarrean bota nuen. Lagunek esaten zidaten ‘baina zer ari zara egiten?’ eta erantzun nien ‘nekatu naiz, azken irteera da hau’, eta gaur arte.
-Eta eskopeta argazki-kamerarengatik aldatu zenuen?
-Bai, baina ez segituan. Urte batzuk egon nintzen mendira joanez ibiltzera bakarrik. Geroago hasi nintzen argazkiak ateratzen eta jada badaramatzat 35 edo 40 urte. Animalia bati argazkia ateratzen diozunean, berriro ikusi dezakezu animalia hori. Hor daukazu trofeoa.
-Orduan oraindik ez zegoen digitala.
-Ez. Lehenengo aldia argazkiak atera nituena lagun baten kamerarekin izan zen. Riglosen geunden putreei argazkiak ateratzen eta kamera uzteko eskatu nion. Inoiz ez nintzen lehenago ibili. Argazki bakoitzeko esaten zidan ‘hogei duro, hogei duro…’, eta artean pezetak zeuden eta azkenean galdetu nion ‘zergatik esaten didazu hogei duro?’, eta erantzun zidan ‘argazki bakoitza ateratzen duzunean, neri hogei duro kostatzen zait’. Orduan karreteak zeuden, oso garestiak ziren. Gero ia segituan digitalak egiten hasi ziren, eta oso ondo.
-Non ateratzen dituzu argazkiak?
-Batetik bestera ibiltzen naiz. Hasi nintzenean batekin eta bestearekin hitz egiten nuen, biologoak diren lagunak ere banituen, batzuk horretatik bizi direnak, eta pixkanaka lekuak ezagutzen joan nintzen Espainian. 2019an, adibidez, Europa guztian zehar ibili nintzen ornitologo batzuekin. Lagunak nituen eta beraiekin joatea proposatu zidaten parke naturaletan, eta bar. Dokumental batean ere parte hartu nuen, ‘Soñando con alas’ izenekoa, afizio hau daukagunoi buruzkoa.
-Europan zehar mugitu zara orduan.
-Argentinara ere joan nintzen. Afrikak esaterako, ez dit atentzioa deitzen. Bertako leoiak eta animaliak dokumentaletan oso ikusita dauzkat, nahiz eta zoragarria dela esan didaten. Baina nahiago dut animalia nik bilatu. Duela urte batzuk, adibidez, Norbegian egon nintzen idi musketariei ateratzen, kapritxoa neukalako.
-Hegaztiak bilatzera joaten zara?
-Bai, baina ateratzen den guztiari botatzen diot. Emozio berdina sentitzen det kaskabeltza bati ateratzen, mila aldiz aterata ere. Batzuetan gertatu izan zait teleskopikari begira jarri eta argazkia ateratzea ahaztea, eta animaliak aldegitea. Orain otsoak ateratzen ibili naiz eta oso denbora gutxi ematen dizu, beti pasadizoan harrapatuko duzu. Hartzak denbora gehiago ematen du, belazean ibiltzen delako.
-Ze distantziara ateratzen dituzue argazkiak?
-Distantzia handira, teleobjetiboarekin, mendi-magaletik. Otso bati, adibidez, kilometro pare batera, bestela ezin da.
-Gidariarekin joaten zara, edo zuk bilatzen dituzu?
-Guk bilatzen ditugu, badakigu gutxi gora-behera nondik dabiltzan. Baina buelta asko egiten ditugu ere ezer ikusi gabe. Azkeneko irteeran adibidez, hiru egunez egon ginen eta egun batean hiru otso eta hartza, hurrengoan bi otso eta bi hartza eta hirugarrenean bost otso ikusi genituen. Badaude tokiak gidariarekin joaten zarenak, ezkutatzeko ‘hide’ak prestatuta dauzkatenak, baina niri ez zaizkit gustatzen. Zoologiko bateko argazkiak iruditzen zaizkit eta gero ez didate hainbeste graziarik egiten.
Pingback: Txantxangorri 134. alea - Txantxangorri Aldizkaria