Xalton Zabala: «Bidean zenbat pelotari galdu diren zalantza edukitzen dut»»

Xalton Zabala

Xalton Zabala: «Bidean zenbat pelotari galdu diren zalantza edukitzen dut»»

Xalton Zabala > Amezketako Zazpi Iturri pelota elkarteko sortzailea

Agurtzane Núñez Yarza

Ia mende erdi darama Xalton Zabalak Amezketako pelotariak sortzen. 1975ean Zazpi Iturri elkartea sortu zutenetik, ehunka haur pasa dira bere entrenamenduetatik, eta hainbatek profesionaletara ere salto egin dute. Orain, eskolako arduradun izateari utzi dio, eta bere pilotari izandako herriko gazteek hartu dute testigua.

-Nolatan sortu zenuten kluba?

-Zazpi Iturri elkartea 1975ean sortu genuenean herrian ez zen beste elkarterik. Lehenago Oargi egon zen, baina elizaren menpe. Elkartean hiru sekzio egin genituen. Bat pelotakoa zen, bestea atletismokoa eta bestea ziklismokoa. Nik hartu nuen pelotaren ardura. Beste biek urte pare bat iraun zuten, baina ez zuten gehiago jarraitu.

-Zenbat haurrekin hasi zineten?

-Hasieran ez ziren asko izango, forma hartu bitartean, hamar bat edo. Baina segituan talde handi bat egin genuen herriko mutil koxkor guztiak hortik pasatzen zirelako. Beste eginkizunik ez zegoen, eta futbol talde bat osatzeko hainbeste kopuru ez da izaten.

-Zenbat izatera iritsi zarete?

-Gure momento onenean hirurogei bat edo izango ginen, orain gutxiago dira. Herriko gazte guztiak zeuden. Gero, urte txarrak ere egon dira: 1976 inguruan jaiotza oso gutxi izan ziren urteak egon ziren, eta igual hirutik bakarra zen mutila. Zaila izaten da bikoterik edo lagunik ez badauka. Orain neska batzuk ere ibili izan dira, baina joan-etorri.

-Zazpi Iturrik eskola onaren ospea dauka.

-Hori egiten diren taldeak dira. Momentu honetan klubik onenetakoa Tolosa da, maisu onak dituelako, baina baita talde ona dutelako, jende onena hor dagoelako ere.

-Zein txapelketa irabazi dituzue?

-Lehenengoa Gipuzkoako Txapelketa izan zen, alebin mailan, 1981ean. Rebulsibo bat izan zen. Hamaika edo hamabi urteko mutikoak astelehenean eskolara joaten zirenean lagunek galdetzen zieten ‘zer egin duzue?’ eta esaten zieten ‘irabazi’, eta hurrengo astean ere irabazi, eta hurrengoan. Jende asko animatu zen hor. Horrez gain, titulo guztiak lortu ditugu behin gutxienez: Euskadiko txapelketa zazpi aldiz, herriartekoa, Espainiakoa ere bai, eta Euskal Herriko Kluben Nazionala behin ere irabazi genuen.

-Nola planteatzen zenituen entrenamenduak?

-Aurrena behintzat behar duzu dedikazio bat, dedikazio militante bat. Ni egunero sartzen nintzen frontoira lauak eta erdietan, zortziak eta erdira arte. Gero, daukazun jende kopuruaren arabera antolatzen dituzu entrenamenduak. Normalean astean bi entrenamendu egiten zituzten, eta astebukaeran partidua jokatzen zutenak, hirugarren bat bezala. Hori nahikoa da. Laguntza falta izan bada ere, saiatzen ginen pelotarien lagunen bati esaten entrenatzera etortzeko, bikoteak osatzeko. Aurreneko orduan txikiek entrenatzen zuten, gero kadeteek eta jubenilek eta hirugarenean helduek.

-Urte guzti hauetan zu bakarrik egon zara?

-Hasi ginenean bizpahiru aritzen ginen, nere koinata ere bai, baina gero Iruñeara joan zen bizitzera, eta ia denbora guztian bakarrik egon naiz. Nere gauzarik txarrena hori izan da, balorerik ez edukitzea jendeari laguntza eskatzeko. Eskaintzen bazidaten onartzen nuen, gustora gainera. Gero, ekonomikoki, ez zegoen dirurik; boluntario, militantzia bat behar duzu eta jendeari zaila egiten zaio. Azkeneko urteetan txikiekin monitoreak jarri nituen, baino medikuak esan zidalako frontoian dagoen hezetasunarekin hobe nuela ahalik eta ordu gutxien egon, batez ere neguan. Frontoi guztiak hotzak dira, baina Amezketakoa markakoa da.

-Harro egoteko moduko emaitzak izan dituzue.

-Bai, hala usted ut. Urte oso onak eduki genituen Eneko Galarza, Haritz, Saralegi eta horiek profesionaletara pasa zirenean. Munduko txapeldun bat ere eduki genuen, Juan Antonio Artola, Imazekin.

-Azpimarratzekoa da herri txiki batetik pelotari profesionalak ateratzea.

-Beti egongo dira. Baina harritzekoa da ere toki askotan ez zutela frontoirik eta profesionalak zituzten: Altzon Unsain, Alkizan Aranzabe, Iruran Gabellanes, Abaltzisketan Otamendi… Amezketan askoz errazagoa geneukan profesionalak izateko hiru frontoi genituelako. Hori bai dela balorea.

-Momentu onenen artean zein gogoratzen duzu bereziki?

-Euforia momento bat Herriartekoa irabazi genuenekoa izan zen. Hori da saririk haundiena herri batentzako. Gero, bestela, pelotariak profesionaletara pasatzen direnean eta Altunaren eskuz banakako txapela. Lehen Tolosarenak bizi izan nituen eta orain Altunarenak. Onak baino, txarrak kezkatzen nau. Ez dakit zenbat pelotari pasako ziren hemendik, berrehun bat, baina horietatik zortzi edo bederatzi izan dira profesional. Zalantza edukitzen duzu zenbat galdu dituzun bidean. Batek esango du zortzi edo hamar profesional ateratzea kristorena dela, baina berrehundikan oso eskasa da, maisu txarra.

-Elkartearen ardura hartu duten gazteei zer gomendio emango zenieke?

-Segitzeko, ez etsitzeko. Segitzen badute fruituak aterako dira. Orain badaude bederatzi urteko bi mutiko oso onak. Horien inguruan jende ona egingo da jarraitzen badute.

Idatzi zure iritzia

Zurriola correduria de seguros
CDI Informatika
Tolosa motor
Dentieder hortz klinika
Gruas y Transportes Urbieta