Txoriak izurriteen babesle

Biobox proiektuko habia-kutxa sagasti batean

Txoriak izurriteen babesle

Intsektuak jaten dituzten hegaztientzako kabiak sortuz, izurriteen zabalpena gelditzea da helburua

Agurtzane Núñez Yarza

Teorian erraza da: ingurunean ez dago behar ez denik eta animalia guztiek beren funtzioa betetzen dute naturan. Praktikan, hala ere, hori betearaztea ez da hain erraza. Udan, beroarekin, jaiotzen diren intsektuekin akabatzen dugunean, landareen polinizazioa ekiditen dugu, eta berdin gertatzen da hegaztiekin; kaskabeltza edota amilotxak, adibidez, nekazal guneetan izurriteak sortu ditzaketen milaka intsektu eta har jaten dituzte, eta hontzak zein harrapariek, uztak jan ditzaketen animalia txikiak harrapatzen dituzte.

Ideia horretan oinarrituta Aranzadi Zientzia Elkarteko Ornitologia sailak joan zen urtean Biobox ekimena sortu zuen. Helburua txakolindegietako mahastietan eta sagardotegietako sagastietan izurriteak sortzen dituzten gaueko tximeletak modu naturalean kontrolatzea da, txorientzako habia-kutxak jarriz, eta etorkizunean pestiziden erabilera ahal bezainbeste murriztea. «Proiektu hau ez da guk asmatutako zerbait, Ameriketako Estatu Batuetan urteak daramatzate egiten, eta orain Asturiasen ere antzeko proiektua egiten ari dira», adierazten du Maite Lasok, Biobox proiektuko arduradunak.

Izurriteen kontrol biologikoa historian zehar modu naturalean egin izan den zerbait da, baina joan zen mendean txoriak hiltzeko ohiturak eta zuhaitz zaharren ordezkapenak ia desagerrarazi egin zituen nekazal inguruetan. «Ziurrenik antzina sagarrondoak zaharragoak izango ziren eta zuloetan egingo zuten kabia txoriek. Orain, enborrek ez dute zulorik eta txoriak zuhaitzetara gerturatzen laguntzeko modu bat da», azaltzen du. «Txori intsektujaleentzako egokitutako kaxak dira, sarrerako zuloa txikia dutenak. Espezie hauek ez dituzte fruituak jaten edo kaltetzen baizik eta intsektuez bakarrik elikatzen dira», gehitzen dute.

Getariako txakolina eta Euskal Sagardo jatorri deiturako launa upategik parte hartzen dute proiektuan. Aurten, osasun larrialdi egoerak udaberriko kontaketa prozesua eten zuen, eta datorren urtera luzatu dute proiektua, gutxienez bi urteko datuak edukitzeko eta konparaketa fidagarriagoa egiteko. Petritegi sagardotegiko Jon Torresek nabarmentzen du beraien helburu nagusia tratamenduen gutxitzea dela: «Ekologikoan ari garenok momentu oso konkretuetan baino ezin ditugu erabili, tximeleta har asko ditugunean. Bestela, ezer ez botatzen saiatzen gara, eta proiektu honek izurriteen kontra modu natural batean aurre egiten laguntzen digu», dio.

Oraindik aldaketa gehiegirik nabaritu ez badute ere, epe ertainera ia tratamendurik behar ez izatea espero dute. «Ikerketa batzuek diotenez, zaintzen ez den sagasti batean ehuneko 80a jaten dute harrek, eta zaintzen bada, ehuneko hamarra besterik ez», azaltzen du Torresek. Hemen oraindik kalkulu ekonomikoa egin ez badute ere, «Estatu Batuetan kalkulatu zuten kotoi plantazioetan urtean 750.000 euro aurrezten zituztela tratamenduetan, asko da», dio Maite Lasok. Mahastietan batez ere mahats mordoaren sitsaren, ‘Lobesia botrana’ren, izurritea gertatzen da, eta sagastietan karpocapsa izenekoarena, ‘Cydia pomonella’. Gauez ateratzen diren tximeletak dira, baina harrek, fruituak jaten dituzte.

11.000 intsektu

Sagastietan eta mahastietan bi motatako kutxak jarri dira, txorientzako habia-kutxak eta saguzarrentzako babes-kutxak. «Habia-kutxen ehuneko 40 inguruan egin dute habia txoriek. Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen dizkigu kaxak, eta hutsik jartzen ditugu. Gero, txori bikote bakoitzak barruan eraikitzen du habia», azaltzen du Lasok. Udaberrian, apiriletik ekainera, izaten da habia egiteko garaia eta Aranzadiko kideak hamabost egunez behin gerturatzen ziren jarraipena egitera. «Beteta zegoela ikusten bagenuen bagenuen eta txori kumeak bazeuden, habia-kutxa batzuetan kamera bat jartzen genien aurrean, zenbat sartu-irten eta zer jaten zuten jakiteko. Kalkulatu dugunez, egunean 134 bat sartu-irten egiten zituzten batazbesteko eta umatze garaian 11.000 intsektu inguru jaten ditu bikote bakoitzak».

Saguzarren kasuan zuhaiztien kanpoaldean jarri dituzte babes-kutxak, lau bat metroko altueran, «gerturatzen direnean inolako oztoporik ez izateko». Saguzarrek ez dute zertan behin baino gehiagotan kutxa berean egon, «egun batean kutxa beteta egon daiteke eta hurrengoan ez. Emea umatzen ari denean bakarrik geratzen da toki berean», azaltzen du Lasok. Kutxak beteta dauden ikusteko kamera bat erabiltzen dute.

Hala ere, gaia sakonago ikertzeko saguzarrek emititutako soinuak grabatu dituzte. «Gu ez gara saguzarretan adituak, eta Portugalgo Evorako unibertsitatearekin elkarlanean ari gara. Audioak aztertuz esango digute zein espezietakoak diren gure sagasti eta mahastietan egon direnak».

Idatzi zure iritzia

Zurriola correduria de seguros
CDI Informatika
Tolosa motor
Dentieder hortz klinika
Gruas y Transportes Urbieta