Uda lasaia Aralarko larreetan

Aralar

Uda lasaia Aralarko larreetan

Udako eguraldi lehorrarekin, bi aurpegi ezberdin erakusten ditu Aralarrek

Agurtzane Núñez Yarza

Badira lau hilabete goi mendietako larreak ireki zirenetik eta oraindik beste bi geratzen zaizkie ganaduzaleei eta abereei Gipuzkoako larreetan. Aralarren 120 ganaduzale egoten dira udaberritik udazkenera arte beren abereekin, horietatik 40 artzainak.

«Uda hau azken bost urteetako lehorrena izan da. Udaberria ondo hasi zen baina uztailan eta abuztuan ez du euri askorik egin, eta horrek eragina izan lezake denboraldiaren amaierara bitartean», aitortzen du Jose Antonio Irastortza Etxabe Enirio Aralar mankomunitateko basozainak.

Uda lehorra izan da eta horrek Aralarren bi aurpegi ezberdin ikusteko aukera ematen du: iparraldeko isurialdean belaze berdeak ageri dira eta hegoalderantz marroi kolorea hartzen du paisaiak, lehortearen eraginez. Hala ere, basozainak azpimarratzen du «batak ez du zertan bestea baino hobea izan behar. Berdea dagoenean belarra oraindik heldu gabe egon daiteke, eta marroia badago ere, mamitsuagoa da, eta landareen haziak pentsu-moduan funtzionatu dezakete».

Neguan elurtuta ikustera ohituta gauden arren, Aralarren ura oso modu desberdinean banatzen dela azaltzen du Jose Antonio Irastorzak. «Amezketa aldean erreka dago eta Maizegi aldean ere bai, gainerakoan gutxi. Kareharrizko mendia da eta euria egiten duenean oso erraz joaten da barrurantz».

Horrek duela urte batzuk arazoak sortzen zituela dio, animaliak ura aurkitzeko asko mugitzen zirelako eta ganaduzaleei hauek topatzea kostatzen zitzaielako. «Duela 17 urte gertatu zen lehortea eta gero, mendiaren azpitik ura kanalizatu genuen iparraldetik hegoalderantz, txabolek eta askek ura eduki zezaten», gogoratzen du. «Joan den negua izan da urte askotan ezagutu den epelena eta elur gutxirekin, prezipitazio gehiegi ere ez. Nahiko pozik eta harrituta nago akuiferoak aguantatzen ari direlako», dio.

Izan ere, Gipuzkoako Aralarren zatiak 3.500 hektarea ditu animaliak bertan ibiltzeko. «Horietatik 2.200 inguru larreak dira, 800 inguru basoak eta gainerakoak harkaiztiak», zehazten du.




Neguan behean

Hala ere, Aralarren aldaketa sakonena duela hogeita hamar urte inguru gertatu zen, neguan larreei deskantsua ematen hasi zirenean. «Horretan aitzindariak izan ginen. Lehen urte guztian egoten ziren abereak, batez ere behorrak. Mendiarentzat hiru hilabeteko deskantsua ematea ona izango zela pentsatu genuen, batez ere ganaduzale profesionalei, artzainei, laguntzeko, eta ardiak mendira igotzerakoan belarra nahikoa edukitzeko», gogoratzen du. Hasieran kosta bazen ere, «orain denek aitortzen dute onerako izan zela, belarrari hazteko denbora ematen zaiolako», dio.

Aitzindariak izan ziren ere ahariak mendira batera igotzen. «Batzuk maiatzean, igo bezain pronto, eramaten zituzten, eta besteek nahiago zuten hilabete batzuk beranduago. Gogoratzen naiz guztiengana joan nintzela banan-banan hitz egitera, noiz nahiago zuten galdetzeko», aipatzen du Irastorzak.

Azkenean, guztiekin hitz egin ondoren, ekaineko lehenengo larunbatera arte ahariak ez igotzea erabaki zen. «Ardiek bost hilabeteko haurdunaldia dute eta horrela azaroaren erdialderako jaiotzen dira, Eguberrietarako saltzeko, prezio pixka bat hartzen dutenean. Gainera, aste gutxiren bueltan jaiotzen dira denak», azaltzen du. «Lehen sanjosetan, martxoan, izaten zen arkumea bazkaritarako, horregatik batzuk beranduago nahi zuten, baina hori ere aldatu da», gehitzen du.

Negua behean, baserri inguruan, pasatzea ere mesedegarri da animalientzako, batez ere ardientzako, umeak eduki ondoren indarrak har-tzeko denbora dutelako mendira itzuli aurretik. «Ni hasi nintzenean, duela 36 urte, animalia asko hiltzen ziren neguan elurretan. Barruko bakteriak hartu, ahuldu eta ezin buelta emanda», gogoratzen du. Orain, maiatzean igotzen direnean, belar hazi berriarekin indarra hartzen dute umea hartzeko.

Biodibertsitatea zainduz

Urtero milaka ardi, behi eta behor igotzen dira mendi garaietako larreetara. Milaka urteko tradizioaz haratago, larreak garbi mantentzeko modu bat da. Hori erakutsi dute azken urteetan egin diren ikerketek. «Hiruzpalau zonaldetan itxiturak sortu dira, 50 metro zabaleko laukiak, animaliarik sartzen ez den tokietan nola eragiten duen jakiteko. Itxituretan garoa eta otea hazi da, baina horrez gain ikusi da hamar landarek gainerakoei tokia kentzen dietela. Animaliek landare altuenak jaten dituzte eta besteei tokia uzten diete, 70 landaretik gora zenbatuz. Biodibertsitate askoz handiagoa dago animaliekin», azaltzen du Jose Antonio Irastorzak.

Landareez gain, animalia basati ugari ere badaude, «nahiko kantitate onean daude. Basurdeak, erbiak, azeriak, hegaztiak ere bai, putrea, saia eta ugatzen bat ikusten dira. Orokorrean ez dute arazorik sortzen abereekin», azpimarratzen du.

Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta