Ur Mara museoak Iñaki Epelde eta Jose Luis Longaron omenduko ditu maiatzaren 27an

Ur mara museoko ekimenetako bat. Argazkia: Núñez

Ur Mara museoak Iñaki Epelde eta Jose Luis Longaron omenduko ditu maiatzaren 27an

Museoen Nazioarteko Egunarekin bat egingo du Ur marak erakusketa eta Et Incarnatus orkestraren kontzertuarekin

Ur Mara museoak Iñaki Epelde eta Jose Luis Longaron margolariak omenduko ditu Museoen Nazioarteko Egunaren harira antolatu duen ekitaldian. Maiatzaren 27an, larunbatean, ekitaldi berezia egingo du 18:00etatik aurrera bi artistak omentzeko. Aldi berean, erakusketa irekiko da Epelde, Longaron eta Koldobika Jauregiren lanekin. Erakusketa uztailaren 31era arte egongo da irekita.

Gainera, Tolosako Euskal Herria plazako arkupean egindako margolanen dokumentala proiektatuko da. Iñaki Epelde, Jose Luis Longaron, Jose Mari Hernandez eta Koldobika Jauregik egin zuten plazako arkupe osoa betetzen duen margolana. 1989ko maiatzaren 19an inauguratu zen.

Omenaldia eta ospakizuna amaitzeko, Et Incarnatus Orkestrak kontzertua eskainiko du Ur marako basoan. Orkestra tolosarra ospetsua egin da munduan auditorio eta elizez gain ohiz kanpoko lekuetan emanaldiak eskaintzeagatik, batez ere naturaz inguratuta. Tradizio bilakatu da jada, esaterako, Urkizu auzoan urtero udako solstizioan eskaintzen duten kontzertua.

Ekitaldirako sarrera doakoa da, baina aforo muga dela eta, nahitaezkoa izango da urmara.alkiza@gmail.com helbidera mezua bidaltzea izena emateko, izen-abizenak eta telefonoa adieraziz. Bukaeran, nahi dutenentzako afaria egongo da. Horretarako, aurrez izena ematea gomendatzen dute.



Idatzi zure iritzia

Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta