Bixente Gorostidi: «Denei aholkatuko nieke bertsoak ezagutzeko, mundu aberatsa da»

Bixente Gorostidi eta Amaia Agirre bertsolariak

Bixente Gorostidi: «Denei aholkatuko nieke bertsoak ezagutzeko, mundu aberatsa da»

Bixente Gorostidi > bertsolaria

Amaia Núñez Yarza

Bertso bakarra nahikoa izan zen ordura arte afizio zuen bertsolaritza munduan murgiltzeko. Garai bateko bertsolariak bezala, gustura zegoenean abesten hasi zen Bixente Gorostidi. Doinu bakarra buruan zuela, Peñagarikanori lehen bertso hartan entzundakoa. Berandu hasi bazen ere, ogibide bihurtu du afizio hura.

-Nolatan hasi zinen bertsolaritza munduan?

-Ni berandu hasi nintzen, 18-19 urterekin edo, Peñagarikanoren bertso bat entzunda. Garai hartan irratitan-eta ematen zituzten bertso saio asko. Lehenengo aldiz entzun nuen bertso hori Hitzetik Hortzeran. Garai batean egon ziren pentsatzen teklatuetatik eñe letra kendu egin behar zutela, Europako teklatu guztiak berdinak izateko. Peñagarikanori jarri zioten gai hori, ‘eñe-a kenduko balitz ze aldatuko litzateke?’ eta berak kantatu zituen bi bertso. Niri harritu ninduen bertso batean zenbat gauza esan zituen. Horri bueltaka hasi nintzen. Gogoratzen zitzaidan zatitxo bat eta idatzi nuen paper batean, baina falta nuen bestea. Astelehenen jarri nuen Segura Irratia eta hor beste zatitxo bat; asteartean Arrate Irratian beste zatitxo bat, eta oraindik falta zitzaidan beste zatitxo bat larunbatetan ematen zuten Euskadi Irratian bertso programan, eta horrekin osatu nuen. Ikasi nuen bertsoa buruz. Batzuetan ahaztu egiten zitzaidan eta sartzen nituen hitz batzuk… Probak egiten, doinu hori ikasi nuen eta horrekin hasi nintzen.

-Lehenago ez zenekien ezer?

-Orduan ez nekien neurri diferenteak zeudenik, zortzikoa, zazpikoa, seikoa… Gero Amezketako festetan bertso ba-tzuk abestu nituen plazan herri bazkarian. Denak harrituta. Ni berez naiz nahiko isila eta lotsatia. Iñauteritako Talaik eta gero, beti joaten ginen sagardotegi batera. Hor ere afaria bukatu eta ‘aiba, berriz ere doinu horrekin bertsotan!’. Eta pixka bat horrela hasi nintzen.

-Sakontzea pentsatu zenuen?

-Amezketako irakasle batzuk antolatu zuten bertso-afari bat, didaktikoa. Etorri ziren Amuriza eta Mikel Mendizabal. Afaldu baino lehen eman zituzten azalpen batzuk, zer da bertsoa, nolako neurriak, doinuak… ikastaro txiki bat bezala; afaldu eta gero ekarri zuten bertso eskoletako ariketak bezalako batzuk, erraz-errazak. Ni hasi nintzen eta ondo, nahiko errez. Mendizabalek esan zidan, ‘Elduaienen daude bi gazte pixka bat bertsotan ibiltzen direnak, Ibon Karrera eta Xabier Nazabal, eta Tolosan dago beste bat, Alfontso Jimenez, eta nahi baduzu beraiekin elkartuko gara, hasiko gara ikastaro bat’. Horrela hasi nintzen berarekin. Gero etorri zitzaigun Millan Telleria doinuak eta kantaera azaltzera. Berak oso ondo abesten du, eta eman zizkigun ikastaro txiki batzuk, eta Andoni Egañak beste batzuk. Baino gero gu hasi ginen, lauok elkartu eta saiatu.

– Txapelketetan ere aritu izan zara.

-Txapelketetan hasi ginen 95ean. Mendizabal etortzen zenean Tolosara guri ikastaroa ematera esan zigun ‘Zarautzen dago bertsolari txapelketa bat gazteentzako eta apuntatu egin zaituztet’. Gu asko beldurtu ginen, inoiz kantatu gabe. Han izaten da Lizardi Saria irailean. Horrela joan ginen Alfontso, Xabier, Ibon eta laurok. Ez genuen inor ezagutzen, baino telebistan ikusita ezagutzen genituen Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze… ‘Ai ama, ai ama, ai ama…’. Egun bakarrekoa izaten zen, hasieran kanporaketa batzuk eta gero finala. Gu kanpora geratu ginen baino Alfontso finalera iritsi zen, eta Mendiluzerekin-eta kantatu zuen. Hori 95eko iraila zen eta gero hasi zen Gipuzkoako Txapelketa. Hor izena eman zuen Mendizabalek, eta beldur horrekin hasi ginen asko elkartzen, astero bi-hiru aldiz laurok Tolosan, eta lortu genuen, ez igual maila ona, baino behin-tzat guk nahi genuen ‘ez isiltzea’. Ni 95eko horretan ondo ibili nintzen, ez nuen espero, zortzi finalista izaten dira eta geratu nintzen bederatzigarren, finaletik bi puntura. Semifinala zen Ordizian, Sorozabalek irabazi zuen eta bigarren geratu nin-tzen. Gero nik uste dut, inozentzia horrekin edo, ausartago; ikusten joan ahala nola den, zenbat eta gehiago prestatu konturatzen zara gehiago falta zaizula. Ibili nintzen urte batzuetan nahiko ataskatuta. Gero egon ginen Amezketako Udaletxean, alkate, eta hor gaizki. Burua daukazu beti beste leku batean. Nik uste horrek pixka bat kalte egin zidala bertsotarako.

-Burua oso argia izan behar da.

-Egia da asko balio behar duzula, plazetara oso ohituta egon behar zara. Bestela sufritu egiten duzu. Nik oso gaizki pasatzen nuen, oso urduri. Ez egunean bertan, hamabost egun pasatzen nituen gaizki. Gero umeak izan genituen, eta umeekin beste gauza bat da. Saio gutxiago baino disfrutatzen dut saio horietan. Asko dira libreko saioak.

-Bertso-eskolako irakasle zara orain.

-Ingeniaritza ikasketak hasi nituen, baina konturatzen nintzen ez zela niretzako, niri beti gustatu izan zaizkidalako hitzak. Filologia edo kazetari-tza egin nahi nuen, baina Bilbora joan behar nin-tzen eta ni oso hemengoa naiz. Azkenean utzi egin nuen, gero plazetan abesten hasi nintzen eta Udaletxekoa etorri zen. Mikel Mendizabal aritzen zen bertso-eskolak ematen eta berak proposatu zidan Alegian irakasle bat behar zutela. Hori orain dela hogeita zazpi bat urte. Duela hamazazpi urte ‘Ahozkotasuna eta bertsolaritza’ hasi ginen ematen, euskararen barruan. Bi astez behin joaten naiz eskoletara. Hasi ginenean hezkuntzarekin erlazionatutako zerbait ikasteko gomendatu ziguten. Gizarte Hezkuntza ikasi genuen, Aitor Mendiluzek, Nerea Urrak eta hiruok. Lanarekin-eta ez genuen denborarik, baina izugarri disfrutatu genuen. Horretan ibiltzen naiz orain eta poz-pozik.

-Bertsoa gustatu eta hasi nahi dutenei zer esango zenieke?

-Nik denei, gustatzen zaienei, dudarik gabe, eta ez zaiela gustatzen pentsatzen dutenei ere, esango nieke entzuteko bertso batzuk, probatzeko, behintzat ezagutzeko. Nik aholkatuko nieke ezagutzeko, oso mundu aberatsa dela: balio digu historia ezagutzeko, gure aurrekoek zeri kantatzen zioten. Bizitzan zuk beti kantatzen diozu ingurukoari, ikusten duzuna, entzuten duzuna, gertatzen ari dena, etorkizuna nola ikusten duzun… Bizitzen duzuna da. Izan daiteke bertsoa edo abestiak, baino kantak beti daude bizitzako gaiekin lotuta. Bertsolaritzak laguntzen digu gure aurrekoak ezagutzen, gaur egunekoa ezagutzen eta, etorkizunera begira, gaur egungo gizarteak dauzkan erronkak eta ametsak ikusteko balio du.

Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta