Ogitartekoak, jaki azkarrak baino gehiago

Ogitartekoak

Ogitartekoak, jaki azkarrak baino gehiago

Jateko errazetik haratago, gastronomia mundu berezia osatzen dute ogitartekoek

Agurtzane Núñez Yarza

Ogitartekoak eta sandwichak beti izan dira bigarren mailako platerak. Arratsalde erdiko merienda edo afari azkar baterako irtenbidea bakarrik izango balira bezala, edota mendira goazenean eramaten dugun bazkari erraza. Baina, txorizo, txokolate edota tortillaz gain, aukera ugari daude ogi tartean jartzeko eta plater beteak prestatzeko.

Edozein motako tortillez gain, osagai bat baino gehiago duten ogitartekoetan erregina begetala da, nahi adina osagaiekin egin dezakeguna: letxua, tomatea, maionesa, atuna, baina baita gazta, York urdaiazpikoa edota oilasko bularkiak ere.

Esku artean ogitik erori gabe eutsi ditzakegun osagai guztiak sartu ditzakegu. Hori bai, prestatzerakoan truku nagusietako bat osagaiak erdialdera jartzea da, behetik eutsiz. Horrela, zailagoa izango da osagaiak behetik erortzea. Maionesa, tomatea edo edozelako saltsak garrantzitsuak dira ere, osagaiak elkarrekin mantentzen laguntzen dutelako, nahiz eta beti ez den lortzen beren funtzioa betearaztea.

Ogitartekoan ere arrautza frijituak

Patata-tortillarena, begetala, xerra piperrekin, edota xolomoa gaztarekin, asko dira bat-batean zerrendatu ditzakegunak. Sandwichen kasuan, aipatutako begetalaz gain, gazta eta York urdaiazpikoarena dira gehienen gustukoenak. Hori bai, ia herrialde guztiek dute beren berezitasuna.

Frantzian, adibidez, ospetsua da ‘croque monsieur’ izenekoa. Oinarrian urdaiazpiko eta gazta sandwich-a da, grill batean erretako ogiarekin, eta gainean bexamel saltsa du. ‘Madame’ bertsioan, guzti horren gainean arrautza frijitua darama.

Patata frijitu ogitartekoak ere ohikoak dira, eta Ingalaterran zein Hegoafrikan ospetsuak dira. Ingalaterran ‘chip butty’ deitzen diote, eta maionesa, kepchup-a edota bestelako saltsak jartzen dizkiote, baita batzuetan arrautza frijitua ere. Afrikan, berriz, ontzi forman moztutako ogi luzea erabiltzen dute, eta hiruzpalau pertsonen artean jan ohi da. Pata frijituez gain, xerra, arraina, saltxitxak, kalamarak edota oilaskoa ere gehitzen diote, saltsekin lagunduta.

Europan jarraituz, Alemaniar ogitarteko ezagunena arrainarekin egindako ‘fischbrötchen’ izenekoa da. Ozpinetan ondutako arraina izaten da nagusiki, xerra mehetan moztutako tipularekin eta ‘remoulade’ sal-tsarekin, maionesarekin eta mostazarekin egindakoa.

Pixka bat gertuago, Portugalen, ‘francesinha’ dute. Frantziatik itzulitako emigrante batek sortu zuen 1950. hamarkadan, hortik izena, baina denbora gutxian zabaldu zen bere ospea. Haragiarekin eta hestebeteekin egindakoa, gazta gratinatua darama eta gainean arrautza prejitua jartzen zaio. Gainera, tomatearekin eta garagardoarekin egindako saltsa pikante bat botatzen zaio.

Idatzi zure iritzia

Zurriola correduria de seguros
CDI Informatika
Tolosa motor
Dentieder hortz klinika
Gruas y Transportes Urbieta