Hartzituak, elikagai bizien onura
Hartzituak egiteko antzinako kontserbazio teknika gaurkotasuna lortu duen moda bat baina gehiago da
Hartzidura oinarri duten elikagaiak indarra hartu dute azken urteetan, elikadura osasuntsurako bidelagun gisa. Hala ere, elikagai hartzituak moda izatetik haratago, antzinako kontserbazio teknika dira eta osagai sinpleena ere zaporez betetako jaki osasuntsu bihurtzen dute. Ogia, gazta edota ardoa bezalako ohiko jaki eta edarietatik, gurera duela gutxi iritsitako kefir, chukrut edota kombucharaino, milaka urtetan eta kultura ezberdinetan, erabili den kontserbazio modua da.
Hartzituak sortzeko teknika sinplea da, nahiz eta atzetik zientzia konplexua duen. Oinarrian bakteriak, legamiak eta lizunak bezalako mikroorganismoek elikagai baten konposatu organikoak sinpleagoak bihurtzean datza. Zehazki, elikagaietako azukre eta almidoiak eraldatzen dituzte. Horrela, bizirik dauden elikagaiak direla esan daiteke.
Milaka urte dituen teknika bat da eta munduan zehar kultura ugarik erabili dute eligai ezberdinekin, irina, esnea, tea, aza edota mahatsak, orain arteko adibideetako batzuen kasuan. Prozesu honek elikagaiak denbora luzeagoan kontserbatzen laguntzen du hozkailuaren beharrik gabe, izan ere, hartziduran sortzen diren azidoek eta alkoholek kontserbante natural moduan funtzionatzen dute.
Prozesu honek elikagaien zaporea eta testura aldatzen du. Zehazki, zapore konplexuak bezala ezagutzen direnak sortzen ditu, besteak beste, azidoak eta umami delakoa. Era berean, kefir jogurten kremositatea eta ogiaren gasifikazioaren arduraduna da.
Hartzituek osasunerako onurak ere eskaintzen dituzte. Batetik, prozesuan parte hartzen duten mikroorganismoek elikagaien osagaietako batzuen aurre-liseriketa egiten dute. Horrela, nutrienteak errazago hartzen ditu gorputzak. Zentzu honetan, hartzitutako elikagai ugari B taldeko bitaminen eta K bitaminaren iturri dira.
Gainera, hartzitutako elikagaiek hesteetako osasuna hobetzen dute, mikrobiota orekatzen laguntzen dute, digestioa hobeto egiten, nutrienteak egoki xurgatuz eta sistema inmunitarioaren funtzionamendu egokia lortuz.
Mikroorganismoen lanak sortutako elikagaiak izanik, ‘bizirik’ daudela esan daiteke, eta ‘jaten eman’ behar zaie sortzen jarraitzeko. Horrela, elikagai biziak izanik, probiotikoen iturri naturala dira. Probiotikoak mikroorganismo onuragarriak dira eta, besteak beste, hesteetako mikrobiota orekatzen laguntzen dute. digestio ona egiteko, mantenugaiak xurgatzeko eta sistema immunearen funtzionamendurako funtsezkoa baita.
Horrela, sistema inmunologikoa indartzen dute, izan ere, gure defentsa gehienak hesteetan daude eta, hortaz, mikrobiota orekatu batek patogenoetatik babesten eta erantzun immunea modulatzen lagun diezaguke.
Hori dela eta, hartzituak bere neurrian kontsumitzen badira, mantenugaien bioeskuragarritasun handiagoa ahalbidetzen dute. Hartzidurak mantenugaiak eta bitaminak aska ditzake, bestela eskuragarritasun txikiagoa izango luketenak. Gainera, hantura murrizten laguntzen du azterketa batzuen arabera. Beraz, probiotikoek lagundutako mikrobiota osasuntsu batek hantura sistemikoa murrizten lagun dezake.
Txantxangorri aldizkaria etxean jaso nahi baduzu, erreportajeak online argitaratu aurretik, egin zaitez harpidedun hemen.
Erreportajea gustatu bazaizu, jarrai iezaguzu sareetan (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu. |