Beasaindik Usurbera

Beasain herritik Usurbe mendira igoera.

Beasaindik Usurbera

Beasaingo Usurbe mendira igoera erraza osatuko dugu

Beasaingo Jasokundeko Andre Mariaren elizaren aurrean dagoen aparkalekutik irtengo gara. Errepideari jarraituta, gorantz egingo dugu, eta, berehala, bidegurutze batera iritsiko gara; eskuinera jarraituko dugu, bide ertzetik.

Errepidetik igoko gara, herrigunetik irten arte, eta handik gora jarraituko dugu, alboetara ateratzen den errepiderik hartu gabe.

Ia ordubete oinez goazenean, bihurgune batera iritsiko gara. Bihurgune horretan, zementuzko bide bat ateratzen da aurrez aurre, Usurbe adierazten duena. Handik jarraituko dugu, eta hogei minutu barru aparkalekua deritzona aurkituko dugu.

Hortik, porlanez asfaltatutako bidetik jarraituko dugu, ezkerretara dagoen mendi-hegaletik igotzen dena. Basotik irtengo gara eta ordu laurden barru gailurra inguratuz gurutzera iritsiko gara.

 

  • Iraupena: 1 o 15 m.
  • Zailtasuna: ertaina
  • Desnibela: 484 m.
  • Distantzia: 4,3 km.
  • Irteera: Beasaingo eliza




Inguruan

Usurbe

Murumendi mendilerroaren parte da Usurbe mendia, Besain eta Ordizia artean dagoena. 704 metro altu da eta bere gainean gaur egun ohiko gurutzeaz gain telebista antena bat du. Gurutzea 1953an eraiki zen, garaian egiten zen moduan, herriei babesa emateko, baina abuztuaren 23an inauguratu eta aste batzuk geroago, uholdeak izan ziren. Eraikuntza bederatzi metro altu da eta 4,5 metro zabal, eta Beasaingo herritarrek eraiki zuten materialak eskuz igota, garaian ez baitzegoen errepiderik Erauskin auzotik aurrera. 2016an zaharberritua izan zen. Antena 1993an eraiki zen.




Pasmo belarra

Bide ertzeetan ateratzen den landare herrestaria da pasmo-belarra (‘Anagallis arvensis’) edo amorubelarra. Erabili gabeko lurretan hazten den landarea da. Parez-pare hazten diren hostoak ditu eta lore txiki deigarriak, batzuetan laranjak eta besteetan urdin-more kolorekoak. Mendeetan sendabelar bezala erabilia izan da dituen propietateengatik, baina bere toxizitatea dela eta, erabilera oso mugatua da eta bere salmenta debekatua dago.

Intsusa

Mendeetan zehar sendabelar, fruitu, tinte edo altzarietarako egurra izan da intsusa. Klima epeletan hazten den zuhaixka da, nahiz eta 15 metro altu izatera iritsi daitekeen. Hogeita hamar espezie baino gehiago elkartzen dira intsusen familian. Maiatzean loratzen dira eta uda amaieran baia beltzak ematen dituzte. Loreak jangarriak dira eta fruituekin marmelada egin daiteke, gordinik toxikoak dira. Gainera, adarraren bigarren azalarekin erreduren aurkako ukenduak egin izan dira.

Kuku-prakak

Udaren hasierarekin batera kuku-praka (‘digitalis purpurea’) ugari ateratzen dira bide ertzeetan. Metro eta erdi zentimetrotik gora hazi daitezke eta landare deigarria izaten da kanpai formako bere lore-sortarengatik. Bi urtez behin ateratzen den lorea da. Lehenengo urtean hostoak botatzen ditu eta bigarrengoan loreak jaiotzen dira. Landare honen hostoetatik digitalina izenekoa lortzen da, bihotzeko-arazoak dituztenentzako sendagaietan erabiltzen dena. Europan du jatorria landareak baina Ameriketan oso zabaldua dago, kolonizazioarekin iritsi ondoren, ia inbaditzaile izan arte.

 


Erreportajea gustatu bazaizu, jarrai iezaguzu sareetan (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu. 

 




Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta