Basagaindik ibilbidea
Lazkaoko Lazkao txikiren plaza izango da ibilbidearen abiapuntua, Santa Ana monasterioaren ondoan. Elosegi kaletik, kale nagusitik, behera joango gara, monasterioko harresiaren ondotik, eta amaierara iristean, eskuineko bidea hartuko dugu, Iturgaitzaga kaletik.
Kalearen bukaerara iristean, ezkerretatik jarraituko dugu. Segituan biribilgune batera iritsiko gara. Bertatik, kontu handiz, errepide nagusiaren beste aldean dagoen, eta gorantz doan bidetik igoko gara.
Hasieratik hasiko gara altuera hartzen, eta behin lehenengo baserriak igarota, aldapa gora leunagoa izango da. Errepide nagusitik egingo dugu aurrera, alboetan ateratzen diren bideak alde batera utziz.
Hiru ordu laurdeneko ibilbidea osatu dugunean, Lazkaomendiko gainera iritsiko gara. Bertatik, eskuinean ateratzen den bidetik Lazkaora itzuli gaitezke. Hala ere, zuzen jarraituko dugu, Zaldibiarantz, errepide nagusitik jarraituz.
Bideak oraindik jaitsiera eta igoera batzuk egingo ditu. Ordu bete inguru ibili garenean, igotzeari utzi eta errepidea beherantz hasiko da, hasieran malda nahiko handiarekin. Hamabost minutuko bidea eginez, Miranda baserriaren aurretik igaroz, Olaerrota baserrira iritsiko gara, Zaldibiako herri-gunean sartu aurretik. Ibaiko zubia gurutzatu eta aurrera joanez errepide nagusira iritsiko gara. Ezkerrerantz joango gara plazara iristeko. Itzulera bide beretik egingo dugu.
- Iraupena: 1 o. 20 min.
- Zailtasuna: ertaina
- Desnibela: 171 m.
- Distantzia: 5,5 km.
- Irteera: Lazkao
Inguruan
Baztango harria
Harkaitzean pentsatuta normalean gris koloreko harriak datozkigu burura, baina Nafarroako iparraldean bada kolore gorri bereziko harria, Baztango harearria bezala ezagutzen dena. Burdin oxidoa kantitate altuagoetan du eta horrek ematen dio kolore bereizgarria. Berastegin hainbat baserritan ikus daiteke harri mota horren erabilera, eta bide ondoko mugak ere harlauza handiekin markatuta daude toki askotan oraindik ere.
Igaraldeko iturria
Ura etxe guztietara iristen ez zenean, garbilekuetara joaten ziren etxekoandreak arropak garbitzera. Gero eta herri handiagoa izan, postu gehiago izaten zituzten, aldi berean emakume gehiago aritu ahal izateko. Berastegin hainbat iturri daude, batzuk askak bere kanila eta iturriarekin, eta beste hamabi inguru estalpedunak. Arbide baserritik aurrera eginda dago Igaraldekoa, izen bereko baserriaren ondoan zegoena. Gaur egun baserria desagertua dago, baina metro batzuetara dago borda izandako eraikina.
San Lorenzo baseliza
Berastegik hiru baseliza ditu: San Lorenzo izen bereko mendiaren magalean dago, eta beste biak Leitzarako errepidearen ondoan daude; San Anton bide ondoan eta San Sebastian errepidearen beste aldean dagoen muinoan. San Lorenzo egunaren bueltan ospatzen dituzte herriko festa nagusiak, abuztuan. Ermitak eraikin soila du, erdi-puntuko arkuarekin eta erretaulan Santuaren irudia ageri da parrilla bat eskuan duela, jasandako martirioaren irudi.
Baserri historikoak
Inguruko herri handiagoetatik aldenduta, herri txiki askotan bezala hainbat baserri historiko mantendu dira. Historiaurreko hainbat aztarna gordetzen dira bailaran, baina lehenengo baserrien aipamenak XVI. mendekoak dira, jada eraikita zeudenean. Mendeetan zehar asko desagertu badira ere, oraindik badaude beren jatorrizko egitura mantentzen dutenak. Garai batean 200 oinetxe inguru omen zeuden Berastegin, eta horren erakusle dira eraikin askok dituzten armarriak.









