55. Artzain Eguna ospatuko da igandean Uharte Arakilen

Artzain Eguna ospatuko da Uharte Arakilen. Juan Carlos Irigoien

55. Artzain Eguna ospatuko da igandean Uharte Arakilen

Latxa ardia, artzaina eta gazta izango dira abuztuaren 27ko protagonistak

Igande honetan, abuztuaren 27a, Uharte Arakil artzaintzaren hiriburu bihurtuko da, Aralar Mendi elkarteak antolatutako Artzain Egunaren 55. edizioarekin. Egun osoan azoka, gazta eta artzantza lehiaketak, artzai-txakur txapelketa, ardiei ilea mozteko eta gazta egiteko prozesuari buruzko erakustaldiez gain, kaikuak, artilea, zintzarria eta txilar erratz tradizionalak nola egiten diren ikusi ahal izango da.




Artzai Eguna errotua

2012. urtean Nafarroako Interes Turistikoko Festa izendatua izan zen ardi latxaren eta lehen sektorearen omenaldia, sustapena eta dibulgazioa suposatzen duen ospakizun hau. Artzai Egunaren garrantzia gizartean eta komunikabideetan islatzen da eta ondorioz eskualdeko erakargarritasun turistiko errotuena izatera iritsi da.

Jaiaren helburu nagusia artzainak omentzea da, eta Uhartera Arakilera hurbiltzen diren guztiek egunaz goza dezatela. Horrela, abuztuko azken igandean bisitari guztiek artzainen lana zuzenean ikusi ahal izango dute eta, nahi izanez gero, egiten dituzten gaztak dastatu eta erosi ahal izango dituzte.

Era berean, egun osoan zehar, Nafarroatik eta beste probintzia batzuetatik etorritako artzainek parte hartzen duten lehiaketak izango dira goizeko 10: 30etik aurrera: latxa ardiaren esne gordinarekin egindako Nafarroako Gazta Lehiaketa, Nafarroako ardi latxen esne errendimenduaren lehiaketa, estatu mailako latxa arrazako ardien lehiaketa, eskileo lehiaketa. Jaiegunari amaiera emateko, 17: 00etan Nafarroako Artzain Txakurren Lehiaketa izango da, Oñatiko eta Euskal Herriko Nazioarteko Txapelketarako sailkapena izango dena.

Artzain gazteei omenaldia

Urtero bezala, 13: 00etan artzainei omenaldia egingo zaie. Oraingo honetan, Aralar Mendi elkarteak «belaunaldien arteko erreleboa» sustatu eta babestu nahi du, «hain aspaldikoa eta aldi berean guztiz berria den lanbide honen jarraipena bermatzeko. Hori dela eta, artzaintzaren munduan sartzera animatzen diren artzain eta gaztagile berri guztiei meritua aitortu nahi diegu festan, lanbide honek irautea eta aurrera jarraitzea lortzen baitute». Horregatik, beraiek izango dira ekitaldi nagusiko protagonistak.

Kontsulta ezazu hemen 55. Artzain Eguneko egitarau osoa >>




Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta