Antzuolatik Uzarragara

TX145 Antzuola Uzarraga Txantxangorri Aldizkaria

Antzuolatik Uzarragara

Antzuola sortu zen Uzarragako elizaraino joango gara herriko plazatik abiatuta

Antzuolako plazatik hasiko dugu ibilbidea, Errukizko Amaren parrokiaren ondotik. Kalebarren kaletik abiatuko gara, alde zaharreko etxeen artetik. Segituan eraikin berriekin egingo dugu topo, baina kale beretik jarraituko dugu aurrera, eskuinean dagoen kirol-gunera iritsi arte.

Espaloitik aurrera egingo dugu errepide nagusiaren ondotik. Bigarren etxebizitza-eraikina pasa eta segituan, eskubitara dagoen zubia gurutzatuko dugu. Zubiaren bestaldean, pixka bat eskuinerantz joan eta segituan ezkerretarantz, gora doan errepidetik abiatuko gara. 

Hamar minutuko ibilbide ia laua egin ondoren, aldapan gora egingo du bideak. Galtzeko aukerarik gabeko bidea da, errepide nagusiari jarraituz. Hasierako maldaren ondoren, aldapa pixka bat samurtuko da eta azken zatian, berriro ere desnibela handituko da zertxobait. 

Hiru ordu laurden inguruko ibilbidea eginda iritsiko gara Uzarragako elizara. Ibilbidea luzatu nahi badugu, bertatik jarraitzen duen errepidetik igo gaitezke, Santa Ageda ermitaraino. Lehenengo hirurehun metro inguruko aldapa gora igoko dugu, Galarza auzoraino. Goraino iristen garenean, aurrerantz jarraituko dugu ibilbide ia lau batetik, eta minutu gutxian ikusiko dugu ezkerretara Santa Ageda ermitara joateko seinalea. Errepidea utzi eta mendi bidetik jaitsiz, segituan iritsiko gara baselizara.

  • Iraupena: 45 m.
  • Distantzia: 2,9 km.
  • Zailtasuna: erraza
  • Desnivela: 154 m.
  • Irteera: Antzuolako eliza




Inguruan

Uzarraga

Uzarraga auzoa Antzuolari estuki lotuta dago, bertan sortu baitzen lehen herrigunea. Bertako San Juan Bataiatzailearen eliza Gipuzkoako zaharrenetarikoa da, nahiz eta historian zehar bizpahiru aldiz berregin zen. Gaur egun eliza eta ingurua nahiko egoera txarrean daude, nahiz eta garai bateko handitasuna agerian geratzen den. Urteak dira eliza itxi zela eta gaur egun inguru guztia jabetza pribatukoa da. Bertako erretaula, Antxietaren ikasle zen Jeronimo de Larreak egina XVII. mendean, Antzuolako parrokian dago.

 

Sanjosepe

Antzuolako herrigunea goitik ikusteko beta paregabea eskaintzen du San Jose parkeko begiratokiak. Maristen nobizioen komentuko parte zen parkea eta 1929an goiko aldean San Joseren omenezko eskultura jarri zuten. Parisko Raffi etxeak egina da. Irudia hiru metro altu da, eta harrizko oinarria 10 metro altu. Maristek lorategi horretan egiten zituzten bere otoitzak, eta begiralekura igotzeko bidean harrizko otoitz leku txikiak ere bazituzten, oraindik mantentzen direnak.

 

Santa Ageda baseliza

Uzarragako elizatik gora egin eta Galarraga auzora iristean, ezkerretara jaisten den mendi bide baten amaieran dago Santa Ageda ermita. Hasiera batean San Lorentzori eskainitako baseliza omen zen, baina mendeen poderioz, Ageda deunari eskainia dago egun eta otsailaren 5ean egiten da ospakizuna, ogia eta haziak bedeinkatuz. Bertan zegoen Santa Anari eskainitako XIII. mendeko irudia 1984an lapurtu zuten eta duela urte gutxi berreskuratu da.

 

Zurratzailearen eskultura

Herri gehienak lanbide bati lotuta egon dira historikoki. Tolosako paper-fabrikak eta Oñatiko txokolateak bezala, Antzuola ere bere larru-lantegiengatik zen ezaguna, eta larru-langintzaren erdigune izatera iritsi zen, jardunean zeuden lau fabrikarekin, dozenaka familiei lana ematen zietenak. Gaur egun, Zurratzaileen plazan dagoen eskultura batek larru-zurratzaileak gogorarazten ditu.

 

Txantxangorri aldizkaria etxean jaso nahi baduzu, erreportajeak online argitaratu aurretik, egin zaitez harpidedun hemen.


Erreportajea gustatu bazaizu, jarrai iezaguzu sareetan (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu. 

 




Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia