Xabier Euzkitze: «Sekulako zoria duk hain maite dudan zerbait lanbide izatea»

Xabier Euzkitze

Xabier Euzkitze: «Sekulako zoria duk hain maite dudan zerbait lanbide izatea»

Xabier Euzkitze > Kazetaria eta bertsolari ohia

Fernando Lopetegi

Xabier Peritz Mendizabal —Xabier Euzkitze goitizenaz ezaguna (Azpeitia, Gipuzkoan jaioa 1966enean), kazetaria, euskaltzalea eta bertsolari profesional ohia da. Umetatik euskaltzalea eta pilotazalea, ogibide bihurtu ditu zaletasun horiek. Horrela hasten duk Wikipediaren hiri buruzko artikulua, ta hona lehen galdera…

-Zergatik Peritz? Bateren batek esango dik a zer nolako lelokeria.

-Gure izendegiaren kudeaketa –izenak, deiturak, leku izenak…– erdal eskribauen menpe egon duk mende askoan, eta haien erruz itxuraldatu dituk izen eder asko eta asko. Erdi aroan deitura oso hedatua zuan Peritz, Nafarroan eta Zuberoan bereziki. Deitura belaunaldiz belaunaldi aldatzen zen garai hartan, seme-alabek aitaren izena hartzen zitean deituratzat, is/itz atzizki latinoa gehituta: aitaren izena Juan, seme-alaben deitura Juanitz; aitaren izen Peru, seme-alaben deitura Peritz… Eskribau haietako batzuk ezjakintasunez aritzen zituan, baina ia denak erdara inposatzeko borondate sendoz. Ni ez nauk haien erabakiei otzan-otzan men egitearen aldeko.

-Bertsolaria zergatik? Oso gazte hasi hintzen bertsotan, Ikasle txarra hintzelako edo burua beti beste planeta batetan izaten dualako?

-Beti kosta izan zaidak lur hartzea, beti orbitan. Hitz-jokoen eta errimen jolasak txikitatik xarmatu izan naik. Berehala ohartu ninduan ikaskideek baino erraztasun handiagoa nuela bertsoak egiteko. Eskolarteko lehen txapelketen garaia pare-parean suertatu zi-tzaiguan eta hura irabazi izanak emandako ospeari esker Sarasua eta biok artean ume-moko ginela hasi gintuan herriz herri bertsolaririk hoberenekin. Ederra izan zuan.

-Zergatik utzi huan bertsogintza plazetan?

-Beste garai batzuk zituan, bortxaren kulturak hartua zian gure gizartea. Zenbait iritzi plazaratzea ez zuan batere erraza, eta nik ez diat balio pentsatzen dudana esan gabe geratzeko. Sufrimendu handiegia eragin zidaan korronte nagusi baten kontra ari beharrak, bakardadeak ere higatu nindian. Halako batean, Soraluzen kantuan ari nintzela, uzteko garaia zela sentitu nian. Gaztea ninduan, pena duk berez, baina ez nauk sekula damutu erabaki hartaz.

-Pilotara igaroz, azkenengotik hasiko nauk, zer iruditu zaik lau terdiko azken txapelketa?

-Txapelketan denetik izan diagu, partida oso onak ere bai, baina pilota biziegiak zebiltzak gauza onerako. Finala hotza eta tristea. Pellok lan aparta egina zian ordura arte eta min eman zidaan finalean hain itxura kaxkarra eman izanak. Dena den, maila handia zagok gaur egun. Altuna nagusi berriz ere. Sailetik apartekoa duk Jokin…




-Hire lehenengo trasmisioa ETBn Benidormen izan huan ezta?

-Hi ere han hintzen horietan guztietan. Urte asko igaro dituk, baina niri batzuk geratzen zaizkidak oraindik. Sekulako zoria duk hain maite dudan zerbait lanbide izatea. Sekula ez diat izaten pilotalekurako nagirik.

-Eta geroztik zenbat transmisio egin dituk, zenbat pilota partida?

-Kalkulu arin bat eginda, hamar mila partidaren bueltan ibiliko nauk. Besterik gabe “gau on, pilotazaleok!” hamar mila aldiz esatea ere baduk zerbait, e!

-Askotan galdetuko ziaten baina, zein duk hire pilotari gustukoena azken 40 urteetan?

-Hoberenak esaten ez nauk ausartzen, aparteko zirrara eragin izan didaten batzuk bai. Arroyoren abiadurak eragiten zuen marmarra diat oroimenean iltzatua, Julian Retegiren maisutasun paregabea, Panpi Ladutxeren irudimena eta artea, Irujoren lehen urteetako distira, Irribarriaren sotamanoak, Altunaren magia… Palaz Iturtzaeta aipatuko nikek denen gainetik, erremontean Ezkurra, zestaz Goiko eta Felix… Dena den, nire mundualdiak pilotaren historiaren zatitxo bat baizik ez dik ezagutu. Gainera, zirrarak eta gustuak oso norberarenak dituk.

-Pilota trasmisioetan… heure esamoldetan, erreakzio emozionalak kontrolatzea ez duk erreza izango. Joxan Tolosaren laguntza ezinbestekoa izango huan urte luze horietan ez?

-Joxan izan duk nire irakaslerik hoberena, irakurketa teknikoetan beti bi pauso aurretik joaten zuan. Opari bat izan duk harekin hainbeste lan eta bizipen partekatzea. Nire bizitzako pertsona gakoetako bat duk Tolosa.

-Batek baino gehiagok ziok ez dela erreza hire patxada lortzea emanaldietan. Nola lortzen duk Gaur Egun saio bat gidoirik gabe burutzea?

-Gidoirik gabe ez, baina oinarri oso xehearekin bai. Edo errealizazio-mahaia hondatu eta bideorik sartzen ez zelako zegoentxo harekin isildu gabe aurrera egin beharra. Pentsatzen diat bertsotan tentsio handiko egoerak kudeatu behar izanak ere lagunduko duela.

-Gure pilota osasuntsua ikusten al duk?

-Ibilian-ibilian lehiarik gabeko kirolaz gozatzen ahantzi egin zaiguk, horrek ez dik itzulbiderik. Zestaren aparraldia pozgarri duk, amets bat zirudik, baina ea noiz arte eusten diogun. Esku-pilotan oro ez duk urre, eta gainerako espezialitateak benetan larri zebil-tzak. Tristea izan arren, ezinezkoa duk egungo garaietan eta testuinguruan joko-molde guztiak indartsu egotea.

-Eta emakumeen pilotaren etorkizuna?

-Emakume pilotarien iraganak behar zian lehenik ezagutza eta aitortza, raketisten lanak. 1948an gehiago zituan emakumezko profesionalak gizonezkoak baino, atera kontuak! Eta egin zutena isilik gorde beharrekoa zela uste izan ditek oraintsu arte, asko etxean hori kontatu gabe joan dituk. Bai tristea… Pozgarri duk orain egiten ari diren bidea. Mailak gora egin dik, inguruak ere .

Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta