Ordizia, gaztaren hiriburu
Euskal Jaiak herriko kaleak hartuko ditu irailean zehar, ehun urtetik gorako tradizioa berrituz
Amaia Núñez Yarza
Ordizia tradizioz betetako herria da. 750 urtetik gorako herrian asko dira gaur egun irauten duten ekitaldiak eta horietako bat da Euskal Jaiak. Azken hamarkadetan iraila hasieran ospatzen badira ere, bere sorrera San Bartolome ermitan eta bertako jaian du, jada 400 urte bete dituena.
Hiribilduaren jatorria ere San Bartolome ermitan dago, autobidearen eta ibaiaren artean kokatzen dena gaur egun. Ikerketek ziurtatu zutenez, bertan jada existitzen zen eliza bat, herriko parrokia zena 1256 urtean. Haren inguruan azokak egiten ziren, 1268an Carta Puebla jasotzerakoan arautu zirenak.
Mende batzuk beranduago, 1614an, Felipe III.ak San Bartolome ermita inguruan Azoka Berezia antolatzeko baimena eman zuen. Gerora, festa garrantzitsu bihurtu zen, txarangaren kontzertuarekin, eskenatoki eta guzti. Urte batzuk beranduago irailera aldatu zen, irailaren 8tik gertuen zen asteazkenera. Gainera, ermita ondotik herrigunera ere igaro zen azoka.
Horrela, XX. mende hasieran Antoine D’Abbadik bultzatutako Lore Jokoen baitan, ‘Fiestas vascas’ izendapenarekin antolatu zituzten Ordiziako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Euskal izaera balioan jartzeko jaiak ziren: literatura, musika, abeltzaintza, nekazaritza, kirolak eta abar lantzen ziren eta hainbat txapelketa ere antolatzen ziren.
Lehen aldiz 1904an antolatu zen gaur egungo jaiaren aurrekaria izan zena. Urte hartan egin zen baita ere gaur egungo azokaren ekitaldi ezagunetakoa, Ardi latxaren esnearekin artzainek egindako gaztaren txapelketa. Oraingo txapelketa 1960ko hamarkadan sortu zen, ezaguna da txapelketa irabazten duen gazta-erdiaren enkantea.
Euskal Jaien hasierako edizioetan Udala bazen antolatzaile nagusia, gaur egun Ordiziako hainbat elkartek eta taldek parte hartze dute astebetez luzatzen den egitarauan. Horrela, Emaneurre taldeak ‘Emaneurre Euskarari! eguna antolatzen du, hamaikagarrena aurtengoa, kuadrillen arteko herri-kirol lehiaketa, herri-bazkaria eta kontzertuekin lehenengo larunbatean, irailaren 2an, eta Larrunarri elkarteak ere, belaunaldien arteko 30. lehiaketa gastronomikoa eta Odolki lehiaketa antolatuko ditu, irailaren 5ean asteartean.
Hala ere, Euskal Jaietako egun bereziena asteazkena da. Azoka berezia egiten da eta horren inguruan hainbat lehiaketa ere antolatzen dira: Fruitu eta barazki-lehiaketa, Euskal Oiloaren lehiaketa-erakusketa, Perretxiku erakusketa, Gipuzkoako piriniar arrazako behi-azienda lehiaketa eta, nola ez, latxa edo karrantzanako ardiaren esne gordinez egindako gazta-lehiaketa.
Aurten Gazta Lehiaketak 50. urteurrena beteko du, izatez zaharragoa bada ere, lehiaketa arautu eta epaimahaiarekin egiten hasi zenetik. Hamar urte beranduago hasi ziren Kutxak babestutako Urrezko Garaikurra ematen, azken hamar urteetan hiru aldiz lehiaketa irabazi duten artzainei. Aurten bi gaztandegik dute irabazteko aukera: Lekarozko Kortariak eta Segurako Ondarrek.
Irabazlea dena dela ere, gazta garailearekin enkantea egingo da Beti Alai frontoian epaimahaiaren erabakia ezagutarazi bezain laster. Jasotako dirua San Jose egoitzan edo euren etxeetan dauden adineko pertsonentzat zuzenduko da. Diru horrekin, etxean bakarrik daudenei edo etxetik irteteko lagun-tza eskainiko zaie eta egoitzan bertan aisialdiaz gozatzeko ekintzak burutuko dira. Ekintzak Ordiziako Nagusilan bezalako elkarte eta beste herriko eragileek sustatuko dituzte.
Gainera, Plaza Nagusian astero postua jar-tzen duten baserritarren Aipamen Berezia egingo da. Gazta-postuak Zuhaiztian kokatuko dira aurten denak, fruitu eta barazki lehiaketak eta Perretxiko erakusketak Barandiaran plazan izango dira, eta ganadu erakusketa eta lehiaketak Garagartza plazan.
Ikusi hemen Ordiziako Euskal Jaiak 2023ko egitarau guztia >>
Pingback: Ordiziako Euskal Jaietako Azoka berezia irailaren 11an egingo da - Txantxangorri Aldizkaria