Olakosaroi, Goierriko begiralekua
Ausa Gazteluren magalera joango gara, Txindokiren begiradapean dagoen Olakosaroi atsedenlekura
Txindokiren magalean hainbat toki ikusgarri daude, inguruko edozein herri aukeratzen dugula ere. Horietako bat da Olakosaroi atsedenlekua. Oraingoan Zaldibiatik Txindokiren magalera gerturatuko gara, zehazki Ausa Gaztelu mendiaren oinetara.
Zaldibiako plazatik abiatuko dugu ibilbidea, elizaren eta udaletxearen ondotik hasiko gara oinez, eta Santa Fe kalean barrena Txamarretxe auzorantz joango gara. Segituan Arrese tabernaren aurretik igaroko gara, Juan Ignacio Iztueta plaza igaroz. Bidean gora jarraituko dugu eta Txamarretxe etxeko bidegurutzean ezkerretara igotzen den errepidetik jarraituko dugu oinez.
Aldapa berehala hasiko da handitzen, altuera hartzen goazen heinean. Herrigunetik aldentzen hasten garenean, Txindokiren aurpegi ikusgarria topatuko dugu parez-pare. Gorrine baserriaren aurretik igaro eta Bidasola baserrirako bidea ezkerretara utziz, errepide nagusian gora jarraituko dugu.
Gorantz jarraituz, minutu gutxian basoan murgilduko gara, helmugara iritsi arte jarraituko duena. Aldapak goruntz jarraituko du, desnibel gutxiagorekin, Bitorietxe baserrien bidegurutzera arte. Bertan, eskubiko bidetik egingo dugu aurrera, eta azken aldapa igota, berehala iritsiko gara Olakosaroi atsedenlekura.
- Iraupena: 1 o.
- Zailtasuna: ertaina
- Distantzia: 3,6 km.
- Desnibela: 286 m.
- Irteera: Zaldibiako plaza
Inguruan
Kanpandegi edo Iztueta-enea
Zaldibiako seme ospetsuenen artean Juan Ignacio de Iztueta dantza irakaslea, idazlea eta bertsolaria dago. 1767an jaio zen Iztueta-enea edo Kanpandegi izeneko etxean, eta 1845ean hil zen. Bere gurasoak, Lazkaotik etorritakoak ziren eta beraiek eraiki zuten etxea, hortik abizenagatik ere ezaguna izatea eraikina. Euskal dantzen defendatzaile sutsua izan zen Iztueta, baita irakaslea ere, eta bi liburu idatzi zituen ‘Guipuzcoaco dantza gogoangarrien condaida edo historia’, 1824an, eta ‘Euksaldun anciña anciñako’, bi urte beranduago, dantza horien melodiak jasotzen dituena.
Gaur egun Zaldibiako dantza taldeak bere izena darama. Hala ere, bere bizitzan hainbat dantza talde sortu zituen dantza-maisuak, garaiko egoerak bultzatuta herri batetik bestera mugitu behar izan baitzuen. Iztuetaren ikasle zen Jose Antonio Olano zaldibiarrak eman zion jarraipena bere lanari, Ordiziako dantza taldearen irakasle izan zena.
Miru gorria
Azken hamarkadan zabalpen handia jasan duen hegaztia da mirua. Migrazioa egiten badute ere, badira gure inguruan urte guztian bizi direnak ere. Gipuzkoan lurralde osoan sakabanatuta daude eta nahiko erraz ikusi daiteke. 2023ko zentsoaren arabera, 27 lo leku topatu zituzten basozainek. Hala ere, desagertzeko arriskuan dagoen hegaztietako bat da. Miru gorria erraz identifikatu daiteke hegan dagoenean, bere kolore gorrixkarengatik, baita V forma osatzen duten isats lumengatik ere. Airean, gainera, hegazti habila da, hegaldi ikusgarriak osatzen dituena.
Pottoka gunea
Olakosaroi atseden lekuaren ondoan dago kokatuta Pottoka Gunea, Zaldibia Aralar Pottoka Elkarteak kudeatzen duena. 1996an pottoka desagertzeko arriskuan dauden animalien zerrendan sartzearen ondorioz sortu zen elkartea, eta bere lana aske bizi diren pottokak berreskuratzea da. Zaldibiako gunean zaldi espezie hau gertutik ezagutu daitezke, inguruan dagoen mendi-bidea jarraituz eta bertako panelen bitartez. Pottoka Euskal Herriko zaldi arraza da, guztiz beltza eta mendian basati bizi izan zena betidanik. Gutxi gora behera 1,25 metroko altuera hartzen du. Antzina haragitarako ehizatzen zen eta ondoren, lan indarra bezala erabili izan zen. XX. mendean, baserriko lanaren gainbeheraren ondorioz desagertzeko arriskuan geratu zen eta azken hiru hamarkadatan populazioa handitzeko lanean ari dira.
Santa Fe eliza
Zaldibiako herriguneko plazan bertan dago kokatuta Santa Fe eliza. Egungo eraikina XVI. mendean izan zen eraikia, aurretik zegoen XIII. mendeko eliza txikiago bat ordezkatuz. Campanysko Santa Fe eliza izena zuen jatorrizko harek. Kanpain etxean, XX. mendera arte errota zena, ordena erlijioso beraren komentua zegoen hasiera batean izenak erakusten duen moduan. Eraikina puntu erdiko arkuz itxitako arkupe batez dago inguratuta eta barruan, absidean, lehiate gotikoa gorde da koru aldean, jatorrizko absidean kokatutakoa.
Harpidetu zaitez Txantxangorriko papereko alera, edizio digitaleko errepotaje guztiekin gehi errezetak, eskulanak, gure colaboratzaileen artikuluak eta gehiago! Egin klik hemen.
|
Jarrai gaitzazu sare sozialetan: (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu. |



