Negurako bitaminak

Fruta

Negurako bitaminak

Egunero jaten dugulako, garrantzitsua da frutek eskaintzen dituzten bitaminen oinarrizko ezagutzak izatea

Agurtzane Núñez Yarza

Eguraldi ona bukatu eta hotza hastearekin batera lehenengo katarroak hasten dira. Horiei aurre egiteko zitrikoak izan dira jaki garrantzitsuena, eta justu neguko hilabeteetan dute sasoi onena laranjak, limoiak, limak, mandarinak eta pomeloak.

Azaroan hasi eta maiatzera bitartean lortuko ditugu zitriko onenak. Izatez, Asian dute jatorria fruta-arbolek, tenperatura tropikalekin eta beroekin, nahiz eta gaur egun produkzioaren gehiengoa Mediterraneo inguruan egiten den, eta bereziki Espainian. Europako lehen ekoizlea da eta munduko laugarrena.

Bost fruta bakarrik diruditen arren, guztira mila espezietik gora daude. Horiei zidroa gehitu behar zaie. Jateko erabiltzen ez bada ere, gozogintzan eta perfumeak egiteko erabiltzen da dituen bere olio esentzialek duten usain sakonagatik.

Bitamina iturri garrantzitsu

Zerbaitengatik ezagunak badira zitrikoak, duten C bitaminagatik da. Hori da ere hein handi batean hain osasuntsu egiten dituena, eta sinesmenek aurkakoa badiote ere, orduak igaro behar dira bitaminak galtzen hasi aurretik. Dauzkaten azido zitrikoak digestioa egiten eta zauriak sendatzen laguntzen du, azala eguzki izpietatik babesten du edota beherakoak mozten ere laguntzen du. Hori bai, ez dira C bitamina gehien duten fruituak, kiwia baita bitamina honen kantitate gehien duena.

Baina, C bitaminaz gain, beste hainbat propietate ere badituzte. Bistakoena duten ur kantitate altua da, duten zuku ugariarekin, eta horrekin batera zuntz asko daukate. Zuntzaren gehiengoa fruta inguratzen duen zati txurian dago, beraz, zuritzerakoan ez da komeni dena kentzea. Zapore onena eduki ez arren, osasuntsua da.

Daukan ur kantitateak eta zuntzak kaloria gutxi edukitzea egiten dute, eta ondorioz, pisua jaisteko fruta egokia da. Zuku horrek dituen propietateek kolesterol maila jaisten laguntzen dute. Zuntza, berriz, idorreriaren aurkakoa ere bada. Bestalde, potasioa, kaltzioa edota magnesioa dituzte zitrikoek. Kaltzioa egokia da hezurrak eta hortzak osasun-tsu edukitzeko. Mineralek eta bitaminek, berriz, gorputzari neguan sendo irauten laguntzen diote, hain zuzen ere, katarroak, hotzeriak eta bestelako gaixotasunak ekidinez.

Freskoan edo zukuan

Zitrikoen artean hiru, laranja, mandarina eta pomeloa, dira bere horretan jan ohi direnak, zapore gozoagoa dutelako. Limoia eta lima, berriz, batez ere zukuak egiteko erabiltzen dira. Guztiek, hala ere, olio-esentziak dituzte azalaren kanpoko aldean, eta hori birrinduta sukaldaritzan ugari erabiltzen da, batez ere gozogin-tzan, postreei zaporea emateko.

Zukuez gain, hala ere, modu asko daude zitrikoak kontsumitzeko, ez baitituzte propietateak galtzen, eta zukua, nahi izanez gero, izoztu daiteke. Fruituak kontserbatzeko ez dira zertan hozkailuan gorde behar, baina horrela egin daiteke. Laranja zein limoiarekin mermeladak ere egin daitezke, azukrearekin egosita, gosaritarako edota postreei gehitzeko.

Edozein errezetari ukitu freskoa ematen diote laranjak edo limoiak, eta arrainak zein haragiak laguntzeko erabili daiteke. Oilaskoarekin limoia erabili ohi da, baita arrain askotarako, baina laranja zukua ere gehitu daiteke, betiko platerari zapore berezia emateko. Egosterakoan zukua gainetik gehitzeaz gain, jakiak zukuekin ere marinatu daitezke ordu batzuk, zapore guztia har dezan. Entsaladetan ere jan daitezke, eta, nola ez, fruta mazedonietan.

Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta