Kontalari2: «Ipuin bat hartuta sorkuntza da gustatzen zaiguna»

Lurdes Gorostegi eta Idoia Barandiaranek osatzen dute Kontalari2 taldea. Argazkia Luismari Núñez

Kontalari2: «Ipuin bat hartuta sorkuntza da gustatzen zaiguna»

Idoia Barandiaranek eta Lurdes Gorostegik Kontalari2 taldea osatzen dute

Amaia Núñez Yarza

Literatura asko gustatzen zaie Idoia Barandiaranek eta Lurdes Gorostegiri. Irakasleak ogibidez, haurrak ere literatura mundura sartzea lortzen dute Kontalari2 taldearen bidez. Bat eta Bi dira, saioetarako sortu zituzte bi pertsonai, eta literaturaren mundu magikoan murgiltzen dituzte haurrak.

Zizurkilen Plazida Otaño liburutegia inauguratu zenean hasi zuten ibilbidea, duela hamar urte, aurretik kontalaritza mundua ezaguna bazuten ere. «Haur Hezkuntza ikasi dugu biok, eta boluntario bezela herriko eskolara joaten ginen. Gero ama ere izan ginen eta gure umeei ipuinak kontatzen genizkien, eta asko gustatzen zitzaigun», azaltzen du Lurdesek. Liburutegi berria ireki zenean, aukera anitz eskaintzen zituen espazio bat topatu zuten. «Pentsatu genuen garrantzitsua zela hau esprimitzea» eta horregatik ‘Ipuinaren tartea’ izeneko egitasmoa jarri zuten martxan astean behin. «Guk dinamizatzen genuen pixka bat eta beste gurasoak animatzen genituen bere ipuin kuttun bat hartu eta kontatzera».

Gerora, ‘Unibertsoa familian’ izenekoa sortu zuten, hilabetean behin, larunbat batez egiten zuten ipuin kontaketa. Beraiek hasi eta herriko hiru eskoletako guraso elkarteek txandakatzen zuten kontaketako ardura. Bizpahiru urtez mantendu zuten egitasmoa.

Beraiek prestatutako saioek zuten arrakasta ikusirik, inguruko liburutegietara proposamena bidaltzea erabaki zuten. «Agian urtean egiten ditugu bost emanaldi, ez gara honetara dedikatzen», azaltzen du.

Beraien saioak familiarrak dira, adin tarte zabaleko haurrentzako pentsatuak. «Gure berezitasuna da adin tarte zabala hartzea», dio. «Ez da kontaketa bat beraiek zuzenean jaso bakarrik egiten dutena. Beraiek gurekin batera ere eraiki egiten dute eta horrek aukera ematen du adin tarte ezberdinak nahastuta egotekoa, interes ezberdinak jasotzea: guztiz ipuinean sartuta begi zabalik eta isilik egongo dena, baina denbora guztian eskua altxa eta zerbait esan nahi duen horrek ere tokia du».

Kontaketetan ipuinak, ahokorapiloak eta bestelako jokoak tartekatzen dituzte. «Normalean abiatzen gara ipuin batzuetatik eta gero horri forma ematen diogu», adierazten du Idoiak. «Beti daukagu ipuin bat edo ipuin pare bat onarri hartuta, baina kontatzeko modua batzuetan aldatu egiten da, edo historiako pertsonaia…», gehitzen du Lurdesek. «Ipuin batetik hartuta sorkuntza da gustatzen zaiguna. Ez da ipuin bat hartu eta goitik behera bere horretan kontatzea». Saio parte hartzaileak izaten saiatzen dira eta askotan jartzen dituzte haurrak protagonista gisa.

Zentzu horretan, ipuin ilustratuak ere asko gustatzen zaizkie. «Albun ilustratuek ez daukate adinik. Niri liluratu egiten naute. Topatzen duzunean zure gustuko ipuin hori, ez daukate adinik».




Kontaketatan umeekin sortzen den konexioak betetzen ditu. «Asko gustatzen zaigu guri umeekin sortzen den konexioa. Literatura hartu, jaso eta partekatzeko da, ze hartu eta jaso, zuretzako uzten badezu… literatura da ibilbide bat egin behar duena. Kontaketatan umeekin lortzen dugun konexio hori, begirada hori, hor dauzkazunean, eta ikusten diezu sartuta… hori magikoa da. Asko balio du».

Saioak prestatzerakoan antzerkigintzan duten esperientziak laguntzen diela onartzen dute. «Nik antzerkia ikasi nuen, baina txikitatik antzerkigintzan ibili gara biok», azaltzen du Idoiak. Horregatik, bi pertsonai sortu zituzten kontaketa saioetarako, Idoia Bat da eta Lurdes Bi. Gurasoentzako formakuntza saio baterako sortu zituzten, literatura egunerokotasunean txertatzearen garrantzia azaltzeko. «Momentu batzuetan pertsonaia ginen eta gero txapela kentzen genuen eta gurasoekin hitzegiten genuen poesiaren garrantziaz. Gero berriz ere janzten genuen… eta hortik sortu ziren Bat eta Bi; eta nik uste kristoren asmakuntza izan direla».

Harpidetu zaitez Txantxangorriko papereko alera, edizio digitaleko errepotaje guztiekin gehi errezetak, eskulanak, gure colaboratzaileen artikuluak eta gehiago! Egin klik hemen.


Jarrai gaitzazu sare sozialetan: (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu.




Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia