Jone Maioz: «Gipuzkoan sekulako dibertsitatea daukagu basoetan zorionez»

Gipuzkoako basoak

Jone Maioz: «Gipuzkoan sekulako dibertsitatea daukagu basoetan zorionez»

2.800 bazkidek osatzen dute Gipuzkoako Baso elkartea, mota guztietako zuhaitzekin

Amaia Núñez Yarza

Basogintza lan ikustezina da. Gipuzkoako lurraren %62a hartzen dute basoek, zehazki 122.000 hektarea. Lehiotik begiratu eta ohikoena da basoak ikustea, eta are gehiago aisialdian ibilalditxo bat egitea, edo fruituak biltzera joatea. «Hori horrela mantentzeko, atzean lana dago», dio Jone Maioz Malkorra, Gipuzkoako Baso Elkarteko zuzendariak. Izan ere, basoen %80a jabetza pribatukoa da, baina lursail horietatik ibiltzea mugarik gabekoa izan da beti. Horregatik, beraien lanaren balioa eta ematen dituen fruituak defendatzen dituzte elkartetik.

Basoek ingurugiroan duten funtzioa ezaguna da: sustraiek ura xurgatuz berau regularizatzen dute eta lurra eusten dute, adar eta hostoek sortzen duten kapak euri tanten kolpeak leuntzen ditu, urak sortutako erosioa ekidinez; karbonoa xurgatzen dute eta hostoetan eta sustraietan biltegiratzen dute… Ondo hazten den basoa, gainera, biodibertsitate gune bihurtzen da, animalia, intsektu eta hegazti mota ugari erakartzen baititu. Baina horiez eta fruta arbolek ematen duten ekoizpenetik haratago, eguneroko bizitzarako material ugari eskaintzen dituzte basoek, bai egurra (altzariak, arkatzak, eraikuntzan…) baita bere deribatuak (papera eta osasun-arloan erabiltzen diren erabilera bakarreko hainbat material, besteak beste, txabusinak, txanoak, eta abar). «Erabiltzen den material pila bat arboletik dator. Konsziente izan behar gara hori dena gure eguneroko eskuartean dabiltzan materialak direla».

Horrela, Gipuzkoak duen «potentziala» azpimarratzen du. «Gipuzkoaren joera basoa da. Edozer utzi eta segituan basotzen hasten da. Orduan, aprobetxatu dezagun aukera». Baso elkarteko 2.800 bazkideen artean basoek eskaintzen duten aniztasun adina dagoela argitzen du. Batzuk fruituen ekoizpenera bideratuta daude, gereziondo, gaztainondo edota sagastiekin adibidez, beste batzuk, bestalde, egurraren ustiapenera bideratuak daude.

Gipuzkoako basoen erdia osatzen dute insignis pinudiek, pagadiek eta baso misto atlantikoak. Mota hauetako bakoitzak hektarea kopuru bera hartzen du gutxi gora-behera. Ohikoena jabe bakoitzak mota ezberdinetako sailak izatea da. Baso misto atlantikoa izenekoak berez sortu diren basoak dira aurreko landaketa kendu eta beste bat jarri ez delako edo nekazaritzako eremuak utzi egin zirelako bere garaian. «Momentu honetan gure erronketako bat horiek kudeatzen hastea da», azaltzen du. Izan ere, «baso guztiak daude kudeatu beharrak, denak onurak ekartzen dituelako».

Hori dela eta, zuhaitz mota guztiak defendatzen ditu, «arbola txarrik ez dago», guztiek dutelako bere onura, nahiz eta batzuetan «korronteak sortu». Horren baitan, nabarmentzen du miruak insignis pinudietan bakarrik egiten duela habia eta Araban eukaliptoan ere egina duela. «Espezie bakoitzak tokian-tokian, bere txokotxoa eta bere ekosistema egiten du».

Hala ere, mota bakoitzak «bere kudeaketa eskatzen du», leku batetik bestera aldatu daitekeena. «Espezie batek modu batera jokatzen du leku baten, antzeko beste batean». Horregatik, Baso Kudeaketa Jasangarria izeneko plana egitea «behar beharrezkoa» jotzen du. «Kudeaketa plan horretan jartzen du ondorengo 20-40 urtetan zer planifikazio jarraitu beharko luketen, zer zainketa egin behar diren, basoak modu ordenatuan kudeatzen laguntzen duena. Gainera Gipuzkoako basoak martxan edukitzea lortzen duzu». Gainera, plan hau edukitzeak basoen ondorengotza bermatzen laguntzen duela defendatzen du, baso ugari baitira ezjakintasunagatik utzi egiten direnak.

Zentzu honetan, Baso elkartean egiten duten lana basojabe gehiagora zabaltzea dute erronka. Gaur egun 10.000tik gora basojabe daude Gipuzkoan, baina herena baina gutxiago dira baz-kide, «aktiboenak» edo basogintza egunerokoan presenteago dutenak. Elkartearen helburuetako bat sektorea «berraktibatzea» da. Azken urteetan ari dira hori lortzen, insignis pinuei eragin zien banda marroia gaitzak «kolpe handia» suposatu baitzuen.




Basogintza mantentze aldera Baso Kudeaketa Bermatua zerbitzua sortu dute, batez ere baso bat bota eta berria landatzen den denbora tarte horretara bideratua. «Bere mendien martxarekin jarraitu nahi duen jabe batek, baina ezintasuna duena edozein arrazoirengatik (adinagatik, urruti bizitzeagatik…), kudeaketa egiten laguntzen diogu. Beraiek dira jabe eta hartzen dituzte erabakiak, baina guk gure gain hartzen ditugu karga administratiboak eta eman beharreko pausu guztiekin laguntzen diegu». Kudeaketa gehiago behar duten urte horiek igarota, basogintza lasaiagoa da, «noizean behin ibilaldi bat egitea nahikoa».

Hala ere, kudeaketa ez da desagertzen, Planean agertzen diren ekintzak baitaude: bakanketak, mozketak… «kontuan eduki behar dira eta basoa indartsuago utziko duzu. Udarako suteen kontra babestuago egongo da sasiak eta adarrak kentzen badituzu». Zentzu horretan, gehitzen du: «basora joaten bazara lanera, iristeko bidea hobeto edukiko duzu eta edozer gertatzen dela ere bidea irekita egongo da».

Basotik ibiltzen garenean, gizartea horren atzean dagoen guztiaz konturatzea falta dela aitortzen du Maiozek. «Basora dijoaztenak ez dira jabetzen hor atzean norbait dagoela, esku bat dagoela, pertsonak, familiak. Aitortza hori jaso egin beharko genuke». Horrek, ondorengotza erraztuko lukeelako. «Zure ilusio guztiarekin gauza polit bat egiten bazabiltza, hori transmititu egiten duzu eta errazago hartzen da».

Alea erosi

Harpidetu zaitez Txantxangorriko papereko alera, edizio digitaleko errepotaje guztiekin gehi errezetak, eskulanak, gure colaboratzaileen artikuluak eta gehiago! Egin klik hemen.


Jarrai gaitzazu sare sozialetan: (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu.




Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia