Itsasotik San Lorentzora

Itsasotik San Lorentzo ermitara ibilbidea. Argazkia: L.M. Núñez

Itsasotik San Lorentzora

Ibilbide motza eta ia laua osatuko dugu Itsasoko bailarako paisaian zehar

Ibilbide erraza eta ia desnibelik gabekoa egingo dugu oraingoan Goierriko bailaran zehar. Itsasoko plazatik abiatuko gara, elizaren eta udaletxearen artetik igaroz. Bi eraikinak pasa ondoren, pixka bat goruntz egingo dugu eta segituan, ezkerretara doan zementuzko bide batetik jarraituko dugu bidea.

Segituan, Itsasogoena baserriaren ondotik igaroko gara, eta zementuzko bidea metro batzuen buruan mendi-bide bihurtuko da laster. Hala ere, hartxintxarrez estalitako bidea da eta eguraldi txarrarekin ere, erraz joaten da bertatik.

Hemendik aurrera, bideak ez du galerarik, eta ibilbide ia laua izango dugu San Lorentzo baselizara iritsi arte, beheranzko zati batzuekin. Bi aldeetara bide batzuk ateratzen diren arren, beti bide beretik jarraituko dugu, pixkanaka Kizkitza mendi-magala inguratuz. Hogei minutu inguruko ibilbidea egin ondoren, azken aldapatxo bat igoko dugu eta berehala iritsiko gara San Lorentzo ermitararen sarrerara.

Itzulera bide beretik egin dezakegu. Ibilbidea luzatu nahi izanez gero, hemendik bertatik Ezkiora edota Kizkitzara joateko aukera dago.

  • Iraupena: 45 min.
  • Zailtasuna: erraza
  • Desnibela: 44 m.
  • Distantzia: 2,4 km.
  • Irteera: Itsaso




Inguruan

Itsaso

Areriako Alkatetza Nagusiari lotuta agertzen da herri honen lehen aipamen historikoa, 1399an. Lehendik ere existituko zen ziurrenik, izan ere, Areria 1027. urterako sortua zegoen. Lazkao, Olaberria, Arriaran eta Itsasok osatzen zuten Areriako Alkatetza Nagusia, mendeetan beste herri batzuk ere sartu ziren arren. XIX. mendera arte iraun zuen elkarteak. 1927ra arte, egun Beasaingo auzo den Arriaran Itsasoko udalaren parte zen. 1964an, Gobernuak Ezkiorekin elkartu zuen arazo ekonomikoak egotziz, 2016ra arte iraun zuena.




San Bartolome eliza

Herri txikia izanik, mendez mende garai ezberdinetan egokitzen joan den eliza da San Bartolomekoa. Aurretik zegoen eliza erromaniko baten gainean egina dagoela uste da, mantentzen dituen zantzuen arabera. Hala ere, zati zaharrena, eliza ataria, 1.300 urtean datatua izan da, Gipuzkoako zaharrenetarikoa.

Bost arkibolta ditu ate nagusiak, baina erromanioan ohikoa zen jakeatuaren ordez, diamante puntak eta bestelako irudi geometrikoekin apaindua dago. Arkibolta bakoitzak zutabe bat du oinarri gisa eta, hauetako bakoitzaren kapitelean giza irudiak, sei-zazpi-zortzi petalodun loreak edo eguzki estrigilatuak aurki daitezke.  Erretaula Juan de Lizarazuk egin zuen XVI. mende erdialdean, eta XIX. mende amaieran Pablo Uranga Díaz de Arcaya margolariak eliza guztia margolanez apaindu zuen. Elizako erlojua 1736an jarri zen, eta oraindik ere, herritarrak dira jatorrizko makineria martxan mantentzeko arduradunak, pisuak altxatuz.

Itsusturriko aska

Herrigunera iritsi baina metro batzuk lehenago dago kokatua Itsusturriko aska. Aska handi bat du mendiko urarekin betetzen dena, eta harrikoa egiteko bi leku ditu. 1942an izan zen eraikia aurrealdean duen inskripzioan ageri denez. Goendegi baserrikoak hasi ziren eraikitzen, baina herritarren auzolana ere behar izan zuten bukatzeko eta horregatik herriko ondarea da. Egun, urtero txukuntzen da auzolanean.

San Lorentzo ermita

Itsasoko herrigunetik gertu, kilometro pasatxora dago kokatuta San Lorentzo ermita, inguruko paisaia ikusteko aukera ematen duen begiraleku natural batean. Eraikuntza errektangeluarra da, harrizko pareta eta lau isuriko egurrezko teilatua du. Herriko jatorrizko parrokia izan omen zen. Ategainean burdinezko kanpai horma du. Eraikuntza soila da. Aipagarria da harrizko aldarea. Eztalagoiti baserriko Domingo eraman zuen traktorean Arriarango apaiz etxetik eta berau eusten duten bi harriak Itsasoko Atingoena baserriko zutabeen oinarriak ziren. Erretaulan Lorentzo santuaren irudia dago, eta inguruan Gurutze Bideko pausuak ditu. XIX. mendean herrian egon zen izurrite baten ondorioz, hilerri bezala erabili zen. 1977an baseliza eraberritu zutenean, bertan hilobiratutako gorpuen hezurrak aurkitu zituzten.

Gaur egun Ostiral Santuan egiten da Gurutze Bidea, eta San Lorentzo egunaren, abuztuaren 10aren, ondorengo igande arratsaldean ospakizuna egiten da. XIX. mendean ezpata-dantza dantzatzen omen zen. Ermitaren kanpoaldean atsedenleku bat dago mahaiak eta iturriarekin, bailarako ikuspegi ederrez gozatzeko aukera ematen duena.


Erreportajea gustatu bazaizu, jarrai iezaguzu sareetan (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu.

 




Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia