Itsasotik San Lorentzora

Itsasotik San Lorentzo ermitara.

Itsasotik San Lorentzora

Ibilbide erraza eta ia desnibelik gabekoa eging dugu oraingoan. Itsasoko plazatik abiatuko gara, elizaren eta udaletxearen artetik igaroz. Bi eraikinak pasa ondoren, pixka bat goruntz egingo dugu eta segituan, ezkerretara doan zementuzko bide batetik jarraituko dugu bidea.

Itsasogoena baserriaren ondotik igaroko gara, eta zementuzko bidea metro batzuen buruan mendi-bide bihurtuko da segituan. Hala ere, hartxintxarrez estalitako bidea da eta eguraldi txarrarekin ere, erraz joaten da bertatik.

Hemendik aurrera, bideak ez du galerarik, eta ibilbide ia laua izango dugu San Lorentzo ermitarako, beheranzko zati batzuekin. Bi aldeetara bide batzuk ateratzen diren arren, beti bide beretik jarraituko dugu, pixkanaka Kizkitza mendi-magala inguratuz. Hogei minutu inguruko ibilbidea egin ondoren, azken aldapatxo bat igoko dugu eta berehala iritsiko gara San Lorentzo ermitararen sarrerara.

Itzulera bide beretik egin dezakegu. Ibilbidea luzatu nahi izanez gero, hemendik bertatik Ezkiora edota Kizkitzara joateko aukera dago.

  • Iraupena: 45 min.
  • Zailtasuna: erraza
  • Desnibela: 44 m.
  • Distantzia: 2,4 km.
  • Irteera: Itsaso




Inguruan

Itsaso

Areriako Alkatetza Nagusiari lotuta agertzen da Itsasoko lehen aipamen historikoa, 1399an. Lehendik ere existituko zen ziurrenik, Areria 1027. urterko sortua zegoelako. Lazkao, Olaberria, Arriaran eta Itsasok osatzen zuten Areria, mendeetan beste herri batzuk ere sartu ziren arren. XIX. mendera arte iraun zuen elkarteak. 1927ra arte, egun Beasaingo auzo den Arriaran Itsasoko udalaren parte zen. 1964an, Gobernuak Ezkiorekin elkartu zuen arazo ekonomikoak egotziz, 2016ra arte iraun zuena.




San Bartolome eliza

Herri txikia izanik, mendez mende garai ezberdinetan egokitzen joan den eliza da San Bartolomekoa. Aurretik zegoen eliza erromaniko baten gainean egina dagoela uste da, mantentzen dituen zantzuen arabera. Hala ere, zati zaharrena, eliza ataria, 1.300 urtean datatua izan da, Gipuzkoako zaharrenetarikoa. Erretaula Juan de Lizarazuk egin zuen XVI. mende erdialdean, eta XIX. mende amaieran Pablo Urangak eliza guztia margolanez apaindu zuen. Elizako erlojua 1736an jarri zen, eta oraindik ere, herritarrak dira jatorrizko makineria martxan mantentzeko arduradunak, pisuak altxatuz.

Itsusturriko aska

Herrigunera iritsi baina metro batzuk lehenago dago Itsusturriko aska. Aska handi bat du mendiko urarekin betetzen dena, eta harrikoa egiteko bi leku ditu. 1942an izan zen eraikia aurrealdean duen inskripzioan ageri denez. Goendegi baserrikoak hasi ziren eraikitzen, baina herritarren auzolana ere behar izan zuten bukatzeko eta horregatik herriko ondarea da. Egun, urtero txukuntzen da auzolanean.

San Lorentzo ermita

Herrigunetik gertu, kilometro pasatxora dago kokatuta San Lorentzo ermita, inguruko paisaia ikusteko aukera ematen duen begiraleku natural batean. Eraikuntza errektangeluarra da, harrizko pareta eta egurrezko teilatuarekin. Eraikuntza soila da, harrizko aldarearekin eta erretaulan santuaren irudia dago, eta inguruan Gurutze Bideko pausuak ditu. XIX. mendean herrian egon zen izurrite baten ondorioz, hilerri bezala erabili zen. Gaur egun Ostiral Santuan egiten da Gurutze Bidea, eta San Lorentzo egunaren ondorengo igande arratsaldean ospakizuna egiten da.


Erreportajea gustatu bazaizu, jarrai iezaguzu sareetan (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu.

 




Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta