Erromatarren gatza, soldatatik platerera
Milaka urte dira gatza erabiltzen dela, bai sukaldean baita trukerako txanpon bezala ere
Azkenaldian gatza badirudi begiz jota dagoela, gehiegi hartzeko ohiturak eraginda, baina dieta osasuntsu baten oinarrian dagoen minerala da. Milaka urte dira gizakia gatza erabiltzen hasi zenetik, eta ez bakarrik sukaldean. Jatorri minerala duen osagai hau hasieran soldata ordaintzeko txanpon bezala ere erabiltzen zen. Izan ere, erromako legionarioen soldataren zati bat gatza zen, hortik gaztelerazko ‘salario’ hitza.
Horrek, iada garai haietan gatzak egunerokotasunean zuen garrantzia erakusten du. Platerei osagarri moduan botatzeaz gain, betebehar garrantzitsua baitzuen: jakiak gatzetan edukiz kontserbatzen ziren, jakiei hezetasuna kentzen dielako eta gainera jakiak galtzera eramaten dituen mikroorganismoen hazkuntza galarazten du.
Gatza hiru modutara atera daiteke: itsasoko ura lurrunduz, gatza duen erreketako ura lurrunduz edota gatz meategietatik. Antzina hainbat lantegi zeuden, ia probintzia guztietan, iturburuetako ura lurruntzetik gatza sortzen zutenak. Gipuzkoan, esaterako, Leintz-Gatzagan, zortzi etxe zeuden herriko ur gazietatik minerala ateratzen zutenak. Guztiak ‘Productos Leniz’ izenpean lanean jarraitu zuten XX. mende erdialdera arte, errentagarritasun faltak itxiera ekarri zuenera arte.
Gaur egun, ekomuseo bihurtuta dago. Joera bera izan dute Araban zein Nafarroan zeuden lantegiek, eta egun Nafarroan meategi bakarrak dirau martxan, Espainiako produkzioaren ehuneko 5a sortzen duena. Duela urte batzuk, Leintz Gatzagako zein arabako Añanako iturburuetako gatzaren produkzioa berreskuratu zen Euskal Gatza sortuz.
Izan ere, meategietako gatza ateratzea askoz errentagarriagoa da, ura lurruntzen ibili beharrik gabe. Espainian produzitzen den gatzaren ehuneko 70a meategietatik ateratzen da, ehuneko 27a itsasoko uretik eta ehuneko hirua da iturburuetatik lortzen da.
Orekan oinarria
Milurteetan gatza elikagaien kontserbatzaile bezala erabili izan da, eta gaur egun ere, prestatutako jakietan garrantzia nabarmena du. Hori dela eta, ikerketen arabera, Espainian batazbeste kilo bat gatz kontsumitzen du pertsona bakoitzak, eguneko 9 gramo inguru, gomendagarriena bost gramo inguru diren arren. Horregatik, osasunaren arloan lan egiten duten erakundeek gomendatzen dute etxean prestatzea janaria, gatzaren kontsumoa kontrolatzeko, eta prestatutako platerak erosterakoan, osagaiak ondo irakurtzea eta aukera ezberdinen artean konparatzea.
Platerei zaporea emateko erabiltzen da batipat gaur egun gatza, baina beste hainbat funtzio ere baditu. Dieta osasuntsu baterako gatza oinarrizkoa da, gorputzaren funtzionamendu egokia sustatzeko hainbat propietate baititu.
Besteak beste, sodioak gorputzeko ur-maila orekatzen laguntzen du eta presio arteriala eta odol-bolumena mantentzen du. Gainera, nerbio-sistemako eta muskuluetako zelulen arteko komunikazio egoki baterako beharrezkoa da gatza, eta gorputzak nutriente batzuk xurgatu ditzan laguntzen du, glukosa kasu.
Hori bai, kasu batzuetan ez da gomendagarria gatzaren kontsumoa. Horrela, gatz gehiegi hartzen bada, arterien presioa handitzeko arriskua dago, hipertentsioa sortuz eta hainbat gaixotasun kardiobaskular jasateko arriskua handituz, besteak beste bihotzekoak eta istripu zerebrobaskularrak.
Horrekin batera, mineral honen gehiegizko kontsumoak likidoen erretentzioa sortu dezake, hantura eta pisuan igoera emanez, giltzurrunean harriak sortu ditzake eta ikerketa batzuen arabera, gehiegizko kontsumoak hezurretako kaltzioaren galerarekin erlazioa izan dezake, osteoporosia jasateko arriskua handituz.
Txantxangorri aldizkaria etxean jaso nahi baduzu, erreportajeak online argitaratu aurretik, egin zaitez harpidedun hemen.
Erreportajea gustatu bazaizu, jarrai iezaguzu sareetan (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu. |