Bizitza luzatzeko pikantea
Jaki minak edo pikanteak osasunarentzako onuragarriak direla azaldu dute ikerketek
Ibarrako piperrak oso goxoak dira, baina erraz galtzen dute munduko jaki minenen aurka. Ameriketan zein Asian, baita Afrikan ere, oso zabalduak daude saltsa edo osagai pikanteekin egindako errezetak, askok probatu bakarrik egingo lituzketenak. Hala ere, ikerketen arabera jaki pikanteak jatea osasunarentzako guztiz onuragarria da, beti bezala, neurrian hartuta.
Osagai ezberdinak dira janariei zapore mina ematen diotenak, tipula eta baratxuria esaterako, baina dudarik gabe pikanteenak pipermina eta piperrak dira. Biek dute capsaicina, zapore mina ematen diena, baina landare ezberdinetatik ateratako produktuak dira. Hainbat barietate daude, gustu guztietarakoak, eta rankina ere badute, Scolville izenekoa, piperrek duten capsaicina kantitatea neurtzen duena.
Piper arruntek zero balioa dute Scolville eskala horretan. Hortik gora, hemen inguruan ezagunak diren eta kontsumitzen diren Ibarrako piparrek, Ezpeletakoek eta Padroikoek 5.000 unitate ingurura iristen dira minenak, baina gehien pikatzen dutenak milioi batetik gorako balioa dute eskalan: naga viper, carolina reaper, dragon’s breath eta, minena, pepper x. Azkena pertsona gutxik probatu dute, pixka bat bada ere, segituan hasten direlako eztarrian erredura, arnasketarako zailtasunak eta goragalea.
Bere nerrian hartuta, hala ere, egunero jan daiteke pikantea den elikagairen bat. Besteak beste, jaki pikanteek gorputzaren tenperatura igotzen laguntzen dute eta metabolismoa aktibatzen dute. Horregatik, plater minak jateak argaltzea ekarri dezake. Gainera, zentzu horretan, capsaicina betegarria da, eta gutxiago jatea eragiten du.
Pikantearen onurak
Ezaugarri honek digestioa egiten ere laguntzen du, kontrakoa dirudien arren. Izan ere, capsaicinak urdaileko likidoak sortzea eragiten du, liseriketarako beharrezkoa. Hori bai, urdaileko arazoak edo antzeko gaixotasunak dituztenek, oso kontuz jan beharrekoa dute, larritasuna areagotu baitezake.
Azukrearekin edo gatzarekin arazoak dituztenentzat ere, capsaicina lagungarria da. Alde batetik, diabetesa kontrolatzeko onuragarria izan daiteke, insulinaren eragina sustatzen duelako. Bestetik, platerei osagai pikanteak botazen badiogu, zaporea sustatzen du hein batean eta, hortaz, gatz gutxiago bota ahal izango diogu.
Zapore pikantea duten osagaiek, bestalde, propietate antiinflamatorioak dituzte aldi berean. Horrela, odolaren zirkulazioa aktibatzearekin batera arterien hantura gutxitzea lortzen dute. Horrekin batera, capsaicinak nerbio-zelulatan eragina du. Ondorioz, gorputzeko mina gutxitzen du.
Zentzu honetan, gaur egun, medikamentu bezala ere erabiltzen da capsaicina, artikulazio eta muskuluetako mina eragiten duten gaixotasunak tratatzeko. Besteak beste, artritis, bizkarreko mina, muskulu-distentsioak, hematoma, karranpa eta zaintiratu kasuetan.
Antiinflamatorioa izateaz gain, capsaicina molekulak propietate antioxidatzaileak ditu, kolesterola gutxitzen laguntzen duena, bihotza osasungarri mantentzen lagunduz. Gainera, arterien presioa gutxitzen du odol-hodiak zabaltzen dituelako.
Gaixotasunei dagokionean, gripearen sendagarri bezala ere erabili izan da antzinatik pipermina, mukiak kanporatzen laguntzen duelako. Horretarako, osagai aldakorrak dituen infusioa egin behar da irakindako uretan pipermina eta limoi zukua botaz. Hamar minutuz beratzen egon ondoren, iragazi eta eztia gehitu behar zaio. Egunean hirutan hartzeko infusioa da, lehenengoa baraurik eta gero jan baino lehen.
Txantxangorri aldizkaria etxean jaso nahi baduzu, erreportajeak online argitaratu aurretik, egin zaitez harpidedun hemen.
Erreportajea gustatu bazaizu, jarrai iezaguzu sareetan (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu. |