Abarlotz Olano: «Gitarrak gatibatzen nau, ematen dit arnas bat»

Abarlotz Olano. Argazkia: Núñez

Abarlotz Olano: «Gitarrak gatibatzen nau, ematen dit arnas bat»

Euskal abestien eta rockaren artean dabil Abarlotz Olano bere abestietan

Amaia Núñez Yarza

Abarlotz Olanori abestea gustatzen zitzaion gauza guztien gainetik. «Aitarekin lanera joaren nintzenean, joaterakoan ez, baina itzuleran, abestu egiten nuen», oroitzen du. Abestea beti egon da bere bizitzan eta, duela urte batzuetatik, bere abesti propioak idazten ditu. ‘Antilla’ izeneko diskoa ere argitaratu zuen duela bi urte.

Folk eta rockaren arteko estiloa du bere esanetan, kantautore tradizionalen eragin argiarekin. «Gure etxean asko entzuten zen Benito Lertxundi. Entzunez-entzunez sartzen zaizu hori barrura: nola abesten dion herri bati, gizarteari… Azkenean ikusten duzu abeslari horrek ez duela abestu bakarrik egiten, abestu baina gehiago egiten duela. Kultura, azken finean», azaltzen du Abarlortz Olanok. Hala ere, Bruce Springsteen da bere abeslari gustukoena eta bi estiloak uztartzen saiatzen da bere abestietan. Horrela, bera besteen abestiak kantatuz hasi zen. «Oso erraza egiten zitzaidan eta oso gustura, eroso ateratzen zitzaidan barrutik».

Oraindik gogoratzen du nola bere aitaren baserrira joaten zenean motorrean, «gero goitik beherakoan, kriston hotsetan, kasko barrenean, uste nuen nik bakarrik entzuten nuela eta ingurukoek ere entzun egiten zuten. Gero nire aitari esaten zioten ‘hire seme hori joaten dek motoan goitik behera eta gu gustura aritzen gara entzuten, kantatzen jaisten dek’».

Abeste soiletik idazterako pausua ia egun batetik bestera eman zuen. «Nere anaiak istripu latz bat izan zuen eta, horren ondorioz, hasi nintzen nire abestiak sortzen. Biziak buelta handi bat eman zidan eta hasi nintzen hartzen baita ere abestiak serioago», azaltzen du. Gaur egun, harro dago sortu dituen abestiez, bereziki bere behorra zen Antillari eskainitakoa, lehen diskoari izena eman ziona, edota Gipuzkoari atera diona.

Disko bakarra izanagatik, abestiak bizpahiru betetzeko adina dituela onartzen du. «Nire abestiak kantatzea ilusio handia egiten dit arrazoi bat dutelako eta niretzat oso garrantzitsua da jendeak arrazoi hori, mezu hori ezagutzea», eta hainbat kontzertu ematen ditu urtero Gipuzkoako zein Nafarroako herrietan zein ezagunen ekitaldietan.

 




Irrintziak eta armonika

Musika beti izan du familian eta Abarlotz Olanok belaunaldiz belaunaldi jasotako kultura guzti hori bereganatu eta azaleratu du. Izan ere, gaztetan konturatzen ez bazen ere, bere bi aitonek musikarako erraztasuna zuten. Aitaren aldetik, Antonio Olano «ikusgarria zen irrintziak botatzen», gogoratzen du. Amaren aldetik berriz, Joxe Etxeberria zaldibitarrak armonika jotzen zuen, berak orain egiten duen bezala, eta haren semea da Xapre trikitikaria, Abarlotzen osaba. «Nere aitonak jotzen zituen piezak lehenengo eta gero osabak trikitixara pasatzen zituen. Hobea zen musikalki nire aitona, dudarik gabe», azaltzen du.

Berak gitarra du bidelagun. «Gitarrak gatibatzen nauen soinua du, ematen dit arnas bat. Ematen dit soinu bat eramaten nauena hemendik leku batera ez dagoena ez minik, ez txarrik», azaltzen du. «Oso leku on bat eta ni nago han, soinu horretan, ni bene-benetan izaten. Animali bat den bezala izaten bere lekuan, lasai. Ni sentitzen naiz gitarrarekin paradisuan. Laguntzen dit ateratzen nire sentimendua eta arrazoia». Gitarrarekin batera, armonika ere jotzen du, «gitarrarekin erritmoa eramaten dut eta melodia armonikarekin».




Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta