Miru gorria eta landazabala: estuki lotutako bi altxor

Miru gorria habian. Gipuzkoako Foru Aldundia

Miru gorria eta landazabala: estuki lotutako bi altxor

Desagertzeko arriskuan badago ere, Europako dentsitate handienetakoa du Gipuzkoan miruak

Mikel Olano, basozaina

Miru gorria mundu mailan desagertzeko arriskuan sailkatuta dagoen espezie bat da. Europako zenbait herrialdeetan soilik bizi da. Alemania, Erresuma Batua, Suedia, Suitza, Frantzia eta Espainian besteak beste aurkitu du bere gotorlekua.

Bi populazio mota nabarmentzen dira. Bata erreproduktoreak eta bestea negutarrak. Negutarrak negu parterako gurera etortzen dira eta martxo aldera kumatzera Europako goiko herrialdeetara itzultzen dira. Aurrenekoak aldiz, urte osoa gurekin igarotzen dute. Egoiliarrak dira.

Euskal Herrian eremu hezea du atsegin. Isuri atlantiarra. Nafarroan populazio sendoak dituzte. Gipuzkoan 2014. urtean hasi ginen basozainok espezie honen jarraipena egiten eta 12 urte daramatzagu langintza horretan. Dedikazio asko eskatzen duen espezie bat da. Kanpoko lan asko, ordu asko. Hasiera hartan ez genekien ziur gure lurraldean kumatzen zuen edo ez. Hamabi urtetako lanari esker, gaur egun (2026) 70 bikotetik gora topatu ditugu. Beti ere erreproduktoreei buruz ari gara.

Beraz, esan genezake, gure lurraldean oso ondo hedatuta dagoen espezie bat dela. Lurraldeko zenbait lekutan (Goierri eta Tolosaldea esaterako) Europako dentsitate handienen pare gabiltza.
Produktibitateari begiratuta ere oso emaitza onak ateratzen dira gurean. 1,72 txita bikoteko gutxi gora behera. Europako tasa handienetarikoa.
Eta zer dago ba Gipuzkoa bezalako lurralde txiki batean, mundu mailan galzorian dagoen espezie batek horrelako arrakasta izateko?

Seguraski faktore asko pilatuko dira baina garrantzitsuenetariko bat habitat egokia da. Zorionez oraindik paisaia pribilegiatu baten jabe gara. Nahiz eta pixkana galtzen ari den, oraindik landazabal eremu eder baten jabe gara. Belardi eta zelai eremu politak ditugu oraindik basoez inguratuak.

Eremu hauetan aurkitzen ditu miru gorriak bizi ahal izateko baldintza egokiak. Belardi eta zelaietan topatzen ditu zizare, xagu, arratoi eta antzeko espezieak elikatzeko. Habiak egiteko berriz, inguruan dauden basotxoak erabiltzen ditu. Pinudiak gehien bat. Ganaduak erabiltzen dituen zelaiak ere oso atsegin ditu.

Baina landazabalak ez du soilik miru gorria sostengatzen. Bioaniztasunari erreparatuz gero oso habitat aberatsa da. Beste hainbat espezie gordetzen ditu bere baitan. Galtzen ari zaizkigun hainbat espezie, adibidez: mirotz zuria, hontza zuria, landa txolarrea, antzandobia, enarak, galeperra, gari berdantza eta beste abar luze bat.

Pixkanaka pixkanaka basoa landazabala jaten ari da. Basoan bizi diren espezieak gorantz doaz: okilak, pagausoak, lepahoriak, orkatzak, basurdeak… aldiz, landazabala galtzen ari den heinean bertan bizi diren espezieak ere beherantz doaz. Lehenago aipatu ditut batzuk.

Landazabala mantendu nahi badugu nekazari, baserritar eta artzainei lagundu beharrean gaude. Beraiek mantentzen bait dute bizirik, ezinbestekoa dugun habitat hau. Espezieak babesteko habitatak babestu behar ditugu eta habitatak babesteko, kasu honetan landazabala, nekazariak, baserritarrak eta artzainak babestu beharrean gaude. Ez dago besterik.




Pinudi zaharrak

Aipatu dugu miru gorriak elikatzeko landa eremua behar duela, belardi eta zelaiak. Baina, habia non egiten du? %98an landa eremuan kokaturiko pinudiak aukeratzen ditu. Zehatzago esanda, intsginis pinudiak. Haritzean (Quercus robur) aurkitutako 3-4 habia kenduta gainontzeko guztiak intsignis pinudietan daude.

Eta nolakoak dira pinudi hauek? Esan bezala landa eremuan kokatzen diren pinudiak dira. Zelai eta belardi ertzetan edo oso gertu. Miru habiak topatzera ez da joan behar goiko basoetara.
Normalean pinudi helduak izaten dira, zaharrak. Altuak eta behealdea nahiko zikina dutenak. Pinu altuak ditu atsegin habia egiteko. Ez dauka pinudi handia izan beharrik. Askotan 20 pinu nahikoak izaten dira.

Esan behar da pinudi mota hau ez dela soilik miru gorriaren gustuko. Beste harrapari askok ere pinudi mota hauek aukeratzen dituzte habia egiteko garaian, adibidez, miru beltzak, arrano txikiak, zuhaitz belatzak, zapelatzak eta erroiak.

Ez dakit zergatik duten harrapariek pinudietan habia jartzeko joera hori baina izan daiteke hobeto gordetzen dutelako beraien altxorrik preziatuena.
Kontutan hartu behar da Gipuzkoako lurraren %80 esku pribatuan dagoela eta beraz pinudi hauek dagokien jabe pribatua daukatela. Bere garaian landatu zituzten gerora etekin ekonomikoak ateratzeko.




Egurraren sektorearen krisia dela eta pinudi asko zahartu egin dira eta 50/60 urte dituzte jadanik. Orain badirudi merkatua berriro berpiztu egin dela eta jabe horiek pinudi horiek botatzeko baimena eskatzen dute.

Puntu honetan sartzen da kudeaketa. Gure lurraldean protokolo bat ezarri zen 2016. urtean eta beraren arabera, miru gorriak habiak dituzten pinudiak babesten dira txitaldia bukatu bitartean.
Esan genezake protokolo hau nahiko aitzindaria dela eta Estatu mailaz gain, Europa mailan goraipatua.

Basozainok miru habiak dauden pinudiak lokalizatu behar ditugu eta informazio hau teknikariei pasa. Mozketa baimen bat iristen denean teknikariek badakite pinudi horretan habiarik dagoen edo ez. Habiarik balego, habia hori errespetatzen da umaldia bukatu arte. Guzti honek esfortzu handia eskatzen du basozain eta teknikarien aldetik baina merezi du. Urtero miru gorri txita asko salbatzen dira heriotza ziur batetatik. Bestela, pinudia botatzerakoan habia txikituko litzateke eta txitak hil edo arrautzak puskatuko lirateke.

Hemen, kontserbazioa eta ustiapena uztartzea posible denaren adibide bat. Kudeaketa egoki batekin galzorian dauden espezieak lagundu ditzazkegu. Segi dezagun horretan.

Harpidetu zaitez Txantxangorriko papereko alera, edizio digitaleko errepotaje guztiekin gehi errezetak, eskulanak, gure colaboratzaileen artikuluak eta gehiago! Egin klik hemen.


Jarrai gaitzazu sare sozialetan: (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu.




Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia