Goierriko balkoian Barbarimendin zehar

Zeraingo plaza, Goierriko balkoia. Argazkia: L.M. Núñez

Goierriko balkoian Barbarimendin zehar

Zeraindik Zegamara joango gara Goierriko balkoia zeharkatuz, bailara guztiaren ikuspegiaz gozatuz

Pentsamendu ugari sortzen dituen izen horren atzean Aizkorriren ikuspegi paregabea eskaintzen duen ibilbidea dago, Aizkopeko larreetatik. Bi herri elkartzen ditu, Zerain eta Zegama.

Zeraingo plazatik hasiko dugu ibilbidea, Mutiloa aldea jaisten den errepidea jarraituz. Hamar minutuan, herrigunetik atera eta eskubian Otatza auzorako sarrera ikusiko dugu eskuinean. Bertan ikusiko dugu ere Barbarirako seinalea.

Ordura arte bidea aldapan behera bada, aurrerantzean aldapan gora jarriko da, eta pixkanaka Barbarimendi auzorako igoera egingo dugu, baso artean eta Goierriko ikuspegi paregabeak tartekatuz.

Ordu bete inguruko ibilbidea eginda dugunean, Barbariaundi baserriaren ondotik igarotzean, errepidea beheratz hasiko da, Arakama errekarantzko jaitsieran. Beti bide nagusiari jarraituz, ordu erdi luzea beharko dugu erreka lehenengoz ikusi eta Arakamaazpikoa baserriaren ondotik pasa arte. Bere atzean dago Arakama errota.

Beheruntz jarraituko dugu eta, hamar minutu inguruan, Zegamarako bidegurutzera iritsiko gara, Ondarralde auzora. Bertatik, eskuinerantz segi eta bidegorritik hamar minutu inguruan iritsiko gara herriguneko lehen etxeetara.

Itzulera bide beretik egin dezakegu, edo, ibilbide zirkularra egin dezakegu, Ondarralde auzoko bidegurutzean aurrera jarraituz. Errepidearen ondotik hiru kilometro inguru ibili eta, bigarren biribilgunean, Zerainerako bidegurutzera iritsiko gara. Bertatik, ia ordu erdiko igoerarekin iritsiko gara plazara.




 

  • Iraupena: 2 o.
  • Zailtasuna: ertaina
  • Desnibela: 244 m.
  • Distantzia: 8,8 km.
  • Irteera: Zeraingo plaza

Inguruan

Zerain

Herria 1384 urteko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Santa Maria de la Asunta de Zerain edo Santa Maria de Basarte bezala, nahiz eta aurrehistoriako aztarna ugari ere aurkitu daitezkeen inguruan. Herriaren historia bertako meategien pareko izan da hein handi batean. 1512an jarri ziren martxan Aizpeako meategiak, XX. mendera arte ustiatu zirenak eta egun bisitagarri direnak. Gainera, herrigunean XVIII. mendeko kartzela ere badago ikusgai, ostatuan.

Jauregi baserria

Plazaren goiko aldean dago kokatuta Jauregi baserria, jatorrian dorretxea zena. Erdi Aroan eraikia, Zerain familia zen haren jabea. Hurrengo mendeetan hainbat eraldaketa jasan ditu, baserriaren estrukturan integratuta geratu delarik. Ur-putzuaren aurrean dauden hiru paretak dira dorretxearenak. Puntu erdiko atearen gainean armarria du. Atearen alde banatan ‘Agur Maria graziaz betea bedeinka gaitzazu’ idazkia du eta ondoan bere esanahia inork ez dakien ikurra dago: eguzki goibela ilargi laurdenaz besarkatua eta zortzi puntako lau izarrez inguratua.

 




Arakama Azpikoa errota

Arakama errekaren bazterrean kokatuta dago Arakama Azpikoa baserriaren errota. 1925ean eraiki zen eta errota baserritik metro batzuetara dago. Harlangaitzezko eraikina da eta ia 100 metroko kanalak ematen zion ur-emaria. Errotan gari eta arto aleak ehotzeko harria du oraindik. Gainera, berezitasun bezala, baserrirako energia sortzen zuten turbinaren indarrarekin.

Zegama

Zegamaren historia historiaurrean sortu zen eta horren erakusle dira Aizkorri mendilerroan aurkitu daitezkeen trikuharriak. Herriaren lehenengo aipamena 1384 urteko dokumentu batekoa da. Mendeetan, 1615 arte, Segurari lotua egon zen, herri izaera lortu zuen arte. Otzaurteko eta San Adriango pasabide naturalek herriaren izaeran zerikusia izan dute, mendeetan zehar bertatik igarotzen baitzen bai Santiago Bidea, baita Araba eta Nafarroarekin lotzen zuen merkataritza bide nagusia.

Txantxangorri aldizkaria etxean jaso nahi baduzu, erreportajeak online argitaratu aurretik, egin zaitez harpidedun hemen.


Erreportajea gustatu bazaizu, jarrai iezaguzu sareetan (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu.




Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia