Errepideen ekologiaz

Orkatzak baserri inguruetara gerturatzen dira janari bila. ··· Núñez

Errepideen ekologiaz

Urtero ehunka animalia hiltzen dira errepideetan harrapatuta

Josu Juaristi

Baso artean doan errepidean, zein autobideetan, noizbehinka animaliak ikustea ez da harritzekoa. Naturguneetatik igarotzen diren bideetan animalia basati ugari topatu daitezke. Batzuetan autoaren aurretik gurutzatuz, besteetan bertan hilik, lehenago igaro den norbaitek kolpatuta. Zer egin hau ekiditeko?

Mugikor batekin egindako urtebeteko argazki-kronika triste bat da hau. Hamabi hilabeteko istorioa, Gipuzkoako trantsizio zonaldean hartutakoa, Azpeitia eta Tolosa artean, Urrakitik igota.

Sarritan pasa arren, ez da urtebeteko zenbaketa zehatza, ez baita egunero egindako bidaien kontakizuna. Ez dira guztiak egongo, beraz. Bestalde, ibilgailuaren kolpea hartu ondoren basoan hilko zirenak ere izango ziren, seguru. Esate baterako, errepidea ozta-ozta eta herrenka zeharkatzen ikusi nuen okil beltz gazte zoragarri bat. Gainera, hemen ez daude ikusitako denak: eskinosoa, zozo arrunta eta azeria ez zeuden erakusteko moduan. Ezagutzeko moduan ere ez ia. Eta baziren beste urubi bat, bigarren katagorri bat, eta beste triku bat. Argazkietan jasotakoak inguru honetan naturak eskaintzen digun altxorraren lagin bat eskaintzen digu: erbiak, orkatza, katajineta, lepazuria, azkonarra, urubia…

Mendiko ibilbidea da hau. Berez, ez da azkar ibiltzeko moduko lekua, baina… Abiadurak zerikusi handia du harrapaketa hauetan, erreakzionatzeko denbora gutxitzen delako bapateko gurutzatzea suertatzen denean. Halakoetan, ezin bada erraz saihestu, ohiko neurriak kontuan izan behar dira, autoan doazenen eta parean suerta daitekeen beste ibilgailuren baten segurtasunerako: bolante kolperik ez eman, ahal bada aurretik frenatu baina ez kolpearen unean (batez ere animalia handia bada —orkatza edo basurdea, alegia—), ondo heldu bolanteari eta, esan bezala, ez eman bolante kolpe takarrik.





Baina, errepideen ekologiaz ari garela, galdera ondorengo hau izango litzateke: nola eta non eraiki beharko lirateke errepideak eta beste azpiegitura linealak? (trenbidea ere izan daiteke, jakina, edo, hegaztiei begira, linea elektrikoak edo eolikoak). Eta, nola hobetu edo egokitu daitezke eginda dauden azpiegiturak animaliak babesteko?

Ez tunelik, ez ekozubirik, ez tuneltxorik

Gaur egungo azpiegitura gehienak tranpa bihurtu dira basabereentzat. Jar dezagun, adibidez, erbien kasua. Inguru honetakoak aspaldi galdu ziren, baina, azken urteotan, dozenaka erbi askatu dira Ernioko hegoaldeko mendi-magalean (orain dela hilabete gutxi batzuk, azkeneko hogei, aldizkari honetako azaroko ale ederrean ikusi ahal izan genuen bezala), inguruan ugaldu daitezen. Eta poliki ari dira. Bertako mendialdea, basoak eta larreak egokiak dira erbientzat, eta ez da horrenbeste jende bizi goialde hauetan, baina, hala ere, Tolosaldera edota Urola bailaran barrena zabaltzeko, errepideak zeharkatu behar dituzte. Eta hemen ez dago ekoduktorik: ez tunelik (beraz, gainetik —menditik— arazorik gabe pasatzeko aukerarik ez), ez ekozubirik, ez errepide azpiko tuneltxorik.

Ekoduktoak beharrezkoak dira (faunaren ongizaterako, habitat baten jarraitutasunerako, populazioen konexio egokirako…), baina, agerikoa denez, ingurua naturaren ikuspuntutik zaindu gabe eta bere ekologia-kalitatea hobetu gabe, naturari toki gehiago eman edo utzi gabe, berbasatze prozesuak bultzatu gabe, ekoduktoek ez dute lotzeko edo konektatzeko inor edukiko.

Laguntza guzti hori gabe, ekodukto bat ez dela nahikoa, alegia. Irati Diez Virto zientzia-dibulgatzaileak ere ideia honetan sakontzen du ‘zientziakaiera.eus’ Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrak euskaraz argitaratzen duen hedabide digitalean idatzitako artikulua batean: «Hilkortasun datuen handitasuna aintzat hartuta, orain arte eraiki diren pasabideak ez dira nahikoa errepideen inpaktuari aurre egiteko». Animaliak iritsi egin behar du bertara, eta hori ahalbidetzeak denbora eta dirua eskatzen du, ikerketa lan handia egitea, eta asmatzea.

Ekozubia ‘kanal’ edo inbutu antzeko bat bihurtzeko teknikak egon badaude (pasatzeko puntu erabilienetan hesiak jarriz eta animalien mugimendua zubira bideratuz, interbentzio puntualak eginez naturan…), baina ez da lan erraza, eta horien eraginkortasuna neurtzea ere ez. Behin azpiegitura eginda, eta inguruko basabereen berri zehatz-mehatz jakinda, pasabideetan kontaketa zorrotzak egin beharko lirateke eraginkortasuna neurtzeko, errepideetan gertatutako egiazko hilkortasun-tasak ondo kalkulatu (azpiegitura egin aurretik eta ondoren), jaitsi ote diren jakiteko… Eta hori guztia zaila da, konplikatua eta garestia.

Groningeneko Unibertsitatearen ikerketa

Hala ere, ekozubiak, tuneltxoak, aukera bat dira. Eta hauen benetako eragina neurtzea nekeza baldin bada ere, leku batzuetan egin dute, eta inpaktua, xumea izan arren, positiboa izan dela ikusi dute. Groningen-eko Unibertsitateko Frans Sijtsma ikerlariak eta bere taldeak Herbehereetako ekozubien eraginkortasuna eta errentagarritasuna aztertu zuten 2020an. Espazio txikian errepide-sare ikaragarria dago Herbehereetan, eta animalien mesederako egindako interbentzioetan aitzindari dira. Emaitzak, beraz, adierazgarriak dira.

Laburbilduta, ikerketak animalia basatientzako eraikitako tunel handien eta trafikoarentzat eta animali basatientzat bientzat egindako zubibide partekatuen alde egiten du, eraginkorragoak direlako. Animalientzat bakarrik diren ekozubiak ez zituzten hain eragingarri (eta errentagarri) ikusi. Baina, edozein kasutan, ekozubien inpaktua positiboa dela ondorioztatu zuten (batez ere handiak badira), animalia basatien presentzia handitu egin zela ikusi zutelako.

Txantxangorri Aldizkaria

Ikerketak, esan bezala, eraginkortasuna (animalien mesedetan, alegia) eta errentagarritasuna (gizakiei kostatzen zaien diruan neurtuta) hartu zituen kontuan. Baina, zenbat balio du bioaniztasuna babesteak? Eta, batez ere, zenbat balio du ez babesteak? Zer dio horrek gutaz? Horrelako azpiegiturak «oparotasun garaian bakarrik sortutako kontuak» al dira? —Javier Rui-Wamba ingeniari gernikarrak aipatu bezala?—.

Horrelako azpiegitura edo pasabide bat egitea oso konplexua da. Faktore asko daude kontuan hartu behar direnak: ingurua bera, naturak duen espazioa, inguruaren ekologia-kalitatea hobetzeko ahaleginik egin den ala ez, gizakien presioa, animalien aldeko interbentzioak egiteko dagoen denbora eta aurrekontua (eta sentsibilitatea edo kontzientzia)…

Edozein kasutan, honetaz hitz egiteak eta gauzak egiten hasteak garrantzi handia du, aurrera egiteko eta hobetzeko ezinbesteko abiapuntu edo palanka delako. Kultura baten adierazle ere bada. Eta, gaur-gaurkoz, Europako erdialdeko eta iparraldeko herrialdeak, batzuk bederen, aurretik doaz, dezenteko aldearekin.

Ikuspuntu ‘positiboa’

Honek guztiak badu beste ikuspuntu bat, ikusgaitasun faktore bat. Ibilgailuek harrapatuta argazkiotan ikus ditzakezuen auzokide asko ez dira normalean ikusten eta, zenbaitetan, parean tokatzen zaizkigunean bakarrik ohartzen gara hor daudela, gure inguruan. Tristea da horrela enteratu behar izatea, baina, agian, baten bat sentsibilizatzeko ere balio dezake. Gaitzerdi horrela bada, batez ere (errepideen ekologiaz ari garela) bolantean jartzen garenean.

Hemen erakutsitako basabere batzuk nahiko erraz ikus ditzakegu, baina gehienak ezusteak dira, sorpresak, bristadak, opariak. Zaintzea merezi duen altxorra.




Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta