Erleen etorkizunari begira

Erle beltza

Erleen etorkizunari begira

Erbel elkarteak bertako erle beltzaren hazkuntza programa darama aurrera

Amaia Núñez Yarza

Erlea gure inguruan dugun animaliarik gutxien ulertuenetakoa da. Ekosistemarako duten garrantziaz eta gizakiarentzat eskaintzen dituen elikagaiez gain, gizarteak gutxi ezagutzen du intsektu hauen bizitza. Gure inguruan erle beltza da intsektu eztigile bakarra, eta berau sustatzeko helburuarekin Erbel Erle Beltzaren aldeko elkartea sortu zen duela bost urte. «2013an Gipuzkoako Erlezain elkartearen baitan sortu genuen taldetxo bat bertako erlearen selekzio moduko bat egiteko», azaltzen du Egoitz Galarza Erbel elkarteko lehendakariak. Lehenengo urteetan Europako Smart Bees (Erle bizkorrak) proiektuan parte hartu zuten. «Hor jaso genuen daukagun ezagutza, gauzak egin ahal izateko teknika ezberdinak eta lan egiteko modu ezberdinak». Ikasitakoarekin elkartea sortzea erabaki zuten, «ikusi genuenean gai ginela gauzak behar bezala egiteko».

Erle beltza Apis melífera espezieko azpifamilia bat da, iberiensis deritzona,Iberiar penintsula osoan zabalduta dagoelako, baita Kanariar zein Balear irletan. Erle eztigileak Europa guztian zeuden zabalduta, azpi-familia edo arraza ezberdinekin gutxi gora-behera estatu bakoitzean. «Mendilerroek muga egiten zuten eta herrialde bakoitzean berea zegoen», azaltzen du Galartzak.
Mehatxu ugari dira erle beltzak aurre gin behar diotenak. Garai batean barroa izeneko bizkarroia sartu zenetik, honen aurkako sendagaia jartzen dute erlezainek, baina azken urteetan beste mehatxu batzuk ere sortu dira. Alde batetik, liztor asiatikoa eta, bestetik, atzerriko beste erle eztigileen presentzia. Horregatik, Erbel Elkarteak erlearen hazkuntza programa jarri zuen martxan eta hori aurrera eramateko sistema propioa asmatu dute. «Bertako erleak baliatuz erlezainentzako erlerik egokienak edo hautatzen ditugu: produkzio gehiena dutenak, mantsotasun handiena dutenak edo gaixotasunei erresistentzia diotenak. Horrelako ezaugarriak begiratzen ditugu», argitzen du.

Aukeraketa hori egiteko ardiak eta behiak bezalako beste ganaduarekin egiten den hautaketa programaren antzeko programa burutzen dute. «Erleengan eragin handia du ingurumenak: landaretzak, eguraldiak, erlezainak ere bai…». Faktore horiek guztiak kontuan hartuta «zaila da esatea zein erregina den onena». Horregatik faktore genetikoari garrantzi handiagoa ematen diote ikerketetan.

Mota honetako ikerketa aurrera eramateko ezaugarri bereziak dituzten erreginak aukeratzen dituzte. «Kapazak gara erregina bakoitzetik erregin-alaba gehiago egiteko. Hori erlezaintzan ohikoa da». Horrela, gene horiek dituzten launaka ahizpa ateratzen dituzte, eta bakoitza elkarteko kide diren erlezainei ematen zaie, bakoitzak hiru familia desberdin jasotzen ditu. «Berrogei egunetara erregina horiek beraien erlauntza osatuta izaten dute» eta leku ezberdinetan gene berdinak dituzten erlauntzen emaitzak alderatu ditzakete.

Erlezain bakoitzak jasotzen dituen datuak erabiliz, Alemaniako erle-institutu batean balio genetiko bat ematen diote erregina bakoitzari eta horren arabera aukeratzen dituzte egokienak. «Urtero 300-350 erregina banatzen ditugu bazkideen artean. Hortik hogei hoberenak aukeratzen ditugu. Hauek ugaltzen dira eta handik bi urtera, berriz banatzen ditugu beste 350 erregina». Gaur egun berrogeita hamar bazkide inguru dira Erbel elkartean.


Hala ere, erreginak ugaltzerakoan ere beste erronka bat zuten aurretik: beraiek nahi zuten erlamandoekin gurutzatzea, hau da «animaliarik hoberenak elkarrekin gurutzatzeaz». Erleen kasuan «nahiko zaila da, ugalketa airean gertatzen delako, ez erlauntza barruan eta erlauntzatik lau edo bost kilometrotara». Horretarako, sistema propio bat sortu dute: Ataungo bailara «erleentzako oso erakargarria ez dena», beraiek aukeratutako erlamandoak askatzen dituzte, baita erreginak ere. Horrela, «estalketaren kontrol nahiko altua lortu dugu, %70ekoa». Hau EHU-ko genetika sailarekin elkarlanean egin dute azken urteetan. «Aitzindariak gara horrelako gauzetan eta poza berezi bat ematen du gauzak ondo ateratzen direnean», aitortzen du Galartzak.

Izan ere, bertako erleen arteko nahasketaz gain, gaur egun kanpoko erle eztigileen nahasketaren mehatxua ere badute. Garai batean mendilerro altuek erleak geografikoki banatu bazituzten ere, duela mende inguru lerro horiek desagertzen hasi ziren. «Erlezainak erleak mugitzen hasi ziren, interesen arabera», gaur egun transhumantzia egiten den bezala, leku hobeen bila. Baina horrek erle ezberdinen arteko nahasketa ere ekarri zuen, «naturan gertatuko ez liratekeen gurutzaketak suertatuz». Horri azken urteetan handitu egin da eta «ohiko» bihurtu da kanpoko arrazak ekartzea eta probatzea. «Italian badago erle hori bat eta erregina ekartzen baduzu, erle guztiak horiak izango dira. Gure erreginekin gurutzatzen badira, hortik erle hibridoa aterako da. Arraza galtzen duzu. Gero eta arazo handiagoa bihurtzen ari da. Zenbait lekutan bertako azpiespeziea galdu dute», azaltzen du. «Alemanian guztiz ordezkatuta dago, Belgika eta Danimarkan ere bai… Europan ia dena galduta dago».

Atzerriko erleak hemen nahi diren ezaugarriak izaten dituzte, baina hibridazio horiek beti ez dira onerako izaten. Normalean, «hortik sortzen denak ezaugarri on guztiak galtzen ditu eta bihurtzen da denak baino erasokorrakoa, zailagoa… ezin da kontrolatu». Horregatik, «oraintxe bertan kanpaina batean gaude horretarako, legedi bat ezartzeko babesteko bertako erlea eta galarazteko hibridazioak eta kanpoko erleen sarrerak». Izan ere, erle beltza da «bertako baldintzetara egokitua dagoelako hoberena».



Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia
Gruas y Transportes Urbieta