Oilagorra, gaueko dama

Xarra oilagorra-argazkia Aitor Galdos

Oilagorra, gaueko dama

Basozain talde batek hamabost urte daramatza oilagorrak eraztuntzen, neguan gauez bete beharreko lanean

Mikel Olano, basozaina

Miresmena sortzen duen hegaztirik bada, hori oilagorra (Scolopax rusticola) da. Batik bat ehiztarien artean, baina baita gizartean orokorrean ere. Hegazti oso berezia, limikoloen taldekoa. Azpimarratzekoak bere moko luzea, kolore kriptikoa (basoan ezkutatzeko), bere begi beltz handiak. Hegazti sendoa, 300 gramotik gorako pisua hartzen du. Hegaldi bizkorrekoa.

Bere itxuratik aparte, bere bizi ohiturak ere oso bereziak dira. Egunez basoan ezkutatzen da eta ilunabarrean inguruko belardietara irteten da bazkatzera. Horretarako bere moko luzea erabiltzen du. Berau lurrean sartu eta zizareak eta antzekoak harrapatu eta jaten ditu.

Espainia mailan kumagile moduan eskasa, penintsularen iparraldean batik bat. Gurean erreprodukzioaren zitak anekdotikoak dira. Europa iparraldea, Errusia, Bielorrusia, Finlandia eta inguruko herrialdetan ugaltzen da batik bat. Habia lurrean egiten du.

Negu partean hotza dela eta nekeza egiten zaio ugaldu den lurraldeetan jarraitzea janaririk ezin duelako topatu. Orduan behealdera migratzen du bizileku errazagoen bila. Gurean, ehiztariek, aurreneko oilagorrak urriaren erdi aldera botatzen dituzte. Batzuk gau gutxi egin ondoren beherantz jarraitzen dute baina populazioaren zati bat bertan gelditzen da negua igaro eta berriro ugaltzeko lurraldeetara abiatu arte. Azkenak martxoaren 24/25 aldera ikusi ditzakegu. Beraz gure baso eta belardiak erabiltzen dituzte negu osoan.

Aipatzekoa da gurera ailegatzen direnean nahiko pisu baxuarekin ailegatzen direla eta alde egiterakoan aldiz askoz astunagoak egoten direla.

Foru Aldundiko basozain talde batek, 5 basozainek zehazki, oilagorren harrapaketa eta eraztunketari ekin zion 2009-2010 denboraldian eta horretan dihardu oraindik ere. 15 denboraldi daramatzate lantegi horretan. Lantegi berezi bezain zaila. Gaua, hotza, euria…. Urte guzti hauetan zehar 1.725 oilagor eraztundu dituzte. Bada zerbait. Urriaren bukaera edo azaroaren hasieran harrapatzen dituzte aurrenekoak eta harrapaketek martxoaren azken astera arte irauten dute.

Behin harrapatutakoan, pisua eta hegalaren neurriak hartzen dizkiote eta gaztea edo heldua den begiratu. Gaztea, urteko hegaztiari deitzen zaio. Lanketa hori egin ondoren eraztuna jartzen zaio hanketako batean. Eraztuna Aranzadi zientzia elkartekoa da. Segidan askatu egiten da. Eraztunketa honek datu ugari emango dizkigu eraztuna berreskuratutakoan. Non hil duten, zenbat denbora pasatu den eraztundu zenetik, heriotzaren kausa eta abar.

Pisuari dagokionez 310 gramoko media ateratzen da 15 urtetan egindako laginketetan. Gurera iristen direnean nahiko argal egoten dira, migrazioaren nekea dela eta. Aldiz, ugaltzen diren lurraldetara abiatzeko orduan (Europa iparraldea batik bat) dezente astunagoak egoten dira.

Eraztuntzen diren %70 gutxi gora behera urteko gazteak izaten dira. Hau da, Europa iparraldea, Errusia eta inguruetan urte berean jaiotako aleak. Ale bati gpsa jarri zitzaion martxoaren bukaera aldera. Berehala abiatu zuen iparralderako bidaia eta Karelia, Mosku ingurura ailegatu zen.




Eraztunen berreskurapenari dagokionez, esan nahiko denbora laburrean eraztunen laurdena berreskuratzen dela. Hau da, hegaztien laurdena ehiztariak nahiko denbora laburrean akabatzen dituzte eraztundutako inguruetan.

Bada kasu berezi eta esanguratsu bat. ‘Xarra’ izeneko oilagorra 2011/11/10ean eraztundu zen eta 2017ko Martxoaren 3an berriz zelai berdinean harrapatua izan zen 6 urte igaro ondoren. Sasoiko gainera, 385 gramorekin. Miraria dirudi hainbeste urtetan bizirik irautea eta bi alditan zelai berdinean harrapatu izana. Dudarik gabe ez ohiko kasua, gehiengoa aurreneko urtean ehizatzen baita. Lehendabizi harrapatua berriz ‘Elordi’ izenekoa. 2009-2010eko denboraldian zehar harrapatua.

Basozain hauen lanari esker oilagorrari buruzko datu piloa dugu. Fenologia, estruktura, zenbat ehizatzen diren, adinak… informazio ugari espeziea kudeatzeko garaian baliagarriak izan daitezkeenak.

Oilagorra espezie ehizagarria da. Hau da, ez dago babestuta. Bere populazioari dagokionez ez dago datu oso zehatzik. Ikerketa gehiago behar dira diagnosi fidagarri bat izate aldera. Presio handia jasaten duen espeziea da. Ehiztarientzat oso desiratua, desiratuena ez bada. Zakurrarekin ibilian soilik ehizatu daiteke. Ezin da ehizatu postuetatik. Gipuzkoan eguneko hiruko kupoa dago ezarrita ehiztari bakoitzarentzako. Hau da, behin 3 ehizatutakoan eskopeta deskargatu eta zorrora.

Bada ohitura bat gurean guztiz ilegala dena. Garai batean nahiko ohikoa zena baina gaur egun ‘miserable’ batzuk soilik burutzen dutena. ‘Espera’, ‘Xeleta’, ‘islaa’ izenekoa. Oilagorrari ilunabarrean itxaroten zaio basotik atera eta belardira bazkatzera doan bitartean tirokatzeko. Edo berdin egunsentian, belarditik altxa eta basora gordetzera doanean. Momentu horretan oso zaurgarria da eta erraza botatzen. Zorionez gutxi batzuk bakarrik izaten dira horrela ibiltzen direnak. Normalean ehiztariek beraiek ematen digute kasu hauen berri eta ez da txantxetarako kontua, isunak oso handiak dira eta gainera ehizatzeko baimena erretiratzen da.

Hotzaldi handiak izaten direnean (elurte edo izozte luzeak) Europa nahiz penintsulako hegaztiak gure kostaldera hurbiltzen dira bertan babesteko. Eguraldia epelagoa izaten da eta janaria bilatzea errazagoa izaten dute. Orduan oilagor eta beste antzeko hegaztien kopuru handiak ikus daitezke gure inguruetan. Horrelakoetan normalean ehiza itxi egiten da (‘días de fortuna’ izenekoak). Hegaztiak ahulduta eta goseak egoten dira eta beraiek ehizatzea oso erraza bihurtzen da. Egon ezin handia sortzen da hainbeste hegazti etxe ondoan ikusitakoan eta eskopetero batzuk tentazioan erortzen dira. Larrutik ordaintzen dute harrapatzen ditugunean.

Mehatxuei dagokionez zalantzarik gabe handiena bere bizi lekuen (habitat) galera da. Gurean ditugun baso eta landazabalak zaindu behar ditugu urtero negu partean gurera etor daitezen. Bertan gorde eta bazka dezaten. Bestalde ehizaren presioa ere kontutan hartu beharrekoa da. Gehiegizko ehizak ekar dezake beraien populazioaren gain behera. Denon ardura da hegazti hau zaintzea.
Hasieran esan dudan bezala hegazti miresgarria da. Ilunabarrean belardira nola jaisten den ikustea espektakulu ederra eta bakarra da. Gerora ere segi dezagula hegazti zoragarri honek eskaintzen dizkigun hegaldiez gozatzen, ilunabarrean hontzen uluak entzuten diren bitartean.

Txantxangorri aldizkaria etxean jaso nahi baduzu, erreportajeak online argitaratu aurretik, egin zaitez harpidedun hemen.


Erreportajea gustatu bazaizu, jarrai iezaguzu sareetan (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu.




Idatzi zure iritzia

Cristaleria Añorga Txiki
Arretxe lorategia