Kirolari loturako bizitza

Enrike Gomez

Kirolari loturako bizitza

Enrike Gomez kirol munduan aritu da betidanik, eta belaunaldi askoren igeriketa irakasle izan da

Agurtzane Núñez Yarza

Leitzarra jaiotzez, 16 urterekin iritsi zen Tolosara Enrike Gomez Urdina Txiki futbol taldean jokatzeko. Ordutik, lau hamarkadatik gora igaro dira eta urte horietan guztietan Tolosan jarraitu du, lehenengo Samaniego eskolako gimnasia irakasle eta ondoren udal kiroldegiko gimnasia zein igeriketa irakasle bezala.

Kirol ugaritan ibili izan da gaztetatik, baina batez ere Tolosaldeko hainbat gazte belaunaldiren igeriketa irakasleetako bat izateagatik da ezaguna, hasieran Igarondo igerilekuan, eta egun Usabal Kiroldegian. «Hasiera batean klaseak ez ziren derrigorrezkoak, eskolen ondoren izaten ziren, bostetatik aurrera, eta horregatik ez ziren haur guztiak etortzen», gogoratzen du. Helburua, jokoen bitartez haurrek urari beldurra kentzea zen, «errespetua beti izan behar zaio, baina, behintzat arrotza ez egitea».

Gaur egun ere, igeriketa irakasle izaten jarraitzen du. «Haurrak betidanik gustatu izan zaizkit eta oso pozgarria da nola ikasten doazen ikustea. Hiru urterekin igerilekura ia jaitsi ezin direla ikusten dituzu, eta ondoan, adibidez, Espainiako txapelketarako entrenatzen ari direnak eta zurekin ikasi dutenak, oso polita da», azaltzen du Gomezek.

Haurrez eta gazteez gain, iktusak emandako helduen talde bat ere badago kiroldegian, errehabilitazioa egiteko. «Izaten duten garapena asko nabaritzen da, hasieran agian besoa ia ezin mugitu daude eta gero errazago mugitzen dute. Udan etortzen ez diren hilabeteetan ere nabaritzen da, irailean gogortuagoak izaten dituzte muskuluak».

Kirol askotan

Enrike Gomez eta bere anaia Ibarrako Pala Txapelketan txapeldunorde 1995anBaina igeriketaz gain, kirol irakasle eta entrena-tzaile ere izana da. «Hasieran, Tolosako udalak Samaniego eskolan ginmasia irakasle izateko kontratatu ninduen. Orduan tolosar gutxi ziren han, gehienak inguruko herrietako ikasleak ziren», azaltzen du. Hala ere, irakasle izateaz haratago kirol-talde bat sortu nahi izan zuen, eta horrela, «boleibol talde bat sortu nuen. Alkizako, Berastegiko, Lizartzako ikasleak zeuden. Egunero bazkalondoren entrenatzen genuen, eta eskola bukatutakoan berriro», gogoratzen du. «Gero, nire autoa hartu eta banan-banan bakoitza bere etxera eramaten nuen».

Boleibol talde bakarra zegoen garai hartan Tolosan, Eskolapioen ikastetxekoa, baina esfortzuak merezi izan zuen eta beraiei irabaztea lortu zuten, Tolosako txapeldun izendatuz. «Gipuzkoako txapeldun izan ginen, eta bi urtez Euskadiko txapeldun», oroitzen du. Hala ere, hirugarren urtetik aurrera eskolan irakasle izateari utzi zion Igarondo igerilekura eta Berazubiko kiroldegira igaro zenean, eta han amaitu zen taldea, «irakasle berriak ez zuen taldearekin jarraitu, baina garaipenak eskolarentzako geratzen dira. Polita izan zen izena txapelketatan erakustea».

Hala ere, urte batzuk beranduago, 1983an, beste esperientzia ahaztezin bat izateko aukera izan zuen. «Errealak Montrealgo futbol-txapelketa batean parte hartzeko gonbidapena jaso zuen, eta gazteen mailako talderik ez zuenez, gonbidapena pasa zigun», gogoratzen du. «Tolosako eskola guztietako gazteak zeuden, Elduakoak, Hernialdekoak, Gaztelukoak, Leaburukoak… Realak autobusa eta guzti utzi zigun. Bost eguneko txapelketa izan zen, eta finalera iritsi ginen. Galdu egin genuen, baina esperientzia polita izan zen jokalarien-tzako». Futbola ez zuen utzi, izan ere duela sei urtera arte Tolosako alebinen entrenatzaile ere izan zen.

Irakasle izateaz gain, gaztetatik parte hartu izan du kirol ezberdinetan. Tolosatik Lasarteko Michelin hirugarren mailako taldera igaro zen, eta taldea desagertu zenean, berriro Tolosara itzuli zen. Gainera, pilota-jokalari ere izana da. «Jubenil mailan Nafarroa ordezkatzen txapelketa batzuetan parte hartu nuen larruzko paletan eta pala motzean. Gero, herriarteko txapelketatan ibili nintzen Guillermo anaiarekin».

Idatzi zure iritzia

Zurriola correduria de seguros
CDI Informatika
Tolosa motor
Dentieder hortz klinika
Gruas y Transportes Urbieta