Jose Mari Urbizu: «Edozer gauzatan ibiltzeko disziplina behar da»
Jose Mari Urbizuk txingatako hainbat txapelketa irabazi zituen hamabi urtez
Kasualitate hutsez hasi zen Jose Mari Urbizu txingekin. Ordurako bazituen ia 40 urte, nahiz eta edozein kiroletan hasteko berandu dela esango luke askok. «Otzaurteko eliza inauguratu zenean, 1979an, San Lorentzo egun inguruan, lau lagun etorri ziren txingekin erakustaldia egitera. Han ikusi nituen lehenengoz», gogoratzen du. «Esan nien ‘nik ere altxako nituzke’, eta erantzun zidaten, ‘50 kilo pisatzen du bakoitzak’», baina horrek ez zuen atzera bota.
Aste batzuk beranduago, San Bartolome jaietan txinga proba jarri zuten Zegaman, eta hor izan zuen bere burua probatzeko lehen aukera. «Hemezortzi bat lagun atera ginen eta bigarren egin nuen», dio, aldi berean zehaztuz «baina deskuido txiki bat egin nuen. Galdetu nien ‘nola eusten zaie?’, eta ‘behatz haundia pixka bat barrura sartuta’ esan zidaten. Baina pixka bat molestatzen hasi zitzaidan, behatza mugitu eta txingak goitik-behera hasi ziren. Gora jo nion, baino orduan eta beherago».
Txinga proben harra piztu zitzaion orduan, bigarren postuan geratu izanaren arantzarekin. «Penarekin geratu nintzen eta ea leku gehiagotan egiten zen galdetu nien. Baietz esan zidaten, abixatuko zidatela hurrengorako».
Bi kopa
Horrela, hilabete batzutara Zumaian izango zela jakin zuen. «Bi sari zeuden, bat irabazlearentzako eta bestea 40 urtetik gorako lehenengoarentzako. Hemeretzi lagun atera ginen, neska bat. Ni laugarrena nintzen, nerea egin eta tabernara joan nintzen pintxo bat jatera. Han nengoela batera batek esan zidan ‘Bi kopa irabazi dituzu’, ni harrituta, ‘gazteek ere ez dute zure markarik egin’, esan zidan. Gainera, orduan jakin nuen Gipuzkoako txapelketa zela», azaltzen du.
Orduan, ia jakin gabe, hamabi urte iraun zuen ibilbide oparoa hasi zuen. Txapelketaz gain erakustaldi ugari eskainitakoa da herriz herri. «Tuteran, Iruñan, Bilbon, Arraten, Seguran, Zumaian urte batean hiru aldiz egon nintzen…», oroitzen du Jose Mari Urbizuk.
Japoniara joateko aukera ere izan zuen Kortezubiko alkate zen Jose Antonio Bastegieta ‘Marko’ ospetsuak hara bidaia antolatzekotan ibili baitzen «hemengo jende indartsua erakutsi nahian. Ni Japoniara ez nintzela joango esan nion, hemen nahiko lan nuen txingak altxatzen, eta horrelako bidaia bat eginda…». Horrela, azkenean ‘Marko’k Bilboko La Casillan antolatu zuen erakustaldia Japoniako telebistarentzako.
Ordurako 100 kiloko txingekin ere aritzen zen erakustaldiak egiten, eta bi neurriekin aritu zen. «100 kilokoekin hiru plaza inguru egiten nituen. La Casillan zenbat egin nuen galdetu nien, 98 metro», azpimarratzen du. Berrogeita hamar kilokoekin, berriz, 32 plazatan dauka marka. «Bata Laukizen lortu nuen, Euskadiko txapelketa zen, eta beste batean Donezteben, zazpi probintziatako txapelketan». Plaza edo untze bakoitzak 28 metro ditu txinga-eramate probetan.
Oraindik gogoan du 100 kilokoekin lehenengo proba egin zuenekoa. «Mutrikuko bat ibiltzen zen, Luis Elorza. Orion sanmartinetan erakustaldia egin zuen eta 100 kilokoarekin egiteko esan ziguten. Nik baiezkoa eman nien, baina lehenengo 50ekoekin arituko nintzela, inoiz altxa gabe bainituen ehunekoak. Horrela egin genuen, eta 100ekoekin bigarren geratu nintzen, bi metro baino gutxiagorengatik. Alderantziz egin izan banu, irabazi egingo nuke, oraindik ondo rekuperatu gabe nengoelako».
Entrenamenduak etxean
Asteburu askotan txapelketak zein erakustaldiak bazituen ere, etxe ondoan entrenatzen zuela aitortzen du, oraindik ere etxean dituen txingekin. «Horretan eta edozer gauzatan ibiltzeko disziplina behar da. Gauzak norberak egin behar ditu, entrenamenduak, mendian ibili…», dio. Hala ere, aitortzen du ez zuela entrenatzeko denbora gehiegi. «Aristrainen, orain Arcelor denean, lan egin nuen 47 urtez, eta beste lau aurretik paper-fabrikan, egunean igual 16 orduz, txingei kasorik egin gabe. Ni ez nintzen horretatik bizi-eta. Erakustaldietan ematen zidatenarekin afari-lege bat egiten nuen hantxe emaztearekin eta hor bukatzen ziren nere kapritxoak».
Jatekoa zaintzen zuen, hala ere. Jose Mari Urbizuk gogoratzen du nola «behin Perurenari eta Mendizabali galdetu nien ea zer jaten zuten beraiek. Oso ondo zekiten esplikatzen. Esan zidaten ‘Txuletak dauka fama, baino txuletak baino indar gehiago ematen duen gauza asko dago’. ‘Zer?’ esan nien, ‘gibelak eta tripakiak’. Perurenak esan zidan berak bi harri-jasotze erakustaldi zituen egunean gibela jaten zuela, baita soja. Hidrato de carbono asko ditu. Nik soja ez, baina ilarrak jaten nituen, baratzan jartzen genituelako. Indar asko ematen dute ere».
Hala ere, berarentzako okerrena plazetan jendearen gertutasuna zen. «Berrogei urterako nik alkohola utzita nuen eta han plazan, bazkalondoren jendea edanda eta erretzen, asko sufritzen nuen. Orduan gehienek erretzen zuten, eta hain gertu zeuden kea aurpegira botatzen zidatela, hori zen okerrena niretzako», azpimarratzen du.
Bartzelonako Olinpiar Jokoetan bukatu zuen bere ibilbiea. «Ordurako 100 kilokoekin rekuperatzea asko kostatzen zitzaidan, eta 50ekoekin hurrengo egunean ere nabaritzen nuen esfortzua. Olinpiada kulturalak egin zituzten, Espainiako probintzia guztietakoak gonbidatu gintuzten bakoitzak bere kiroletan aritzeko, eta Euskal Herritik herri kirol guztietakoak joan ginen. Han 50 eta 100 kilokoekin irabazi nuen, eta uztea erabaki nuen».
Txantxangorri aldizkaria etxean jaso nahi baduzu, erreportajeak online argitaratu aurretik, egin zaitez harpidedun hemen.
Erreportajea gustatu bazaizu, jarrai iezaguzu sareetan (X, Facebook eta Instagram) gure edukiez gozatzeko. Gainera, proposamen edo iradokizunen bat helarazi nahi badiguzu, txantxangorri@txantxangorri.info helbidera idatz diezagukezu. |